ARRAUNA

Erabakia, fede gaiztoaren baitan

Zumaiak eta Zarautzek Astilleroren lerrokatze okerra salatu dute, baina epaileak artxibatu egin du kasua, argudiatuta ez dela «asmo txarrik» egon.

Zumaiako trainerua, aurreko denboraldiko igoerako kanporaketetan. AITOR ARRIZABALAGA / TKAE
Zumaiako trainerua, aurreko denboraldiko igoerako kanporaketetan. AITOR ARRIZABALAGA / TKAE
pettan uralde
2024ko abuztuaren 14a
17:15
Entzun

Joan den astean, Zumaia eta Zarautz arraun taldeek salatu zuten Astillero taldeko hiru kirolari arraunlari propio gisa zeudela inskribatuta, baina ez zituztela betetzen horretarako beharrezko baldintzak, eta arraunlari horiek zazpi estropadatan behar ez bezala lerrokatuak izan zirela. Hiru bogalari horiek beste klub batzuekin lehiatu ziren aurreko urteetan, Astillerorekin lizentzia zuten bitartean, eta fitxa bikoitz horrek eragotzi egingo zien arraunlari propio gisa hartzea. ETE Ligan lehiatzeko eskatzen diren gutxienekoak hauek dira: harrobiko hiru arraunlari eta zazpi arraunlari propio.

Zumaiak eta Zarautzek uste zuten Kantabriako taldeak bidegabeko lerrokatzea egin zuela, kalifikazio hori izateko eskatzen ziren baldintzak betetzen ez zituzten hiru arraunlari bere egin zituelako. Horrexegatik, Gipuzkoako bi taldeek gutun bateratu bat idatzi zuten KAEra, Astillero zigortu zezaten. 

Bada, lehiaketako epaileak bi kluben errekurtsoa artxibatzea erabaki du, Astillerok «asmo txarrik gabe» jokatu duela iritzita. Epailearen arabera, ezin dira estropadetako puntuak baliogabetu klubak «asmo txar nabarmenik izan ezean», lerrokatze okerra onartzen bada ere. Horrela, talde kantabriarrak lidergoan jarraituko du, Zumaiak baino lau puntu gehiagorekin eta Zarautzek baino 21 gehiagorekin. Hiru ontzietatik bi Euskotren Ligara igotzeko kanporaketetarako sailkatuko dira, eta taldea zigortzeak Zarautzi emango lioke aukera hori.

Epailearen erabakia «ulergaitza» iruditu zaie Zarautzi eta Zumaiari. Haizea Aizpurua Zarauzko taldearen zuzendaritzako kideak adierazi du Astillerok erakutsi dituen arraunlarien historiak ez datozela bat aurreko urtean erakutsitakoarekin, eta, beraz, badagoela zantzu nahikoa jakiteko jakitun zeudela egiten ari zirenaz. «Klub guztiek dakite beren arraunlariak propioak diren edo ez, kupo horiekin jokatzen baita denboraldi guztian. Informazioa ezkutatze horrekin, eta aurreko urtean emandako historia faltsu horiekin, guk argi daukagu asmo txarra badagoela».

Telmo Deuna-rentzat ere kolpea izan da albistearen berri izatea. Kike Manterola entrenatzaileak dio «harrigarria» dela ligak hartu duen erabakia, eta ez zuela inola ere espero. «Iruditzen zait nahiko nabarmena dela Astilleroren hanka sartzea. Kanpotik ekarri baduzu arraunlari bat, badakizu hiru urte egin behar dituela zure taldean propio izateko, eta nahastea oso zaila iruditzen zait gai honetan».

Azken aukera

Hurrengo pausoa errekurtsoa jartzea izango da Gipuzkoako bi taldeentzat. Aizpuruari zaila iruditzen zaio asmo txarra egon dela frogatzea. «Ebazpen honek aurrekari larri bat sortu duela uste dut, asmo txar ez baitugu guk demostratu. KAE liga onartzen ari da orain arteko hamaika estropadetatik zazpitan beste arau batzuekin jokatu duen talde batek bandera irabaztea, kanporaketetarako sailkatzea eta txapelketa irabaztea. Ez dakit nolako sinesgarritasuna duen ligak».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.