Eraikitzeko era desberdinak

Espainiako Kopan izango dira Txus Bidorreta eta Ibon Navarro. ACB ligako proiektu bikain bati jarraipena eman dio batak, eta garai txarretan zegoen klub bat biziberritu du besteak.

Txus Bidorreta eta Ibon Navarro, Tenerifeko eta Unicajako entrenatzaileak. RAMON DE LA ROCHA - DAVID BORRAT / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Baskonia izango da euskal talde bakarra Badalonan (Herrialde Katalanak) jokatuko den Espainiako Kopan, baina ez da ordezkari bakarra izango. Bertan izango dira Txus Bidorreta (Bilbo, 1966) eta Ibon Navarro (Gasteiz, 1976), Tenerifeko eta Unicajako entrenatzaileak. Inoizko sasoirik onenean daude bi taldeak, eta ACB ligako sailkapenean aurreneko bosten artean daude. Jokatzeko era desberdina dute bi prestatzaileek, baina jokalariek ondo ulertu dute haien joko estiloa. Navarrorenek Bartzelona izango dute aurkari gaur, final-laurdenetan (21:30 Movistar), eta Bidorretarenek Kanaria Handiaren aurka jokatuko dute derbia, bihar (18:30, Movistar).

Tenerifek proiektu sendoa dauka esku artean. 2012an lortu zuenklubak ACB ligara igotzea, eta geroztik aurrerapausoak eman eta eman aritu da. Proiektua maila gorenean sendotzea lortu zuten lehendabizi, eta, kanpoko presiorik gabe, ACB ligako talde sendoen artean dago gaur egun. Arrazoi askorengatik dago taldea dagoen tokian, baina arrazoi horietako bat da Bidorreta. Esperientzia handiko entrenatzailea da bilbotarra, eta taldeari bere ukitua ematea lortu du. 2015etik 2017ra egin zuen lehenengo etapa, eta, Valentzian urtebete eman ondoren, Tenerifera itzuli zen. Guztira zazpigarren denboraldia du haiekin, eta ibilbide horretan bi aldiz iritsi da Txapeldunen Ligako finalera; horietako bat irabazi zuen. Gainera, hiru aldiz irabazi du Kontinente Arteko Txapelketa; azkena, iragan asteburuan.

Tenerifeko taldeak ederki barneratu du Bidorretaren saskibaloia, eta jokoa dominatzea lortu du Giorgi Shermadinirekin —ligako jokalari baliotsuena— eta Marcelinho Huertasekin. Taktikoki oso talde landua da, eta blokeo zuzena baliatzen dute neurketa dominatzeko. Erregistro horretan maisuak dira Huertas eta Shermadini, eta irlan ematen ari diren maila ikustekoa da. Bi horiez gain, oso jokalari antzekoak fitxatu ohi ditu klubak. Taktikoki eskematik aterako ez diren jokalariak, eta batez ere kanpoko jaurtiketa menperatzen dutenak. Horregatik dira bi puntuko jaurtiketetan ACB ligan ehuneko onena daukaten taldeetan bigarrena, eta hiru puntukoetan laugarrena. Jaurtitzaile horiek ahalik eta modu erosoenean bilatzeko, oso ohikoa da Bidorretaren arbeltxoan zeharkako blokeo ugari ikustea; baita hegal pibotekin ere.

Gainera, jokatzeko era aldatzeko gai dira partida bakarrean, erregistro asko menperatzen baitituzte, eta aurkariari ez diote neurketan sartzen uzten. Horren adierazle da estatistika; ACB ligan puntu gutxien jasotzen duen taldea da (72,8 puntu). Hortaz, Kanaria Handiak arratsalde oparoa izan beharko du saskira begira finalerdietan egon nahi badu.

Zigilu pertsonala

Tenerifen ez bezala, azken urteak gogorrak izan dira Malagan. Sailkapeneko aurreneko postuetan egotera ohituta zegoen Unicaja, eta geroz eta urrutiago zegoen onenengandik. Iragan otsailean, hondoa jotzeko beldurrez, Navarro fitxatu zuten. Sasoia ahal bezala salbatu zuen gasteiztarrak, baina, orain, hark nahi zituen jokalariekin, goi mailara eraman du kluba berriro ere. Baskonian, Manresan, Murtzian eta Andorran erakutsi zuen zertarako gai den, eta zukua atera die beti bere taldeei. Oraingoan ere hala da.

Malagarren jokoa argi eta garbi identifikatu daiteke Navarroren taldeekin. Haren zigilua erraza da ikusten. Defentsan sendoak eta oldarkorrak dira gasteiztarraren taldeak, eta erasoan arriskatzea gustatzen zaio, joko azkarra eta alaia baliatuz, eta saskira modu bertikalean joanda. Horretarako jokoa sortu dezaketen jokalariak nahi izaten ditu antolatzaile eta eskolta postuetan, eta hori lortu du Unicajan Kendrick Perryrekin eta Tyson Carterrekin.

Sasoi honetako sentsazioak oso onak dira, eta Malagako Martin Carpena pabiloia ia goraino betetzea lortu du Navarrok. Jokalariek erakutsi dute prestatzaileak eskatzen dienean sinesten dutela, eta, izar handirik gabe, taldeko jokoan oinarritu dituzte orain arteko partidak. Baloi gehien lapurtzen dituen taldea da ACB ligan (12 partidako), baina, horretaz gain, puntu gehien sartzen dituzten taldeetan hirugarrena da ligan (86,7 puntu), eta bi puntuko jaurtiketetan ehuneko onena daukan taldea (%58,5). Bartzelona ez da nolanahiko aurkaria izango, baina aukerak izango dituzte Navarrorenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.