Erdibidean, txukun

Zuazo eta Kukullaga denboraldi hasierako helburua betetzen ari dira: jaitsiera postuetatik kanpo iritsi dira Espainiako Ohorezko Mailako etenaldira. Hala ere, lehian jarraitu behar dute, partida asko falta direlako.

Juan Carlos Solar, Zuazoko entrenatzailea. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Olaia Juaristi.
2013ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Etenda dago eskubaloiko Espainiako Ohorezko Maila, eta Bera Bera Donostiako taldea iritsi da lehen postuan etenaldi horretara. Beste bi euskal taldeak, Kukullaga eta Zuazo, liga hasieran uste zuten baino emaitza hobeak lortuta iritsi dira. Gutxienez mailari eustea da bien helburua, eta, oraingoz, ari dira helburua betetzen. Lehen hamar partidak jokatuta, Zuazo zazpigarrena dago sailkapenean, bederatzi punturekin. Bi koska beherago eta bi puntu gutxiagorekin dago Kukullaga. Nahiko urrun dituzte jaitsiera postuak, bost eta hiru puntura hurrenez hurren. Hala ere, Bizkaiko bi taldeek lan asko dute egiteko oraindik, hamasei partida falta baitira liga amaitzeko.

Zuazoko entrenatzaile Juan Carlos Solarrek argi dauka: gorabehera gehiegi izan dituzte. «Partida batean zati on bat jokatzen dugu, baina ondoren hainbat minutu joka ditzakegu gaizki». Hala ere, nahiko txukun ari dira, eta Espainiako Kopara begira jarrita daude. «Kopan sartzea da orain helburua, baina ez da erraza izango; datozen hiru partidetako bat irabaztera behartuta gaude, eta ez dira aurkari errazak».

Taldeak bost fitxaketa egin zituen sasoi honetarako. Entrenatzaileak aitortu du «gehiago» espero duela taldearen aldetik. «Ez nuke jokalari bat azpimarratuko, guztiengandik espero dut gehiago. Nika Fernandez atezainak ezustean harrapatu nau; harritu egin nau. Leonen aurkako partidan erakustaldia eman zuen azken hamabost minutuetan, eta hari esker lortu genituen bi puntuak». Ilunaldia ere pasatu behar izan du, ordea, taldeak. Jessica Bonillak zuntz haustura dauka, eta ezin izan ditu jokatu azken partidak. «Oreka handia ematen digu, eta guretzat oso jokalari garrantzitsua da».

Entrenatzaileak azpimarratu du ligako momentu onena Bera Berarenaurka etxean jokatutako partida izan zela. «Galdu egin genuen, baina oso gustura gelditu ginen gure lanarekin». Momenturik txarrena, berriz, Ro'Casaren pistan pasatutakoa. «Nire kirol ibilbideko lehen zatirik txarrena izan zen. Errendimendu penagarria erakutsi genuen. Egia da baldintza txarretan aritu ginela;denboraz larri ibili ginen iristeko, eta hamar jokalarirekin bidaiatu genuen dirua aurrezteko».

Solarren iritziz, egunez egun hobetu behar du taldeak. «Gutxieneko helburua mantentzea izango da, baina talde guztiekin lehiatu eta irabazten saiatuko gara; eta ez badugu irabazten, gerra behintzat eman diezaiegula». Taldea seigarren postuan sailkatzeko aukera dagoela ikusten du Solarrek, seigarren sailkatzen denaren eta jaitsiera postuetatik salbatzen denaren arteko puntu kopuruen diferentzia oso txikia izango dela uste baitu. «Bat edo bi golengatik ari dira erabakitzen partida asko, edozein edozeini irabazteko gai da, eta liderrari berari gerra emateko aukera ere badagoela esango nuke».

Asko dute hobetzeko

Antzeko egoeran dago Kukullaga. Lydia Montesentrenatzaileak uste du «errealistak» izan behar dutela eta balioa eman behar diotela lortutako puntu bakoitzari. «Mailan jarraitzea da gure helburu nagusia, eta behin hori ziurtatuta, ahalik eta postu gorenenean egotea. Badakigu zaila izango dela, partida bakoitza final bat bezala izango dela eta ezin garela lasaitu».

Montesek argi dauka «asko» dutela hobetzeko. Iazko liga amaieran baino gutxiago sufritzea espero du , baina garbi dauka lehia estua egongo dela. «Partida bakoitza izango da garrantzitsua; edozeinek irabaz lezake. Azkenean, orekatua den taldeak eta zorte apur batek laguntzen dionak irabaziko du». Taldea ilusio eta gogo handiarekin ikusten du, eta gogoratu du mailari eustea dela helburua, jokalari guztiei jokatzeko aukera emateko. «Harrobiko lau jokalari sartu ditugu, eta, aldaketa handia izan arren, gauza onak erakusten ari dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.