Bi talde, eta garaikur bakarra. Boston edo Dallas. Celtics edo Mavericks. Jayson Tatum edo Luka Doncic. Gaur iluntzean hasiko dira jokatzen NBAko finala (02:30, Movistar). Boston Celticsen eta Dallas Mavericksen ariko dira. Talde batek bakarrik jantziko du NBAko eraztun preziatua, eta, irabazten duenak irabazten duela, aspaldiko partez lortuko du. Bostonen, Kristaps Porzings osatu egin da, kanporaketetan min hartuta egon ostean. Dallasen, berriz, Doncic belauna bihurrituta jokatzen ari da.
Dallasek 2011tik darama NBA irabazi gabe; konferentziaren historian irabazi duen bakarra da. Geroztik ez du final bat bera ere jokatu. Bostonek gehiagotan dastatu du loria. Hura da, Los Angeles Lakersekin batera, NBAko eraztun gehien duen frankizia: hamazazpi dituzte biek ala biek. Hala ere, Dallasek baino urte gehiago daramatza Bostonek eraztuna lortu gabe. 60ko eta 80ko hamarkadetan ez zen haien parekorik egon, baina hogei urte behar izan zituen 2008an NBA berriro irabazteko. Hamasei urte igaro dira ordutik, eta bidean bi final galdu ditu. Orain du beste eraztun bat lortzeko aukera.
Izena eta izana
Celtics izan da denboraldiko talderik erregularrena. Aldaketa ugari egin zituen joan den udan, bere ahultasunak murrizteko helburuarekin. Helburua bete du. Besteak beste, Jrue Holiday eta Porzingis iritsi ziren, eta Marcus Smart eta Robert Williams joan ziren, frankizian urte mordoa zeramatzaten jokalariak. On egin die aldaketak. Izan ere, 64 partida irabazi zituen ligan, kopururik handiena LeBron Jamesen Miami Heatek 2012-2013ko sasoian 66 lortu zituenetik. Eta ez hori bakarrik, aurtengo Celticsek azken urteetako erasorik onena izatea lortu du; 123,2 puntu sartu ditu 100 jabetza bakoitzeko; Indiana Pacersek, berriz, 121 sartu ditu. NBAren azken 50 urteetan ez du inork 120 puntuen langa gainditu.
Tatum da hirustaren taldearen izarra. Jaylen Brownen laguntzarekin batera, bien artean eraman dute TD Gardeneko frankizia NBAko finaletara azken hiru urteetan bigarrenez. Tatumek 27 puntu sartu ditu batez beste, eta Brownek, 23. Denboraldiko sasoirik onenetarikoan dago Boston, kanporaketetan bi partida soilik galdu baititu. Tatum eta Brown helburu argi batekin iritsiko dira finalera: Kevin Garnetten, Rajon Rondoren, Ray Allenen, Paul Pierceren eta enparauen oinordekoak izatea.
Finalei aurre egiteko, Porzingisen laguntza izango dute. Pibota udan iritsi zen, eta, saskipean zein saskitik urrun jokatzeko daukan gaitasunarekin, garrantzitsua izan da Joe Mazzulla teknikariarentzat. Hilabete darama jokatu gabe, Miamiren aurkako lehen kanporaketan min hartu zuenetik. Baina prest izango da finaletako lehen partida jokatzeko.
Ezusteko hautagaia
Doncic da izarra Dallasen. Taldeak 2011n eraztuna eskuratu zuenean Dirk Nowitzki alemaniarra zen taldearen liderra, eta Europako beste jokalari batek hartu du haren lekukoa, Doncic esloveniarra baita. Doncic NBAko jokalari onenetako bat bilakatu da 2018an ligara iritsi zenetik. 19 urte zituen, baina ordurako esperientzia handiko jokalaria zen; Euroliga bat —jokalari onen izendatu zuten—, hiru ACB liga eta bi Espainiako Kopa irabazi zituen Real Madrilekin, eta Europako Txapelketa bat Esloveniarekin. NBAra Iritsi zenetik, sasoi bikainak egin ditu, baina denboraldi honetan harago joan da: 33,9 puntu sartu, 9,2 errebote jaso, eta 9,8 asistentzia banatu ditu partidako.
Esloveniako oilarrak dauka aginte makila taldean, baina belauna bihurritua dauka, eta bere burua behartzen ari da jokatzeko. Hala ere, hari laguntzeko prest dago aspaldiko Kyrie Irving onena: 25,6 puntu sartu ditu partidako. Azken urteetan noraezean aritu ostean, antolatzaileak ekosistema egokia topatu du Dallasen bere jokoa egiteko. Hark eta esloveniarrak bikote gogorra osatzen dute.
Ezin ahaztu Jason Kidd teknikariaren lana. Dallasek NBA irabazi zuenean, taldeko jokalaria zen, izarretako bat. Eta jokalari moduan lortutakoa teknikari moduan lortu nahi du. Talde sendoa osatu du, eta ezustean hartu ditu guztiak.
Hala ere, bi izarrek soilik ez dute aurrera egiteko adinako gaitasunik. Dallasek Mendebaldeko Konferentziako lau talde onenetako hiru kaleratu ditu finalera iristeko. Izarren ekarpenarekin ez ezik, defentsako lanarekin eta fitxaketen laguntzarekin egin du hori: PJ Washington eta Daniel Gafford jokalari garrantzitsuak izan dira, baita Dereck Lively debutariaere.
Gehienez zazpi partida jokatuko dituzte, gaur goizaldean hasi eta hilaren 24ra bitarte. Bostongo TD Gardenen jokatuko dira lehen bi partidak, eta Dallasko American Airlines Center pabiloian hurrengo biak. Neurketa gehiago jokatuko balira, txandakatu egingo lirateke: bosgarrena Bostonen jokatuko litzateke; seigarrena, Dallasen; eta zazpigarrena eta azkena, Bostonen. Baloia aireratzea besterik ez da falta.
FINALEKO PARTIDAK
Lehena. Bihar, Bostonen (02:30).
Bigarrena. Astelehenean, Bostonen (02:00).
Hirugarrena. Ostegunean, Dallasen (02:30).
Laugarrena. Ekainaren 15ean, Dallasen (02:30).
Bosgarrena*. Ekainaren 18an, Bostonen (02:30).
Seigarrena*. Ekainaren 21ean, Dallasen (02:30).
Zazpigarrena*. Ekainaren 24an, Bostonen (02:00).
*Beharrezkoa balitz.