Jesus Owono

Erakusleiho izan daiteke

Ekuatore Gineako selekzioarekin, Afrika Kopa jokatzen ari da Jesus Owono atezaina, estreinakoz. «Ez dut alferrik galduko aukera hau». Multzoen fasea gaindituta, Maliren aurka jokatuko dute final-zortzirenetako kanporaketa, bihar.

Jesus Owono Alaveseko atezaina Afrika kopan ari da. BERRIA.
Iñaki Berastegi.
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Irribarrea ahoan marraztuta dauka Jesus Owonok (Bata, Ekuatore Ginea, 2001). Ez da gutxiagorako, azken asteetan bere ametsetako bi bete ditu eta: Espainiako Lehen Mailan debuta egitea Alavesekin, eta bere jaioterriko selekzioarekin Afrika Kopa jokatzea. «Nire ibilbidean mugarri izan daiteke Afrika Kopa hau. Betiko gordeko dut oroitzapen hau da, eta oso baliagarria izango zait etorkizunerako». Selekzioen arteko txapelketa handiak beti baitira erakusleiho aproposak. «Gauzak ondo eginez gero, emaitzak lortzen dira. Niretzat, aukera hau izatea garrantzitsua da, eta ez dut alferrik galduko».

Zortzi urte zituenean iritsi zen Owono Euskal Herrira. Auto istripu batean aita hil eta gero, Owonoren ama Donostiara etorri zen, bizitza hobe bat aurkitzeko asmoz. Edonola ere, Ekuatore Ginean geratu ziren Owono eta arreba, osaba-izebekin, ama Euskal Herrian egonkortu arte. Ibai ikastolako taldean ekin zion futbolari. Antiguokon eta Realean hainbat urtez jokatu zuen ondoren, eta, beste askori gertatu bezala, ez zuen amets atezain izatea. «Eskola kiroleko partida batean, Antiguokon nire taldeko atezainarekin talka egin, eta min hartu zuen. Hurrengo entrenamenduan, entrenatzaileari esan nion atezainak nirekin min hartu zuenez ni jarriko nintzela atezain postuan. Eta horrela, gaur egun arte».

Gazte mailako lehen urtean eraman zuen Alavesek Owono Ibaiara. Orduan jaso zuen Ekuatore Gineako selekzioaren lehendabiziko deia. «17 urte izango nituen. Espainiarekin aritzeko aukera ere banuen, baina Ekuatore Ginearen deia jasotzeak sekulako ilusioa egin zion amari. Hori izan zen erabakia hartzeko arrazoi nagusietako bat, eta oso pozik nago erabakitakoarekin». Pixkanaka tokia egin zuen selekzioan, eta Afrika Koparako sailkatzeko fasetik taldeko lehen atezaina da.

Urtarrilaren 3an, dena prest zuen Kamerunera bidaiatzeko. Aurrez, ordea, Alavesek eta Realak Mendizorrotzan jokatu behar zuten euskal derbirako Jose Luis Mendilibarrek emandako deialdian zegoen, Fernando Pacheco eta Antonio Sivera atezainekin batera. Ezustean iritsi zitzaion debuta egiteko aukera, taldeko bi atezainek partida egunean COVID-19an positibo eman zutelako. «Debuta amestu izan banu, ziur ez nuela horrela irudikatuko. Baina hala izan zen, eta nik pentsatzen nuen jokatzeko prest nengoela. Realaren aurka izatea oso berezia izan zen niretzat».

Ekuatore Ginea Afrika Kopan hirugarrenez ari bada ere, lehen aldia da zelaian sailkatzen dela. Aurreko bietan, 2012an eta 2015ean, herrialde antolatzaile izateak eman zion parte hartzeko eskubidea. E multzoko bigarren postuan igaro da final-zortzirenetara, Boli Kostarekin batera, Aljeria egungo txapelduna eta Sierra Leona menderatuta. Hain justu, bi partida horietan Owono oso protagonista izan zen: basamortuko azerien aurka geldiketa bikainak egin zituen, eta, Sierra Leonaren aurkakoan, penalti bat modu ikusgarrian gelditu zuen, partidako azken txanpan. «Halere, nire helburua ez da protagonista izatea, taldea ahalik eta urrunen iristea baizik».

Gehienentzat ezusteko handia izan da Ekuatore Gineak Aljeria menderatzea eta multzoko bigarren postuan kanporaketetarako sailkatzea. Ez horrenbeste Owonorentzat: «Jendeak uste zuen, agian, hirugarren onenetako bat izan gintezkeela, baina guk gai ikusten genuen geure burua emaitza hobeak lortzeko. Aljeriaren aurka partida osoa egin genuen. Oso pozik gaude».

Hala, bihar Maliren aurka jokatuko dute final-zortzirenetako kanporaketa. «Fisikoki oso talde indartsua da, eta ondo defendatu ohi dute. Nire iritziz, atzean sartu eta kontraerasora ziztu bizian ateratzea izango da haien asmoa. Guk badakigu korrika egiten ere, baina baloia daukagunean gustura aritzen gara. Ondo bagaude, edozeini irabazteko gai gara».

Afrika kopa amaitzen denean, Alaveseko bigarren taldeko atezain izatera itzuliko da Owono. «Asko falta zait lehenengo taldean egonkortzeko. Partida bat jokatu dut, ondo, baina partida bakar bat da. Bigarren taldean gauzak ondo egiten jarraitu behar dut». Oso gaztea da, eta hobetzeko «asko» duela uste du: «Esperientzia handiagoa eta fisiko indartsuagoa behar dut».

Zernahi ere, erakutsi du horretarako bertuterik ez zaiola falta: «Atezain arina naizenez, erreflexu onak ditut, eta hankako jokoan ere trebea naiz. Alboan dauzkadan atezainetatik ikasten ahalegintzen naiz». Horri lotuta, Afrika Kopako atezainen mailaz mintzatu da Alaveseko jokalaria. Europan atentzioa eman baitu atezain afrikarren maila onak. Owono ez du ezustean harrapatu. «Afrikanatezain onik ez dagoela dioen mitoa ez da zuzena. Garrantzitsuena da non eta nola ikasten duzun. Edouard Mendy Chelseako eta Senegalgo atezainari asko eskertu behar diogu eman digun ikusgaitasuna. Erreferente bat da».

Final-laurdenetan Senegalen aurka jokatu nahiko luke, Mamadou Loum Alavesen taldekide duen jokalariaren aurka aritzeko. Ekuatore Ginea baztertu gabe, Nigeria eta Maroko ikusten ditu txapelketa irabazteko hautagai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.