Erantzuna aurkitu nahian

Aizperrok eta Peñagarikano II.ak gaur jokatuko dute aurreko urteko urrian adostutako desafioa. Harria jasotzen, aizkoran eta korrika arituko dira dira bi lehiakideak, Azpeitiko zezen plazan.

Joxean Olaskoaga Aizperro eta Kepa Peñagarikano, Azpeitiko zezen plazan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
inigo lasa fresneda
Azpeitia
2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Nik berotu nion burua Aizperrori», dio Kepa Peñagarikanok. Pentatloiaren atarian min hartu, eta ezin izan zen bertan lehiatu. Joxean Olaskoaga Aizperro-k, berriz, bertan parte hartzeaz gain, finalera iristea ere lortu zuen. Peñagarikanori jende askok galdetu zion ea Aizperrok egindakoa hobetuko ote lukeen parte hartuz gero, eta galdera horiei guztiei erantzuteko asmoz, oriotarrari «apustua egitea» erabaki zuen.

Bi partaideek denbora gutxi daramate herri kiroletan. Kirolariak dira izatez, baina kirol modalitate ezberdinetan ibili dira orain arte; Aizperrok arraunean egin du bere kirol ibilbidea, eta Peñagarikanok, berriz, pilotan. Euskal pentatloia berriz agertuta sartu ziren bete-betean herri kirolen munduan. Badakite «onenak emanda» dituztela, baina Peñagarikano ziur dago «lan polita» egingo dutela.

Ezbeharrek markatu dute desafioa. Bost proba egitekoak ziren, baina, zezen plazan proba batzuk egiteko zailtasuna ikusita, hiru proba egitea erabaki zuten. Pandemia ere tartean izan dute; martxoan lehiatzekoak ziren, eta itxialdiak atzerarazi egin du apustua, gaur arte. Arratsaldeko zazpietan neurtuko dituzte indarrak, Azpeitiko zezen plazan. Ez dute txantxetarako saioa aurretik: 100 kiloko harria 35 aldiz jaso, aizkorarekin sei kana-erdiko moztu, eta lau kilometro eta erdi korrika egin beharko dituzte.

Aizperro berak ere izan zuen bere ezusteko lesioa ere. Desafioaren eguna iristear zela harria jasotzen min hartu zuen. Egun, mina sumatzen badu ere, ez du aitzakiatzat hartzen. Peñagarikano inongo probatan lehiatzen ez ikusi arren, uste du harria jasotzen faboritoagoa dela: «Entzuten denarengatik, Kepak erraz menderatzen du harria nire aldean». Azpeitiarra harriarekin «gustura» sentitzen da.

Kontrako sentsazioak dituzte aizkoran. Peñagarikanok orain dela ia bi urte enbor bat mozten ere ez zekien, eta aizkora teknika asko eskatzen duela jakinik, urtebetean izan duen hobekuntzaz harro dago, eta larunbatean, zezen plazan «itxura ona» emateko moduan ikusten du bere burua.

Korrika ondo ikusten dute euren burua bi lehiakideek. Korri egiten ohituta daude, eta «beldurrik» ez dioten arren, seguru dira korrika egitea «gogorra» egingo zaiela. Aurreko lan guztiak eginda, lasterketako lau kilometro eta erdiak —45 bira zezen plazari— «luzeak»egingo zaizkiela, eta «hanketako sentsazio txarrarekin» egin beharko dituztelakoan daude.

Segida emateko prest

Ondo dakite indarrak ahalik eta hobekien neurtu eta erregulatu beharko dituztela, eta, horregatik, garrantzia ematen diote dosifikazioari. Zaila egiten da bihotz taupaden erritmo bizkorrean pentsatzen jartzea, baina Aizperrok ezinbestekotzat jo du apustua irabazteko aukerak izateko «gauzak lasai hartzea». Lasterketa bat adibide gisa jarri du: «Ordu eta erdian egin nahi baduzu, lehenengo bost kilometroak ordu eta hogeiko erritmoan eginez gero, ahaztu».

Estrategiak ez du tokirik izango desafioan. Baleko estrategia bakarra «bakoitzak berea» egitea dela uste du Peñagarikanok: «Zure erritmoan egin, eta bukaeran ikusten baduzu zerbait geratzen zaizula, estutu eta itxura eman». Oriotarraren ustetan, arraunean izandako esperientziengatik, estrategiak ez dira lagungarriak, lehiatzen hasi bezain laster estrategia guztiak «hankaz gora» jarri ohi baitira.

Herri kirolek beren tokia berreskuratu nahi dute. Urte luzez jende andana erakarri dituzte plaza inguruetara. Gaur egun, ordea, ez dute garairik onena, eta are gutxiago koronabirusak sortutako pandemiarekin. Bai Aizperrok eta bai Peñagarikanok argi dute zein den herri kirolek aurrera jarraitzeko gakoa: gazte jendea erakartzea.

Desafioko bi lehiakideak ados daude pentatloia lan aparta egiten ari dela gazte jendea herri kirolen munduan sartzeko. «Herri kirolen munduak oso afizio itxia dauka, eta pentatloiak ematen du gazte jende asko ari dela mugitzen», uste du Peñagarikanok. Bi-biek beharrezkotzat jotzen dute bertaratzen diren gazteei laguntzea.

«Herri kirolek desafioak behar dituzte, saltsa pixka bat behar dute. Inguruan entzuten dudanarengatik, apustu gutxi egiten dira gaur egun, eta jendeari hori gustatzen zaio», dio Peñagarikanok. Segida izatea gustatuko litzaioke; hau da, desafioak domino efektua izatea. Gaur eroriko da dominoaren lehen pieza, ea galdera gehiago sortzen diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.