Zelai erdian Athleticen hauspoa eta euskarria da Damaris Egurrola (Orlando, AEBak, 1999). Zelaian bezala, zuzena eta zehatza da hitz egiten duenean. Taldea sasoiko unerik onenean ikusten du.
Denboraldia aurrera doa. Zer irizten diozu taldeak orain arte egindakoari?
Ezohiko sasoiaizan da hasieratik, Angel [Villacampa entrenatzailea] iritsi zelako. Aldaketetara egokitzeko, denbora behar da. Haren ideiak eta lan egiteko modua barneratu behar genituen. Prozesu horretan, gorabehera eta momentu eskasak izan genituen, baina jakin dugu aurrera egiten, eta orain oso ondo sentitzen gara.
Zein izan da antzeman duzuen aldaketarik handiena?
Angelek asko eskatzen digu. Lantzen dugun gauza bakoitzari intentsitate handia jartzen dio. Etengabe ari zaigu zuzentzen, jokalari bakoitzarengandik onena atera nahi duelako. Bakarka lan handia egiten du gutako bakoitzarekin, baita postuaren arabera taldeka ere. Partida bakoitza izugarri prestatzen du. Alde horretatik, oso metodikoa da.
Jokatzeko orduan, zeintzuk dira helarazi nahi izan dizkizuen ideia nagusiak?
Beti esaten diguna da baloiarekin eroso eta konfiantzarekin aritu behar dugula, eta gauza berriak egiten ahalegindu behar dugula. Alde horretatik, uste dut ondo aritu ginela aurreko partidan, Valentziaren aurka.
Eta zu gustura zaude harekin?
Bai, oso. Denboraldi hasiera ez zen erraza izan, ia sasoi-aurre guztia galdu nuelako lesio baten ondorioz. Erritmoa hartzea kostatu egin zitzaidan, baina, hori gaindituta, ondo ikusi dut neure burua. Erasora gehiago iristeko eskatzen dit teknikariak. Izan ere, nire postuarengatik, eta taldeari oreka emate aldera, beti izan dut atzean geratzeko joera. Horrekin batera, defentsako lanean are bizitasun handiagoa eskatzen dit, eta lan horretan segida bat izateko.
Talde moduan, bai jokoan, baita emaitzetan ere, erregulartasuna lortu duzuela dirudi. Hala sentitzen duzue?
Anoetan irabazi eta gero, gora egin genuen. Aurreko sasoian gauza bera gertatu zitzaigun, Realaren aurka Lezaman garaipena lortu ostean. Orain, oso ondo sentitzen gara. Atzean ondo egoteak eman digu azken partidetan izan dugun egonkortasuna, eta, hortik abiatuta, aurrean iritsiko dira aukerak, nahiz eta orain arte ez dugun zorte handirik izan, jokalari asko min hartuta eduki ditugulako. Gainera, azken paseak emateko orduan argitasuna falta izan zaigu. Azken asteetako jokoari jarraipena eman nahi diogu.
Ez duzue, ordea, partida erraza bihar, Lehen Mailara igo eta denboraldiko ezustea izaten ari baita Deportivo: laugarren dago,justu zuen aurretik. Gainera, ez du norgehiagokarik galdu etxean. Nolako lehia espero duzu?
Hala da. Oso ondo ari da denboraldi honetan. Talde gaztea du, eta alai eta bizi jokatzen du erasoan. Athenea [Del Castillo] eta Peque [Ainize Barea] aurrelariak oso bizkorrak dira. Gainera, baloiaren jabetza izatea gustatzen zaion talde bat da; beraz, haiei baloia kentzen saiatu behar dugu, edo bestela ahalik eta goien berreskuratu, erasora ateratzen direnean uzten dituzten zuloak baliatzeko. Guretzat oso partida inportantea da. Deportivo ez daukagu horren urruti, eta, gora begira aurrerapauso bat eman nahi badugu, asteburu honetan eman behar dugu. Irabazita, presioa sartuko genieke. Gainera, garaipenak konfiantza handia emango liguke hurrengo lehietarako. Haiei bost gol sartu zizkieten aurreko jardunaldian, eta horrek beti eragiten dizu zalantzaren bat.
Espero zenuen Deportivo hain goian egotea?
Egia esan, ez. Haientzat ere ezustea izan dela esango nuke. Izan ere, Espainiako selekzioan jokatzetik, haien jokalarietako batzuk ezagutzen ditut. Sasoi hasieran kezkatuta zeuden, ez zutelako inor fitxatu. Baina gazteek sekulako erantzuna eman dute, eta merezita daude dauden lekuan.
Badute antz apur bat zuekin. Izan ere, zuen kasuan, harrobitik igotako hainbat jokalarik ere aurrerapauso bat eman dute sasoi honetan. Nola ikusi dituzu?
Anek [Azkona] harritu nau gehien. Ni baino urtebete zaharragoa da, eta bigarren taldean oso erraz jokatzen zuen. Baina lehen taldera igotzean beti falta zitzaion zerbait urrats erabakigarria egiteko. Angelek konfiantza eta jokatzeko aukera eman dionean, ordea, erakutsi du maila handiko jokalaria dela, eta asko eman diezagukeela aurrean.
Espainiako Kopa ere ez dago urruti. Bi aste barru jokatuko duzue final-zortzirenetako kanporaketa, etxean, Granadillaren aurka. Nola helduko diozue?
Gogotsu eta ilusioz, hor dugulako titulu bat irabazteko aukerarik handiena. Aurreko denboralditik ezarri duten sistemarekin, aukera handiagoa dago ezustea emateko. Realak erakutsi zuen, eta horretan ahaleginduko gara. Txapelketa ederra da orain, talde guztiek jokatzeko aukera dugulako.
Damaris Egurrola. Athleticeko jokalaria
«Erasora gehiago iristeko eskatzen dit teknikariak»
Bihar eguerdian Deportivoren zelaian jokatuko duten partida orain arteko «garrantzitsuena» da, Egurrolaren arabera. Lehia «gogorra» espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu