ERREMONTEA

Erakusleiho aparta izango da berriro BERRIA Txapelketa

BERRIAk eta Oriamendi 2010 enpresak laugarrenez antolatu dute Erremonte Txapelketa. Larunbatean hasiko da lehia, Galarretan, eta toki berean izango da finala, apirilaren 20an.

BERRIA Txapelketa jokatuko duten erremontistak, eta haien erdian Irati Azkue BERRIAko ordezkaria, gaur, aurkezpenean, Martin Ugalde kultur parkean. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
ANDOAIN
2024ko martxoaren 4a
18:30
Entzun

Dagoeneko tokia egina du erremonte denboraldian. Mastersa amaitu eta gero hasiko da BERRIA Txapelketa. Laugarren aldia du aurtengoak. Hasierako asmoari eusten dio oraindik ere, duela bost urte BERRIAk eta Oriamendi 2010 enpresak sinatutako lankidetza hitzarmenean letra larriz idatzi zutenari: erremontea sustatzea eta erremontista gazteenei tokia egitea du helburu txapelketak. Arrakastatsuak izan dira aurreko hiru ekitaldiak. Imanol Ansak eta Josu Arruartek irabazi zuten lehena, 2019an; Kemen Aldabek eta Oier Apezetxeak, bigarrena, 2022an; eta Urtzi Gurrutxagak eta Ibon Zalduak, azkena, iaz.

Gaur aurkeztu dute laugarren txapelketa, BERRIAren egoitzan, Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkean. Eskutik doaz BERRIA eta Oriamendi 2010, eta gaur ere hala azaldu dira aurkezpenean. Batetik, Irati Azkue BERRIAko ordezkaria izan da. Bestetik, Xabi Gonzalez Oriamendi 2010 enpresako kudeatzailea. Haiekin batera izan dira txapelketa jokatuko duten erremontistak.

Larunbatean hasiko da lehia, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta frontoian. Toki berean jokatuko dute finala apirilaren 20an. Hau da, ia hilabete eta erdi iraungo du txapelketak. Ia hilabete eta erdiko lehia estua izango da. 

Azken hiru ekitaldietako egiturari eutsi diote. Sei bikotek jokatuko dute txapelketa, bi multzotan banatuta. A multzoan, hiru bikote hauek ariko dira: Ugaitz Susperregi eta Oier Apezetxea; Jon Irazu eta Ibon Zaldua; eta Aimar Jabalera eta Joseba Goikoetxea. B multzoan, berriz, hiru bikote hauek ariko dira: Mattin Arluziaga eta Aritz Zubiri; Urtzi Gurrutxaga eta Aitor Aiestaran; eta Aitor Zaldua eta Aritz Eskudero. Multzo bakoitzeko hiru bikoteek elkarren aurka jokatuko dute hurrengo bost asteetan: larunbatean, martxoaren 16an, 22an, 29an eta apirilaren 6an.

Set formatuan

Set formatuan jokatuko dituzte partida guztiak: lehen bi setak hamabost tantora izango dira, eta, hirugarren seta beharko balitz, hori zortzi tantora izango da. Emaitzen arabera lortuko dituzte puntuak bikoteek, sailkapenerako: setetan 2-0 irabazten duen bikoteak, lau puntu lortuko ditu; 2-1 irabazten duenak, bi; 2-1 galtzen duenak, bat; 2-0 galtzen duenak, batere ez; eta bi setak kontuan hartuta hamabost tanto lortzen ez dituenari puntu bat kenduko zaio. 

Multzo bakoitzeko aurreneko bi bikote sailkatuek jokatuko dituzte finalerdiak, apirilaren 13an: A multzoko lehena B multzoko bigarrenaren aurka ariko da, eta B multzoko lehena, A multzoko bigarrenaren kontra. Irabazleek finala jokatuko dute astebete geroago, apirilaren 20an, Galarretan.

Irazu eta Zaldua, Jabaleraren eta Goikoetxea VI.aren aurka. Horixe izango da txapelketako lehen neurketa, larunbatean, 16:30ean. Jabalerarentzat eta Goikoetxea VI.arentzat partida berezia izango da. Doneztebeko (Nafarroa) aurrelariak estreinakoa izango du txapelketan. Urtarriletik ari da Oriamendirekin, aurretik E-Remonterekin jokatu eta gero. 

Zestoako (Gipuzkoa) atzelariak, berriz, lehen aldiz jokatuko du Oriamendirekin. «Gogotsu» dago, baina baita «urduri» ere. «Oso gustura» ariko da Jabalerarekin. «Ikusi izan dut jokatzen, eta oso gogorra da. Ea txapelketa ona egin dezakegun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.