Antoine Griezmann. Realeko jokalaria

«Erabakigarriagoa izan beharko nuke»

Griezmann itxaropentsu dago taldeak hartu duen bidearekin, eta, zaila izan arren, gaur Madrilen ezustekoa eman dezakeela uste du. Bere lanarekin ere gustura dago, baina zintzo dio asko duela hobetzeko.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Antoine Griezmannen (Maçon, Borgoina, Frantzia, 1991) irribarre freskoak aldartea aldatu zion Realari Bigarren Maila petralean. Grinatsua, bihurria eta lotsagabea da, eta aurreneko egunetik erakutsi zuen jokalari garrantzitsua izateko dohainak bazituela. Horrek guztiak, ordea, zimurrik ere eragin dio. Frantziako Futbol Federazioaren zigorra azkena. Realean ahalik eta ondoena arituz ahaztu nahi du pasarte ilun hori. Santiago Bernabeukoa ez da ez agertoki makala.

Aurreko bi denboraldietan ez zenuten Santiago Bernabeun irabazteko aukerarik txikiena ere izan. Garai gozoan joate horrek itxaropenik piztu al dizue?

Ez da inoiz samurra izan Real Madrilen zelaian lehiatzea, eta ez da inoiz izango. Bost axola haiek zer-nolako egoeran aurkitzen diren edo gu bete-betean egon ala ez. Benetan gogorra izan ohi da. Lan ederra egiteko itxaropenez heldu gara. Gehienbat itxura lehiakorra emateko irrikaz. Pixkana munduko edozein plazatan gauzak txukun egiteko ahala badaukagula frogatzea da talde honen erronka.

Eguberrietako etenaren aurretik lortu al zenuten talde fidagarria izatea?

Edozein aurkari gainditzeko ahalmena dugun moduan, edozeinek har gaitzake mendean. Bolada gozoan gaude, eta zenbat eta gehiago iraun, orduan eta konfiantza eta indar handiagoarekin ariko gara.

Real Madrilek urrun du Bartzelona; horregatik lasaiago irtengo delakoan al zaude? Txapeldunen Ligarako indarrak gordetzen edo?

Inolaz ere ez. Ahal bezain ongi jokatzen ahaleginduko dira zaleen aurrean. Haientzat funtsezkoa izango da lehen sailkatuarengana hurreratuz joatea. Konfiantza berreskuratzeko, ez dago neurketak bata bestearen atzetik irabaztea bezalakorik.

Realak atzealdeko lanean aurrerapauso nabarmena eman du. Aurrekooi ez al zaizue gogortasuna faltaerabakigarriagoak izateko?

Baliteke. Gola sartzeko aukerak, behintzat, nahi baino gehiago huts egin ditugu. Ziurrenik, ate aurreko konfiantza faltagatik izango zen.

Carlos Velarekin harreman estua duzu. Benetan uste al zenuen era horretara moldatu zela?

Arsenaletik etorri zenean, garbi neukan ezinbesteko bilakatuko zela guretzat. Banekien zer-nolako ekarpena egin zezakeen. Baloia oinetan hartzen duen bakoitzean arriskua sortzen du, eta azkenaldian hark hautsi ditu berdinketa asko. Erabakigarriena ari da izaten.

Zertan hobetu behar duzu?

Erabakigarriagoa izan beharko nuke. Batzuetan ez dut erabakirik egokiena hartzen zelaian. Esaterako, jokaldia bukatzea dagokidanean, pasea ematen dut, eta alderantziz. Uste dut lesioaren aurretik oker gutxi ari nintzela egiten alde horretatik. Horrez gain, goitikako jokoan asko daukat hobetzeko, eskuin zangoarekin zer esanik ez… Gauza asko dira.

Area barrua sarriago zapaldu nahiko zenuke ala paseak ematea da zurea?

Biak egin nahi nituzke. Badakit oso zaila dela, baina hori da nire erronketako bat. Jokaldi bakoitzean erabaki zuzena hartuz, taldeari ekarpen handia egingo nioke. Eraginkorragoa izan nahiko nuke, azken batean.

Ahalmen fisikoan aldea nabaritu al duzu lehen taldera iritsi zinenetik?

Jakina baietz. Orain arazorik gabe amaitu dezaket neurketa oso bat. Bigarren Mailan pentsaezina zen hori egitea. Ordubeteko ahalegin betearen ostean ezin nuen gehiago, hauspoa izugarri berotzen zitzaidan. Gaur egun ez zait halakorik gertatzen.

Mania berezik zelaira iristean?

Ez bereziki. Batzuetan, kantaren bat abesten dut barrutik pizgarri modura, eta epaileak txistua jo aurretik amonarengan pentsatzen dut beti.

Jokalari grinatsua ez zarenik ezingo dizu inork leporatu, ala?

Martin Lasartek behin eta berriz esaten zidan gozatzen ahalegindu behar nuela, lagunekin jokatzen ariko banintz bezala kalean. Umeek sentitzen dutena sentitu nahi dut nik zelai barruan.

Lesioaz gain, Frantziako Futbol Federazioaren zigorraren berri izan zenuen duela bi hilabete eskas. Horrek zer edo zer itzali al zuen zure gogoa?

Kolpe benetan gogorra izan zen. Animoan igarri nuen. Frantziako taldea telebistaz ikusten dudan bakoitzean, pentsatzen dut bertan egon nintekeela hanka sartu izan ez banu. Realean gauzak ongi egitean bildu dut arreta osoa. Era horretara soilik etorriko baitzait selekzioaren deia noizbait.

Frantziako agintariak bidegabe samarrak izan al ziren zuokin? Irentsi al duzu zigorra?

Oker jokatu nuen. Aitortzen dut. Egunak joan ahala burutik kentzea lortu dut pasarte ilun hori.

Kezkatzen al zaitu arazotsua zarela pentsatzeak?

Ikasten ari naiz, eta horrek guztiak helduago izaten lagunduko dit. Ez naiz inoiz izan arazoetan sartzeko erraztasuna izan duen horietakoa.

Neurketetan gerta daitekeenaren inguruan amets egiten al duzu?

Partidaren aurretik bazkalosteko loa egitera goazenean, burua bueltaka izan ohi dut nerbioengatik. Pentsatzen hasten naiz zer egin dezakedan arriskua sortzeko, taldeari laguntzeko, nola gustatuko litzaidakeen jokaldiak amaitzea. Begiak itxita, Bernabeun irabaziko dugula ikus dezaket.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.