Atletico Madrilen aurka jokatuko du gaur ligako partida Realak, Zubietan —Athleticek Espanyoli egingo dio bisita—. Zaleei eta jokalariei Espainiako Kopako finala ekarriko die gogora. Baina Nuria Mendoza jokalariak (Bartzelona, 1995) argi du: «Ez du zerikusirik izango harekin. Arreta osoa gaurko neurketan jarri behar dugu».
Asteartean iragarri zenuten greba mugagabea egingo duzuela, lan hitzarmenaren negoziazioak etenda daudelako. Nola bizi izan zenuen batzarra?
Hasieran, zertxobait triste, ez genuelako hona iritsi nahi. Baina eskatzen duguna gutxieneko bat da, zentzuzko gauza bat, eta, ematen ez badigute, grebara jotzea besterik ez zaigu geratuko.
Batasun handia erakutsi zenuten. Espero zenuen halakorik?
Bai, eta uste dut harro eta pozik egoteko modukoa dela. Bada garaia emakumeen futbola izaten ari den gorakadak isla izan dezan gure baldintzetan eta eskubideetan.
Etzi adiskidetze ekitaldia izango da. Akordio batlor daitekeela uste al duzu?
18 bileraren ostean ez bada lortu, zail ikusten dut. Konturatu behar dute ez garela denari baietz esaten genion neska horiek, baizik eta merezi dugunaren alde borrokan ari garen emakume batzuk. Ezin dugu aukera pasatzen utzi.
Grebaren data ez dago zehaztuta. Artean jokatzea egokitzen zaizue, eta gaur partida duzue Atletico Madrilen aurka. Kosta egiten da arreta hor jartzea?
Zer bide hartu nahi den jakinda, gu ere lasaiago gaude. Asteazkenetik aurrera buru-belarri egon gara gaurko neurketa prestatzen.
Nola ikusi duzu taldearen denboraldi hasiera?
Lortu ditugun emaitzak ez dira txarrak izan. Kolpea izan zen Athleticen aurkako derbia galtzea, eta joko aldetik bizitasun apur bat faltatzen ari zaigu, batez ere erasoan. Baina espero dut lortuko dugula, eta berandu baino lehen puntuak hirunaka bilduz joango garela. Garrantzitsuena da iazko azaro eta abendu artean izan genuen tankerako txakalaldirik ez izatea.
Eta zure sasoi hasieraz zer iritzi duzu?
Minutuasko jokatzeko aukera izaten ari naiz, eta entrenatzailearen konfiantza dut. Egunero hobetzen segitu nahi dut, eta hortik aurrera, datorrena datorrela.
Sei jardunalditan lau gol baino ez dizkizuete sartu. Defentsakoa izanik, pozik egongo zara, ezta?
Bai. Uste dut talde guztia oso lan ona egiten ari garela defentsan, eta atzean ari garenontzat bereziki sari bat da. Izan ere, gure postua ez da hain polita edo ikusgarria aurrelari batenarekin alderatuz, eta halako gauzek ilusioa egiten dute.
Erasoan, ordea, bost gol sartu dituzue bakarrik. Zergatik ari zaizue kostatzen hainbeste aurkariaren atea zulatzea?
Aurreko denboraldian oso ondo jokatu genuen, eta Espainiako Kopa irabazita biribildu genuen. Aurkariek, orain, askoz gehiago hartzen gaituzte kontuan. Gehienek, atzean sartu, eta jokoaren ekimena izaten uzten digute. Gu, berriz, aurreko sasoian eroso aritzen ginen kontraerasoan jokatzen. Ohituz goaz ekimen hori izatera, eta lortu behar dugu neurketen erritmoak eta denborak neurtzea. Entrenamenduetan hori ari gara lantzen, jokaldiak amaitzeko eta baloia batetik bestera mugitzeko ariketak eginez.
Golegile nagusia falta duzue: Nahikari Garcia. Asko nabari al duzue?
Argi dago Nahikari jokalari oso garrantzitsua dela taldearentzat, eta asko ematen digula. Min hartuta dauden beste jokalariak bezala, irrikaz gaude taldera itzul daitezen, aukera gehiago ematen dizkigutelako. Baina Nahikariz gain, erasoan beste jokalari on asko ditugu, eta berdin jokatzen segitu behar dugu hura ez egonda ere. Gure jokoaren oinarriak garbi ditugu.
Espainiako Kopako balentria lortu eta gero, partida berezia izango da gaurkoa, ezta? Zer traza hartzen diozu?
Argi dago partidak ez duela zerikusirik izango Kopakoarekin, hura final bat izan zelako. Oroitzapen politak ekartzen dizkigu, baina zelaira irtetean alde batera utzi behar ditugu, eta arreta osoa gaurkopartidan jarri. Gauzak ondo eginez gero, berriz irabazteko aukera izan dezakegu. Haiei baloia izatea gustatzen zaie, eta oso irekita eta goian jokatzen dute. Beraz, ahalegindu behar dugu presio handia eginez baloia ahalik eta goien berreskuratu eta gure erasoko jokalariek duten abiadura baliatzen.
Haiek ere kostata ari dira denboraldi hasiera honetan. Erasoan batez ere, ez dabiltza aurreko sasoietan bezain eraginkor. Behera egin dutela uste duzu?
Egokitzapen aldi batean daudela uste dut, eta, behin hori igarota, aurreko sasoietan bezala arituko dira. Erasoan egin dute aldaketa gehien. Jennifer Hermoso Bartzelonara joan zaie. Goian erreferentzia bat zen. Baloia jaso, eutsi, eta erdilariek aukera zuten gora egiteko haren lanari esker. Oraingo aurrelariak, Charlyn eta Duggan, zuzenagoak dira, eta horretara egokitu behar du taldeak. Gainontzean, oso talde indartsua dute, ez bakarrik erasoan, baita defentsan ere. Tounkara, Linari... Zaila da haiek gainditzen. Bizi jokatu behar dugu, baina pazientzia galdu gabe jokoa lantzerakoan.
Bosgarren sasoia duzu jada Realean. Zer balorazio egiten duzu urte hauetaz?
Realak berriz futbolari sentitzeko eta izateko aukera eman zidan, eta oso eskertuta nago. Asko hazi naiz urte hauetan, eta ederra da ikustea hazkunde hori taldearekin batera gertatzen ari dela. Izan ere, ikusten da kluba gero eta apustu handiagoa egiten ari dela emakumeen futbolaren alde.
Zer izan zen zuretzat Espainiako Kopa irabaztea?
Denboraldi osoan lan handia egin genuen, eta oso batuta egon ginen. Gure artean izugarrizko giro ona sortu zen, talde gutxitan ikusi dudana, eta niretzat poz handia izan zen taldekide horiekin titulu bat irabazi ahal izatea.Bestalde, ezagunagoa egitea ere ekarri du. Orain ezin zara Donostiatik hain lasai ibili. Baina zaleak hain gertu sentitzea bultzada handia da lanean segitzeko.
Nuria Mendoza. Realeko jokalaria
«Erasoan bizitasun apur bat falta zaigu, baina lortu dugu»
Bosgarren sasoia du Realean Nuria Mendozak. Urte hauek «ezin hobeak» izan direla dio, eta «ederra» izan dela taldearekin batera haztea. Zaleen gertutasuna goraipatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu