Zazpigarren jardunaldian galdu du lehen aldiz Athleticek Europa ligan. Orain arte jokaturiko sei partidetatik bost irabazi eta bat berdindu ondoren, ibilbide distiratsua egiten ari ziren zuri-gorriak, baina era mingarrian galdu dute gaur, Besiktasen zelaian. Berdinketa soil bat aski zuten lehen zortzi postuetan tokitxo bat bermatua izateko, baina lekutan geratu da helburu hori. Atsedenaldira banakoarekin heldu dira bi taldeak, baina bigarren zatian astindu galanta hartu dute Ernesto Valverderenek. Freskotasunik eta inspiraziorik gabe jokatu dute, eta itxaron egin beharko dute final-zortzirenetarako zuzenean sailkatzeko. Biharko emaitzen arabera lor dezakete helburua, baina, emaitza horiek laguntzen ez badute, datorren astean San Mamesen izango dute beste aukera bat, Viktoria Pilsenen aurka.
Espero bezala, Valverdek aldaketa dezente egin ditu hasierako hamaikakoan: sei, guztira. Taldea lehiakorra osatu nahi izan du entrenatzaileak aldaketa horiek eginda, eta guztiaren premia izan du partidaren hasieran. Egoerak hala behartuta, intentsitate izugarrian zelairatu da Besiktas, eta ito beharrean ibili dira zuri-gorriak. Lehen minutuetan hainbestean eutsi diote erritmoari, baina, partidak aurrera egin ahala, etxekoak izan dira nagusi: pixkanaka, tentsioa uxatu dute, gero eta hobeto jokatzen hasi dira, eta 16. minutuan egin dute 1-0ekoa. Gol ederra sartu du Rashicak, areaz kanpotik begia jarri duen tokian ipini baitu baloia.
Gola sartuta, Besiktas lasaitu eginda, baina Athleticek aurrera egin ezinda jarraitu du. Presiora beti berandu iritsi dira jokalariak, eta sufritu egin dute Besiktaseko aurrelariekin, batez ere baloi luzeetan. Erasoan, berriz, Nico Williams izan da zuri-gorrien arma bakarra. Haren hegaletik saiatu dira erasoa jotzen, baina nekez igaro dute zelaiaren hiru laurdena. Hori ikusita, Williams anaietan gazteenak beste hegalera jo du, baina han ere zaharrak berri. Defentsan bi lerro sendo eraikita, Besiktas eroso ibili da, eta partidan ahalik eta gauza gutxien gertatzea izan da turkiarren xedea. Hots, Athleticek zerbait badu, zera du: beti saiatzen dela. Bada, lehen zatiko azken jokaldian lortu du banakoa, Unai Gomezi esker. Bermeotarrak ez du alferrik galdi Pradosek nahi gabe emandako pasea, eta ederki gurutzatu du baloia ezker hankarekin.
Aldaketek, fruiturik ez
Gol horrekin amaitu da lehen zatia, eta, bigarrenean, Besiktas zezen baten moduan zelairatu da berriz ere. Berdintzea ez zuen aski Europa ligan bizirik irauteko, eta itsu-itsuan jo du garaipenaren bila. Valverderen taldeak ez du asmatu aurkariaren presioari etekina ateratzen. Etxekoak behin eta berriz aritu dira erasoan. Lehenbizi, Immobilek aukera garbia izan du 50. minutuan, baina Agirrezabalak ongi erantzun dio. Lau minutu geroago, Immobileri berari atepetik atera dio baloia Unai Nuñezek. Eta, azkenean, 60.ean iritsi da 2-1ekoa. Nico Williamsek baloi arriskutsu bat galdu du zelai erdian, eta Besiktasek ederki baliatu ditu tarteak: Rashicak gola sartu du berriz.
Gol horren ondoren, aulkia astindu du Valverdek, eta Iñaki Williams eta Ruiz de Galarreta zelairatu. Azken horrek soilik bost minutu egin ditu zelaian, erretiratu egin baita giharretako lesio batengatik. Zuri-gorriek ez dute bururik altxatu, eta etxekoek aukera hori baliatu dute festa are handiago bilakatzeko. 77. minutuan egin dute 3-1ekoa, eta luzapenean laugarren gola, penaltiz. Badirudi lehen zortzien artean sailkatzeko bideak ez diola ihes egingo Athletici, baina galtzeko modu bat baino gehiago dago, eta porrot honek min egingo die zuri-gorriei.
Valverde kritiko mintzatu da partida amaieran. «Hau Europa da, eta gogor jokatzen da hemen. Ondo egon nahiko nuke beti, baina ezin da. Gaur guk izan ditugu arazoak, eta horrek balio behar digu ikasteko asko dagoela jokoan eta hau ez dela erraza».
Besiktas. Gunok; Svensson, Topcu, Uduokhai, Masuaku (Zaynutdinov, 69. min.); El Masrati, Fernandes; Rashica (Joao Mario, 79. min.), Rafa Silva (Ndour, 87. min.), Ernest Muci (Bulut, 87. min.); eta Immobile (Semih, 69. min.).
Athletic. Agirrezabala; De Marcos, Nuñez, Paredes, Yuri; Prados (Ruiz de Galarreta, 61. min.); (Vesga, 67. Min.), Jauregizar; Berenguer (Djalo, 78. min.), Unai Gomez (Nico Serrano, 78. min.), Nico Williams (Iñaki Williams, 61. min.); eta Guruzeta.
Golak. 1-0: Rashicak (16. min). 1-1: Unai Gomezek (45. min). 2-1: Rashicak (60. min.). 3-1: Rafa Silvak (77. min.). 4-1: Joao Mariok, penaltiz (91. min.).