Erabaki «zuzena» da, euskal kirolarien ustez

Euskal kirolarien artean baziren batzuk Tokion izango zirenak uztailean, edo han lehiatzeko aukera handia zutenak. Jokoak atzeratzea kirol legez hartu dute: «Logikoa da».

Uztaiak dira Olinpiar Jokoen ikurretako bat. JEAN-CHRISTOPHE BOTT.
Julen Etxeberria - Aitor Manterola
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Olinpiar Jokoak urtebetez atzeratzearen inguruan, iritzia eskatu die BERRIAk Tokion izatekoak edo izateko aukera handiak zituzten hainbat euskal kirolariri.

MAIALEN CHORRAUT Piraguista

«Denbora behar dut hau dena ondo barneratzeko»

Duela lau urte goia jo zuen Maialen Chorrautek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1983), eta kolkoan darama Rio Janeiroko Jokoetan irabazitako urrezko domina. Prestatzen ibili da garaikur handiena defendatzeko Tokion, baina azken unean kendu diote aukera hori. «Kosta egingo zait hau dena barneratzea». Onartu du erabakia, hala ere: «Logikoa da, hartu beharrekoa».

Lau urteko olinpiar ziklo hau «zaila» egin zaiola onartu du: «Beti presaka ibili naiz, Tokiora iritsiko nintzen edo ez ezbaian, eta iristea lortu dudanean, lau hilabete falta direnean, aukerarik gabe utzi naute. Burua dagoeneko Tokion neukan», kontatu du ur lasterrerako piraguistak. Orain, beste prestakuntza aldi bati ekin beharko dio, eta horren atzean ikusten ez den guztia prestatzeak ematen dio kezka: «Ez da hain erraza. Dena ondo-ondo lotu behar izaten da, non lehiatu eta abar. Gainera, ematen du urtea luzea dela, baina azkar pasatzen da, eta gauza asko dauzkagu egiteko».

IÑIGO LLOPIS Igerilaria

«Erabaki zuzena da.Ez dira betetzen gutxieneko baldintzak»

Iñigo Llopis igerilaria (Donostia, 1998) sailkatuta zegoen jada Tokioko Paralinpiar Jokoetarako, gutxieneko marka lortu baitzuen duela hilabete bizkar estiloko 100 metrokoan. Baina beste urtebete itxaron beharko du Rio de Janeiroko (Brasil) esperientziari Tokiokoa gehitzeko. «Faena» dela aitortu arren, berehala nabarmendu du «erabaki zuzena» dela Jokoak atzeratzea. «Ondo ikusten dut hartu duten erabakia. Argi dago ez direla inondik inora betetzen halako lehiaketa handi batean parte hartzeko gutxieneko baldintzak. Jokoak ez dira txorakeria bat, lau urteko lana dago jokoan. Onena da urtebete atzeratzea, egoera hobea denean. Osasuna da garrantzitsuena».

Osasun baldintzei ez ezik, kirol baldintzei ere erreparatu die Llopisek. Egoera honetan igerilariek entrenatzeko dituzten «arazoak» azpimarratu ditu. «Ni igerilaria naiz, baina, etxean egonda, ezin dut igeri egin. Ez dut igerilekurik, noski. Kirol ariketak egin ditzaket, arlo fisikoa lantzeko, baina horrekin ez noa inora. Igerilari batek igeri egin behar du».

Gaztea da Llopis, 21 urte besterik ez. Beraz, ondo bidean, kirol ibilbide luzea egin dezake oraindik.

ANE SANTESTEBAN Txirrindularia

«Lasaitua hartu dut. Ezinegonak hartuta nengoen»

«Lasaitua» hartu du Ane Santestebanek (Errenteria, Gipuzkoa, 1990) Tokioko Olinpiar Jokoak urtebete atzeratu dituztela jakinda. «Erabaki bat hartu beharra zegoen. Ezin zen gehiago itxaron. Kirolariok helburuak behar ditugu, helburu zehatzak. Ezin gara hiru urtez entrenatzen aritu, azken unera arte jakin gabe ea Jokoak egingo diren edo ez. Horregatik, ezinegonak hartuta nengoen aspalditik. Azkenean, hartu dute erabakia, eta horrek lasaitasuna eman dit. Gainera, nire iritziz, erabaki zuzena da. Urtebete atzeratzearen aldekoa nintzen ni».

