Goizak lasaiak izaten dira Iurretako alde zaharrean (Bizkaia). Merkatu eguna da, baina Olaburu pilotalekuan dagoen kofradiara ez dira iristen saltzaileen oihuak. Horrek, baina, ez du esan nahi han oihurik ez dagoenik, bertan Josetxo Areitio baitago (Iurreta, Bizkaia, 1967), eta entrenamendua dagoenean hura ez da isiltzen. «O, o...! Ardia dirudi hark: beti dugu gainean. Harekin ez dago erlaxatzerik; entrenamendu fisikoa motza bada, intentsitate oso altukoa izatea nahi du», deskribatu du Andoni Aretxabaletak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1992), berezko duen grazia horrekin. Asegarceko pilotari bizkaitar ia guztiak bertan elkartzen dira goizero lan fisikoa egin, teknifikatu, partidak jokatu eta, nola ez, elkarri adarra jotzeko, eta animoak zein aholkuak emateko.
Multzoaren kimua Pablo Berasaluze (Berriz, Bizkaia, 1977) eta Areitio dira. 2010ean elkarrekin hasi ziren lanean, eta apurka haziz joan da multzoa. Mikel Urrutikoetxea (Zaratamo, Bizkaia, 1989) izan zen bigarrena, gero Ibai Zabala (Berriz, Bizkaia, 1987)... Areitio Asegarceko prestatzaile fisikoa da, baina arlo tekniko eta taktikoak ere lantzen ditu. «Ni entrenatzaile bat naiz», dio. Jarreran nabari zaio futbol mundutik datorrela. Harena, baina, ez da bulegoko langile baten lana, goizeko saioa izerdi patsetan bukatu baitu. Lehenbizi, lan fisikoa egin du Aretxabaleta, Urrutikoetxea, Zabala, Alexis Apraiz (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1984) eta Jon Apaolaza pilotari afizionatuarekin, eta gero bakarkako saio teknikoa Mikel Larunberekin (Galdakao, Bizkaia, 1993). Goiz osoa egin du kantxan. «Nik erantzukizun handia dut hemen; denak profesionalak dira, eta sasoi betean egon daitezela da nire ardura. Giro ona garrantzitsua da, baina kalitatezko entrenamenduak ere bai».
Luxu hitza maiz agertu da goiz osoan. Areitiok asko eskertzen die Iurretako Udalari etaOlaburu pilota elkarteari —bertan monitore da— azpiegiturak erabiltzeko ematen dieten erraztasuna. Pilotaleku polita da, gimnasio txiki batekin, eta futbol zelaia gertu du. Gutxi behar dute entrenatzeko. Gaur, esaterako, makila batzuk, zinta amerikar pixka bat, eta bi futbol baloirekin egina du dena. Horrekin eta jenio pixka batekin, Areitiok nahikoa du Apraiz, Urrutikoetxea, Zabala eta Apaolaza arnas-estuka uzteko.
Apraiz da atzelari beteranoena, eta bera da multzoko adar jotzailea. «Fisikoa egitean asko eskertzen da multzoa. Bakarka eginez gero, bi bider denbora gehiago behar duzu, eta intentsitatea agian ez da bera». Lehen, sarri joan behar izaten zen Gernikatik Tolosara (Gipuzkoa). Iurretan, aldiz, kilometroak, gasolina eta orduak aurreztu ditu. Denek eskertzen dute gertutasun geografikoa. Tira, Apaolaza afizionatua da salbuespena. 19 urte ditu, eta Urretxutik (Gipuzkoa) joaten da egunero, eta handik Eskoriatzara ingeniari ikastera. «Oso zortedun sentitzen naiz. Asko ikasten da hemen. Pentsa, buruz buruko txapelduna, binakako txapeldunordea... Urrutik asko harritu nau, eta Pablorekin entrenatzean ez dakizu pilota non dagoen». Multzoko beste kideen miresmena aspaldi lortu zuen.
