EUSKOTREN LIGAREN AMAIERA. Ane Pescador. San Juango arraunlaria

«Erakutsi dugu Zumaia baino pixka bat gehiago garela»

Gaur eta bihar artean erabakiko da San Juanek edo Zumaiak irabaziko duen Euskotren Liga. Pasaiako ontziak bi estropadetako bat irabaztearekin aski du titulua ziurtatzeko.

Aitor Manterola Garate.
2015eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Zer moduz iritsi da San Juan asteburu honetako estropada erabakigarrietara?

Oso-oso ondo, nahiz eta azkeneko estropadetan ez zaizkigun gauzak ondo atera; izan ere, probak egiteko-eta baliatu dugu. Azkeneko aste honetan pila bat askatu dugu geure burua. Fisikoki sasoirik onenean heldu gara, eta gorantz goaz.

Azkeneko emaitza txarrek zalantzak eragin dizkizuete?

Ez pentsa. Badakigu akatsak non egin ditugun, eta jakin bagenekien prestakuntzaren parte zirela. Ondo etorri zaigu.

Itsaso txarra dago emanda gaurko eta biharko.

Aldeak handiagoak izan daitezke, baina horrek baino gehiago kezkatzen nau kaleen artean egon daitezkeen ezberdintasunak. Baldintza berdinetan ibili izan garenean, erakutsi dugu Zumaia baino pixka bat gehiago garela.

Denboraldia hasi zenean ez zuten askok uste zuek eta Zumaia parean ibiliko zinetenik, zumaiarrak jotzen zituztelako faborito ia bakartzat.

Neguan haiek ibili dira hobeto, baina udan erakutsi dugu gure prestakuntza nora doan bideratuta. Asteburu honetara eta Kontxara begira aritu gara lanean urte osoan, eta gauzak ondo atera zaizkigu. Jende askok ez zuen espero gu hain ondo ibiltzea, baina erakutsi dugu gu ere bagarela.

Hibaika eta Orio ere gai dira Zumaiaren eta zuen artean sartzeko edo bion aurretik geratzeko. Bi talde horien emaitza ere kontuan hartu beharko duzue, erabakigarriak izan daitezkeelako.

Gu biotako batek huts eginez gero, ez harritu horietako bat aurrean sartzea. Guk kontuan sartu behar dugu bi jardunaldietako batean irabazten badugu Euskotren liga gurea izango dela, bost garaipen izango genituzkeelako. Eta araudiak eguneko garaipenak hartzen ditu kontuan, berdinketa egonez gero.

Kontu horiek burutik kendu behar lanean hasterako,ezta?

Bai. Gure helburua bandera irabaztea da, eta horren bila goaz.

Zergatik du garrantzi handiena Euskotren ligak?

Arrazoi askogatik da. Estropada handietan lehiatzen da, eta talde bakoitza daukan onenarekin ateratzen da beti. Aldiz, Gipuzkoako liga probak-eta egiteko erabiltzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.