Osasun baldintzak ez ezik lehiarenak ere ez zirela betetzen dio. «Gaur [atzo] bertan hitz egin dut taldekide alemaniar batekin, eta bera errepidera atera daiteke, eta normal antzean entrenatu. Beraz, lehia hasten denean, ez du entrenamendu faltarik sumatuko. Nik, aldiz, ezin dut halakorik egin. Ezin naiz etxetik atera. Arrabola egitea beste aukerarik ez dut, eta nire kasuan, ez nahi bezainbeste, sufritu egiten baitut. Ez litzateke justua halako baldintza ezberdinetan aritu diren txirrindulariak elkarrekin lehiatzea».

ANDER ELOSEGI Piraguista

«Ez da ezustea izan, bagenekienhau gertatuko zela»

Jokoak atzeratzeko erabakiak ez du ezustean hartu Ander Elosegi (Irun, Gipuzkoa, 1987), baina piraguistari kezka handi batzuk sorrarazi dizkio: «Ni jada sailkatuta nengoen Tokion lehiatzeko, eta orain ez dakit berriz lortu beharko dudan edo ez». Onartu du esku artean duen txartela dantzan jartzea «kolpea» litzatekeela. Hala ere, esan du Jokoak atzeratzeko erabakiarekin «dramarik» ez duela egingo. Burua jada aurtengo beste lehiaketetan jartzen ari da, ezer garbirik ikusten ez badu ere: «Zalantzan dago dena, ea lehiatu ahal izango garen edo ez. Baina ez dauka itxura onik».

Beste urtebete Jokoetarako prestatzen aritu beharraz iritzi hau dauka: «Lau urtez aritu naiz jo eta su, eta orain beste urtebete jardun beharrak pixka bat izorratzen nau, baina onartu beharra dago. Hauxe daukagu».

MAITANE MELERO Atleta

«Nire kasuan dena dago airean datorrenurtera begira»

Bi sentipen azaleratu dizkio Jokoen atzerapenak Maitane Melerori (Iruñea, 1983): batetik, arduraren ikuspegiarena, eta talaia horretatik begiratuta, begi onez ikusi du erabakia. «Ezin da arriskuan jarri kirolarien eta ikusleen osasuna», esan du. Gainera, kirolariak etxean entrenatzera behartuta daudenez, horrek ere zalantza gutxi eragin dizkio: «Ezin naiz ondo prestatu: horrela ezin da Jokoetara joan». Beste alde batetik, ordea, gaziaren gazia eragin dio Jokoak atzeratu izanak: «Aurten, aurreneko aldiz, kirolari emanda nabil guztiz, laneko baimen bat hartuta; hain zuzen, Jokoetara sailkatu ahal izateko». Dena utzi apustu handi horri heltzeko, eta ezer gabe geratu da: «Gaizki atera zait», onartu behar izan du.

Onartzea, ordea, nekeza egin behar zaio, datorren urtean ziurrenik ezingo dela aurten bezala aritu atletismoan: «Lanera itzuli beharko dut ziurrenik, eta kiroleko jarduna lehen bezala egin beharko dut, lanarekin eta familiarekin uztartuz». Horregatik, ez daki datorren urtean Tokiora heltzeko moduan izango den. Aurten atea gurutzatzear zegoela ikusteak min handiagoa egiten dio: «Aukera handiak neuzkan Tokion egoteko». Gogoeta guztiak elkarrekin nahastu eta gero, honela deskribatu du egoera: «Nire kasuan, dena dago airean datorren urtera begira».

IÑIGO PEÑA Piraguista

«Lasaitasun handia hartu dut atzerapenarekin»

Beste kirolari guztiak bezala, etxean ari da entrenatzen Iñigo Peña (Zumaia, Gipuzkoa, 1990), eta etxean harrapatu zuen Tokioko Jokoen atzerapenaren albisteak. Lasaitasuna ekarri dio erabakiak, eta piraguistak azaldu du zergatik: «Gure beste aurkari batzuei baimena eman diete beti bezala entrenatzeko, eta guk ezin dugu hori egin. Itogarria ari zitzaidan egiten Jokoetan ezingo ginela haien parean aritu jakitea. Horregatik lasaitu naiz atzerapenaren berria jakitean. Bestelakoan ere erabaki ona da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.