Bizkaitarrek bat egin zutenetik, multzoak emaitza onak lortu ditu. Aurten Urrutikoetxeak bi final jokatu ditu: Berasaluzek bat eta Larunbek beste bat. Iaz Aretxabaleta eta Zabala ibili ziren txapelen lehian. «Errutinak» izendatu ditu Zabalak. «Hemen lan ezberdina egiten dugu, konoekin, makilekin... Esplosibitatea eta halakoak lantzen ditugu. Dena den, sekretua, eguneroko lana da». Zabala mintzo den bitartean, Larunbe entrenatzen ari da. Eten bat egin du, eta Zabalak oihu egin dio: «Entrenatzen asko estutzen duzunean, askotan okerrago jokatzen duzu; neurtu, beraz!». Aholku zehatza, beste gako bat. Zabala berriz ere. «Bai, asko hitz egiten dugu hemen. Hori garrantzitsua da. Saioak hasi aurretik, besteen eta gure partidak komentatzen ditugu, gauza onak, txarrak... Txantxek ere mesede egiten dute».
Apraizek ere gustuko du rol hori: «Ni beste atzelariei ahalik eta gehien irakasten saiatzen naiz; asko motibatzen nau lan horrek». Areitio ere iritzi berekoa da. «Niri Pablok irakatsi dit pilotari buruz dakidan guztia, baina oraindik ere ikasten jarraitzen dut. Multzoak berak irakasten dit, euren esperientziak kontatzen dituztenean». Solasaldi horietatik ere xurgatu izan du Urrutikoetxeak. «Nik beti esan dut aholkuak onak direla, eta batzuetan errieta bat erortzen bada ere, entzuten jakin behar da. Baina, oro har, oso giro ona dugu».
Ikustekoa da ariketa fisikoak egitean erakusten duen sasoia. Debutatu berritan asko kostatzen zitzaion lehiak bukatzea, baina orain gogortu egin da. «Pasada handiak hartutakoak gara hemen. Oso gogor egiten dugu lan, eta hauspo hori horren ondorio da».
Arlo fisikoan jauzi handia eman zuen beste bat Aretxabaleta izan zen. Oraindik gogoan du hasiera. «Hemen egin nituen lehen zazpi hilabeteak beldurgarriak izan ziren. Egunero leher eginda bukatzen nuen; askotan, ezta bazkaldu ere ez nuen egiten: zuzenean sofara joaten nintzen. Gurasoek barre egiten zidaten. Sinestezina zitzaien hori ona izatea. Handik zazpi hilabetera, eskua sendatzeaz bat, uda oso ona egin nuen. Lanera egokitu nintzen, eta handik iritsi zen Aimar Olaizolarekin jokaturiko txapelketa».
Gazteak babesten
Areitiok plangintza berezia egiten dio pilotari bakoitzari. Astelehenean denak elkartzen dira, eta saioak osatzen ditu. «Niri Pablok hori erakutsi zidan: emaitza onak lortu nahi badituzu, pilotari bakoitzarekin lan berezitua egin behar duzu». Normala da premiak, egutegiak... ezberdinak dira. Areitiok dioenez, baina, berak ez du lehentasunik: denak dira garrantzitsuak. «Niretzat berdin da lau t'erdiko finala edo Andonik ostiralean duen partida. Txapelak eta finalak ondo daude; multzoari mesede egiten diote, lanarekin fruituak datozela erakusten dutelako, baina guretzat partida guztiak dira garrantzitsuak».
Egun, multzoko proiektuetako bat Larunbe da. 22 urte ditu, eta ezpal ona da, eta multzoko besteek babestu egiten dute. Berak asko eskertzen du, eta loreak baino ez ditu Areitiorentzat: «Pasioz bizi du, eta hori kutsatu egiten dizu. Gainera, beti dago prest entrenatzeko». Nagirik gabe etortzen da: «Taldean dena arinagoa da. Apraiz etortzen denean, gainera, asko nabaritzen da; umorea berezkoa du horrek, eta beti ibiltzen da pasadizoak-eta kontatzen».
Epizentroa, Iurretan
Mikel Urrutikoetxea ez da bakarrik entrenatzen. Asegarceko pilotari bizkaitar ia guztiak egunero elkartzen dira Josetxo Areitioren aginduetara elkarrekin izerdia bota eta aholkuak entzun eta trukatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu