Futbola Espainiako Lehen Maila

Erakustaldia eman du Athleticek, eta konfiantza handiz helduko da Kopara

Athleticek 4-0 irabazi dio Mallorcari Espainiako Lehen Mailako 23. jardunaldian. Yurik bi gol ikusgarri sartu ditu, eta gainontzekoak Guruzetak eta Muniainek sartu dituzte.

(ID_13559935) (Aritz Loiola/@FOKU) 2024-02-02, Bilbo. Futbola
Yuriren poza, sartu duen bigarren golaren ospakizunean. ARITZ LOIOLA / FOKU
pettan uralde
2024ko otsailaren 2a
23:13
Entzun

Athleticek nagusitasunez menderatu du Mallorca, gol festa bat izan den norgehiagokan (4-0). Zuri-gorriek zortzigarren garaipena lortu dute jarraian San Mamesen, eta asteazkenean Atletico Madrilen aurka duten Kopako kanporaketaren joaneko partidara era onenean iritsiko dira. Yuri izan da partidako jokalari nabarmenena, 15 minutu eskasean bi gol eder sartu baititu. Hirugarrena Guruzetak sartu du, eta laugarrena, Iker Muniainek.

Partida ezin hobeto hasi da Athleticentzat. Nico Williamsek egin du erdiraketa, eta Yurik, bira eginez, ezkerrarekin errematatu du, bizkarrez ate aldera, Rajkovicen atean baloia sartzeko. Iritsi diren lehen jokaldia, eta lehen gola. Agirreren plana hasi eta berehala erori da goitik behera, eta Mallorcari laster egokitu zaio jokoa proposatzea.

Baina Yurik lehen gola sartu eta 10 minutu geroago, bigarrena iritsi da. Geldikako beste jokaldi batean, oraingoan izkinatik, Nikok erdiraketa egin, Guruzetak orpoz pasatu, eta Yurik, oinaren barnealdeaz, baloia atearen eskuairatik sartu du. Alboko defendatzailearen beste gol eder bat.

Mallorcak asko aldatu behar zuen bai jarrera eta bai joko proposamena, etxeko taldeari gutxienez kilimak egiteko. Baina ordurako Athletic hazita zegoen, eta horrek ez dio aukerarik eman: Athleticenak izan dira lehen zatiko arrisku egoera guztiak. Eta zentzuz jokatu du Athleticek: abiadura apaldu du, eta nagusitasunez egin da baloiaren jabetzarekin.

Agian markagailuak erakusten zuen baino parekatuago ari ziren norgehiagokan, baina bi areatan ez du hutsik egin Athleticek. Etxekoen artean, Zarauzko defentsaz gain, beste jokalari batzuk ere nabarmendu dira: esaterako, Beñat Pradosek erakustaldia eman du zelai erdian, bai baloi irteeran, bai baloirik gabeko akzioetan.

Williams anaiak protagonistak

Gidoi berbera izan du partidak bigarren zatian ere. Athletic nagusi izan da lehia gehienetan, eta azkar ibili da erasoan bi hegaletatik Williams anaien bitartez. Izan ere bi jokalarien oinetatik atera dira jokaldi esanguratsu gehienak. Baina ordaindu egin dituzte egindako ahaleginak, eta aulkira joan behar izan dute min hartuta, lehenik Nicok, eta ondoren Iñakik. Oraindik goiz bada ere, zalantza hor egongo da: ea Atletico Madrilen aurkako partidan jokatuko duten.

Berdin segitu dute zuri-gorriek, eta partida guztiz amaitzeko beste gol bat sartu dute. 63. minutuan, kontraeraso bikain bat osatu ondoren. Nicok area ertzeraino gidatu du, Iñakiri egin dio pasea, eta hark erdiraketa jarri dio Sanceti. Erdilari nafarrak ez du asmatu baloia errematatzen, baina haren ukitua Guruzetak jaso du gola nahierara sartzeko. Begi bistaz jokoz kanpoko jokaldia zirudien, baina VARak gola adierazi du.

Partida biribiltzeko, kapitainak sartu du laugarren eta azken gola. De Marcosek erdiraketa zorrotz bat egin du eskuin hegaletik, Athleticeko jokalari batek irrist egin du eta Iker Muniain agertu da, markarik gabe, oinaren barrualdearekin nahierara errematatzeko penalti puntuan. Biguna baina doitua, ezinezkoa Rajkovicentzat.
 

 

 


 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.