Golak. 1-0: Bellinghamek (35. min.). 2-0: Sakak (43. min.). 3-0: Sterlingek (45. min.). 4-0: Sakak (62. min.). 4-1: Taremik (65. min.). 5-1: Rashfordek (71. min.). 6-1: Grealishek (89. min.). 6-2: Taremik, penaltiz (103. min.).
Ingalaterrak etxeko lanak egin zituen atzo: aise irabazi zion Irani, eta gol festarekin hasi zuen txapelketa: 6-2. Multzoko faborito nagusia da Gareth Southgateren taldea, eta nagusitasun hori erakutsi zuen. Ingelesek eraginkortasuna baliatu zuten garaipena erdiesteko, eta lehen zatiko azken hogei minutuetan neurketa kasik errematatua utzi zuten Bellinghamek, Sakak eta Sterlingek sartutako golekin. Iran, berriz, saiatu zen tartea murrizten, baina Taremi aurrelariak sartutako bi golak ez ziren nahikoa izan Ingalaterra kikiltzeko.
Partida espero moduan hasi zen: Ingalaterrak izan zuen ia une oro baloia, eta Iran atzean itxi zen, kontraerasora ateratzeko zain. Egoera horretan, Ingalaterrak baloia bazuen ere, kostata gerturatzen zen aurkariaren area ertzera; paseak eman bai, baina ez zuen arriskurik sortzen.
Joko geldoa egiten ari ziren ingelesak, harik eta 34. minutuan Mountek baloia zelai erdian jaso, Shawi hegalera pasea eman, eta haren erdiraketa Bellinghamek buruz sareratu zuen arte. Borussia Dortmundeko 19 urteko jokalaria estreinakoz ari da Munduko Kopan. Hura da Michael Owenen atzetik Ingalaterrarekin Munduko Kopan gola sartu duen jokalaririk gazteena.
Ingelesek belaunaldi berri bikaina dute, eta txapelketako lehen partidan jada arrastoa utzi dute. Bellinghamek ez ezik, Sakak ere distira egin zuen. 43. minutuan alboko sake batean iritsi zen Arsenaleko jokalariaren gola, boleaz jaurtiketa indartsua egin ostean. Lehen zatiaren hondarrean heldu zen hirugarrena, ingelesek hobekien egiten dakiten modura: trantsizio azkar batean, Kanek baloia jaso zuen hegalean, eta erdiraketa zehatza egin zuen Sterlingek baloia sareratu zezan.
Epaileak hamabost minutuko luzapena ezarri zuen lehen zatian, Beyranvan Irango atezainak taldekide batekin talka egin eta sudurrean min hartu zuelako. Beyranvandek zelaian jarraitzeko ahalegina egin bazuen ere, azkenerako, ohatilan eraman behar izan zuten.
Bigarren zatian, neurketa irauli nahian, Carlos Queiroz Irango entrenatzaileak bi aldaketa egin zituen, baina partidak bere horretan jarraitu zuen: Ingalaterra, baloiarekin nagusi, eta Iran, kontraerasora noiz aterako zain. 60. minutuan Sakak laugarrena sartu zuen, beste jaurtiketa indartsu bati esker. Ematen zuen Ingalaterrak beste bizpahiru gol sartuko zizkiola Irani, baina Taremiren lehen jaurtiketa saretara joan zen, eta tartea murriztu zuen.
Neurketa iraultzeko esperantza, ordea, azkar utzi zuen ezerezean Ingalaterrak. Rashford bigarren zatian atera zen, eta ukitu zuen lehen baloia ate barrura bidali zuen, aurkariari izkin egin ostean. Azken minutuetan Grealishek egin zuen ingelesen seigarrena, eta Iranek, astindua arindu nahian, penaltiz sartu zuen bigarrena; Taremik egin zuen berriro.
B multzoko liderra da Ingalaterra, hiru punturekin. Bat dute AEBek eta Galesek, atzo bana berdindu baitzuten. Weahk sartu zuen estatubatuarren gola, 36. minutuan, eta Balek banakoa lortu zuen penaltiz 82.ean.
Herbehereen garaipena
A multzoan ere jokatu dute lehen jardunaldia, eta Herbehereak eta Ekuador berdinduta daude aurreneko postuan. Biek irabazi dute lehen partida: 2-0; herbeheretarrek Senegali, atzo, eta ekuadortarrek Qatarri, herenegun.
Europako selekzioak sufritu du gehien. Senegalek deseroso sentiarazi zuen atzo, eta zenbait huts eginarazi zizkion. Baina Afrika kopako txapeldunak ez zituen aukerak baliatu.
Azken minutuetan erabaki zen neurketa. Mendyren bi huts aprobetxatu zituzten Herbehereek. 84. minutuan, Frenkie De Jongek erdiraketa paregabea egin zion Gakpori, eta hark buruz sartu zuen lehen gola. Bigarrena, berriz, Klaasenek sartu zuen, 99. minutuan.
Qatarko Munduko Kopa. INGALATERRA 6 - 2 IRAN
Eraginkortasunari esker
Ingalaterrak nagusitasunez irabazi dio Irani, sei gol sartuta. Bellingham eta Saka nabarmendu dira. AEBek eta Galesek berdindu egin dute multzoko beste lehian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu