Hasteko ilusioz. Halaxe daude Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzailea, Azu Muguruza IDK Euskotrenekoa eta Madde Urieta Kutxabank Araskikoa, gaur ekingo dioten sasoiari begira. Onartu dute pixkanaka ari direla egokitzen zuzentzen dituzten taldeetara. Liga «gogorra eta parekatua» espero dute.
MARIO LOPEZ
Lointek Gernikako entrenatzailea
«Erakargarri jokatu nahi dugu, defentsaon batetik abiatuta»
Multzoaren erdia aldatu du Lointek Gernikak, baina aurreko denboraldietako helburua jarri du Mario Lopez teknikariak (Gernika, Bizkaia, 1967). «Goian egon nahi dugu, eta, ahal bada, bai Ligan zein Europan, aurreko sasoietan lortu ditugun emaitzak berdindu edo hobetu. Joko erakargarria eskaini nahi diegu Malostera etorriko diren zaleei. Aurreko sasoian etorri gabe egon ostean, merezi dute». Denboraldiaurrean pare bat gorabehera izan dituzte. Roso Buch osatzen ari da, orkatilan ebakuntza egin eta gero. Bestalde, Gabija Meskonytek belaunean arazo dezente izan ditu, eta Margaret Roundtree taldetik kanpo egon da ia hiru astez, arrazoi pertsonalengatik. «Horrek zaildu egin digu egokitzapen prozesua. Eman dezakeen maila onenetik urruti dago taldea. Defentsan oraindik ez dago sendo, eta erasoan partidak jokatu ahala lortzen diren automatismoak falta zaizkio. Baina pixkanaka ari gara».
Meskonytetik harago, beste fitxaketak egiten ari diren lanarekin «gustura» dago Lopez. «Tinara Moor asko ari zaigu ematen uztaipean; Roselis Silva taldean egotea nahi genuen,eta pixkana ari da egokitzen; Melisa Brcaninovicek, berriz, erakutsi du kanpoko jaurtiketetan egin dezakeen ekarpena, eta defentsan sendotasun gehiago hartzea falta zaio».
Gernika «diferente bat» ikusiko dela uste du. «Uztaipean ahalmen gutxiago dugu, alturaz eta fisikoki. Hor sufritu egingo dugu, bai ligan, bai Europan. Baina barrutik dinamikoago jokatuko dugu, eta zulo gehiago topatu ditzakegu. Beti bezala, joko erakargarri eta on bat egin nahi dugu, defentsa sendo batetik abiatuta. Izan ere, erasoan kalitate handia dugu».
Ligan, ohi bezala, Perfumerias Avenida, Girona eta Valentzia ikusten ditu koska bat gorago. Aurreko sasoian baino urrutiago edo gertuago ikusten al du taldea hiru horietatik? «Oraindik urruti gaude horietatik. Aurrekontua begiratzea besterik ez dago. Egin behar duguna da talde horien aurka ere lehiakor izan». Hasiera gogorra izango dutela uste du. «Hemendik pare bat astera ligari Europa gehituko diogu. Hiru partida gogor jokatuko ditugu aste berean etxetik kanpo, eta ez da erraza izango. Baina ea ordurako urrats gehiago egiten ditugun egokitzapenean, garrantzitsua baita ondo hastea, bai fisikoki, bai mentalki». Etxean sendo egotea funtsezkoa iruditzen zaio. «Uste dut sasoi honetan inoiz baino zailagoa izango dela etxetik kanpo irabaztea».
Eurokopan ere mugarriak ezartzen jarraitu nahi dute. Nahiz eta ez den erraza izango, Roche Vendee, Virtus Bolonia eta Flammes Carolo egokitu baitzaizkie multzoan: «Multzoburu izateak ez digu askorako balio izan, multzorik gogorrena egokitu zaigulako. Baina polita da halako aurkariak aurrean izatea, eta zaleek halako partidekin disfrutatzea».
Berak ere gozatu egin nahi du. «Oso motibatuta nago, bai taldearen, bai ligaren maila ikusita. Nahiz eta argi dagoen denboraldi gogorra izango dela».
AZU MUGURUZA
IDK Euskotreneko entrenatzailea
«Ondo egokitu gara, eta orain errendimendua eta emaitzak behar ditugu»
«Ilusio handiz» ekingo dio Azu Muguruzak (Donostia, 1968) denboraldiari. «Taldean aldaketa asko izan ditugu, eta erronka handia izango da. Ilusio handiz nago, indartsu. Nahiz eta dena berria izanda, beti dagoen kezka eta zalantza puntu bat». IDK beti izan da multzoaren bizkarrezurrari eustearen aldekoa. Horrenbestez, onartu du ez zituztela hainbeste aldaketa egin nahi. «Baina hala suertatu da. Batzuek ez genuen segitzea nahi, beste batzuek erronka berriak bilatu dituzte, eta izan da jokalari bat saskibaloia utzi duena». Baina egoera onartuta, pozik dago osatu duen taldearekin.
Jokalariek egokitzeko erakutsi duten «konpromisoa eta ahalegina» nabarmendu ditu. «Alde horretatik, oso pozik nago. Gauzak oso bizkor joan dira, berehala barneratu dituzte taldearen filosofia eta balioak». Baina oharra egin du: «Funtsezkoa da egokitzea eta elkar ezagutzea. Baina ez dugu ahaztu behar horri errendimendua eta emaitzak gehitu behar dizkiogula orain. Beharbada, goizei iritsi zaigu liga hasiera. Are gehiago kontuan hartuta aurkari gogorrak egokitu zaizkigula sasoi hasiera honetan: Valentzia, Perfumerias, Gernika eta Estudiantes». Baina, bestalde, hasiera gogor hau taldearentzat «motibagarria» izan daitekeela uste du.
Hasiera honetan emaitza txarrak lortuz gero, ez daki zein izango den taldearen erantzuna. «Lehen banekien nola eragiten zion. Baina orain, esan bezala, multzoa berria da, eta ikusiz joan beharko dugu».
Aulkitik jokalari berriengandik «etekinik onena» ateratzen ahaleginduko da. «Oreka bat bilatzen ahaleginduko gara. Batetik, haiek IDKren ohiko jokatzeko erara egokitu beharko dute, etabestetik, guk haien ezaugarri eta indarguneak baliatu behar ditugu». Multzo berriaren indarguneen artean bat nabarmendu du. «Uste dut talde orekatua dela, eta edozein nabarmendu daitekeela. Egoera desberdinei aurre egiteko alternatiba dezente ditugu, eta hori abantaila bat da». Fitxaketa guztiak maila onean ikusi ditu. «Beharbada, egokitzea gehien kostatzen ari zaiona Harden da. Ez du liga ezagutzen, eta nabari zaio. Baina, pixkanaka, badoa». Bestalde, Yurena Diezek eta Maria Españak eskarmentua emango dietela uste du. «Horregatik dira kapitainak. Bi erreferente nahi genituen, baina gero edozein jokalarik izan behar du gai ardurak hartzeko. Horretarako egingo dugu lan». Hortik harago, ez da ausartu denboraldi honetako taldeak kalitate handiagoa duen edo ez esatera. «Kantxan ikusi beharko da. Hobetu dugu, batez ere kanpoko jaurtiketetan. Hor saltoa eman dugula uste dut. Horrek asko lagundu diezaguke partidak estu doazenean, edo barrutik arazoak ditugunean». Uztaipeko jokoaz ere egin du hausnarketa. «Barruko jokalariek mugikortasun handiagoa dute. Gainera, Coulibaly ea ahalik eta azkarren bueltatzen den, gure erreferentea baita».
Helburuei dagokienez, lehena Espainiako Koparako sailkatzeko borrokan egotea izango da. «Ilusio hori dugu, eta horretarako borrokatuko gara, sailkapenak kontrakoa esan arte». Parekotasun handia espero du. «Azken hiru urteetan asko igo da taldeen maila, eta lehiakorra ez bazara, edozeinek irabaz diezazuke. Niretzat, miresgarria da denboraldiz denboraldi hor egotea».
MADDE URIETA
Kutxabank Araskiko entrenatzailea
«Nortasunari eta batasunari fisikoa gehitu diogu; oso pozik nago»
Espainiako selekzioko entrenatzaile laguntzaile gisa Tokioko Olinpiar Jokoetan egon ostean, atseden hartzeko apenas izan du denbora Madde Urietak (Amurrio, Araba, 1981). Baina «gogotsu» ekingo dio denboraldiari. «Normalean, hiru hilabeteko etena izaten dugu, eta luze egiten da. Jokalariei bezala, teknikarioi ere kostatu egiten zaigu martxa hartzea. Nik nahiago dut etena motzagoa izatea. Beraz, alde horretatik, ez dut aitzakiarik».
Arabako taldeak ere aldaketa dezente izan ditu multzoan. Hainbat jokalari garrantzitsuk utzi dute taldea: Laura Quevedok, Tamara Abaldek eta Joy Adamsek, besteak beste. Eta horiek ordezkatzeko bost fitxaketa egin ditu. Tanaya Atkinson eta Leia Dongue dira esanguratsuenak. «Taldea eraikitzen ari gara oraindik, puzzlea osatzen. Pixkanaka ari dira ulertzen taldearen filosofia eta jokatzeko era». Denboraldiaurrean taldea osoa prest izan ez duen arren, baikor da. «Sentipen oso onak ditut. Beti izan ditugun batasunari eta nortasunari fisikoa gehitu diogu. Hori izan da azken denboraldietan falta izan zaiguna». Fitxaketek «asko» emango dietela uste du. «Gure ohiko jokoa egiteko ezaugarriak dituzte: defentsan sendo egotea, eta erasoan bizi eta ausart jokatzea, jaurtiketa eta kontraeraso asko eginez». Fisikoa irabazi dute, baina onartu du taktikoki taldeak orden gutxiago duela. «Oraingo multzoa anarkikoagoa da, eta egin behar duguna da horren barruan kontrol bat izan». Baina, esan bezala, gustura dago multzoarekin: «Sasoiaurrean erakutsi duen izaera lehiakorra gustatu zait».
Horrekin batera, iragan sasoian eduki ez zuten erregulartasuna lortzea du helburu: «Ideiak argi izan behar ditugu, eta egiten dugunari jarraipena eman, neurketa bakoitzean arreta jarriz, urrutirago joan gabe». Bide horretan, denboraldiaurrea oso adierazgarria izan dela uste du. «Ikusi da edozeinek edozeini irabaz diezaiokeela, eta igo berri diren taldeak ere oso ondo indartu direla. Ez dago maila galtzeko hautagai argirik. Hasieratik gure onena behar dugu, eta arreta ez galdu».
Ez du helbururik jarri epe luzera: «Handinahirik ez dudala pentsatuko dute batek baino gehiagok. Baina dudan helburu bakarra larunbatean [gaur] Gironari irabaztea da, eta horrela joango naiz partidaz partida. Hori transmititu diet nire jokalariei ere. Taldea egunero hazten ikusi nahi dut, lehiakorra izaten. Arerioari erreparatu gabe, eta partida bakoitzari garrantzia emanez».
Filosofia hori betidanik du gustuko Urietak. «Egunerokoari asko erreparatzen dion entrenatzailea naiz, entrenamendu eta partida bakoitzari. Alferrik da hemendik bizpahiru jardunaldira izango duzun aurkarian pentsatzea. Izan ere, tartean beste partida batzuk dituzu, taldearen egoera fisiko eta animikoa aldatu egin daiteke, zuk moldaketak egin... Eta berdin aurkariaren kasuan. Beraz, ez dut denbora asko galtzen horretan. Are gehiago denboraldi hasiera honetan».
Zaleak egotea ere erabakigarria iruditzen zaio. «Guretzat ezinbestekoa da Mendizorrotzaren babesa. Jokalariei ez ezik, niri ere laguntzen didate, jokalariei estutzen. Nik beti esaten diet etxean jokatzen dugunean, galdu edo irabazi, zale guztiek harro joan behar dutela etxera». Hain zuzen ere, etxean jokatu dute gaur denboraldiko lehen neurketa, lehiaketako talde indartsuenetako baten kontra: Girona. «Min hartuta edo WNBAn jokalakari asko dituzte, baina oso arerio gogorra da, zure gabezia guztiak baliatzen dituena». Dena den, Urietak azpimarra hau egin du: «Uste dut denboraldi honetan talde gehiago egongo direla Perfumeriasi, Gironari edo Valentziari irabazteko moduan. Ea gu garen lehenak ezustea ematen».
Eraberrituta, baina asmo berberetan
Asteburu honetan ekingo diote ligari Lointek Gernikak, Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek. Gaur, 18:30ean, Kanaria Handia hartuko du Bizkaiko taldeak, eta Girona Arabakoak. Bihar izango da Donostiako taldearen txanda: Valentziaren pabiloian jokatuko du (18:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu