Futbola

Etxetik kanpoko lehen garaipen epikoa Alavesentzat

Alavesek 25 jardunaldi zeramatzan Ligan bisitari gisa irabazi gabe: hamar ikasturte honetan, eta hamabost 2021-2022ko denboraldian. Marka hori puskatzea lortu du, eta Sevillaren etxean irabazi gabe ia 70 urte eman dituen bolada ere eten du.

(ID_13489235) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Duartek sartu du garaipenaren gola. JULIO MUÑOZ / EFE
pettan uralde
2024ko urtarrilaren 12a
23:56
Entzun

Alavesek garaipen garrantzitsua lortu du Sanchez-Pizjuanen (2-3), denboraldi honetako lehena Ligan bisitari gisa, eta jaitsierako postuetatik aldentzen duena. Gainera, Sevillari kalte handia egin dio porrot honek, eta maila ez galtzeko borrokan bete-betean sartuta utzi du. Nahuel Tenagliaren gol batek eta Kike Garciaren beste batek 0-2ko emaitza argia jarri du atsedenaldiaren aurretik, baina ondoren Rafa Mirrek eta Ocamposek berdindu egin dute hamar minuturen faltan. Alavesek, ordea, berriro jo du Ruben Duarteren golarekin, eta hiru puntuak eskuratu ditu. Garaipen honekin, talde andaluziarraren krisian sakondu du Alavesek, eta txapelketaren bigarren itzuliaren hasiera honetan lau punturen aldea sartu dio sailkapen nagusian.

Sevillak eta Alavesek Ligako bigarren itzulia ireki dute Sanchez-Pizjuanen, aurreko asteburuan Espainiako Kopako konpromisoak gainditu eta txapelketako final-zortzirenetan sartu ondoren. Bi taldeak egiteko askorekin iritsi dira partidara, jaitsiera postuetatik gertu baitaude; beraz, hiru puntuak oso garrantzitsuak ziren bigarren itzuli hau modu onenean ekiteko.

Etxeko taldea bolada txarrean dago denboraldi hasieratik, eta hasierako txistutik gauzak argi utzi dizkio Gasteizko taldeari. Isaac Romero harrobiko aurrelaria buruz saiatu da baloia iritsi zaion lehen jokaldian, eta, handik bi minutura, Jesus Navasek langa aurkitu du urrutitik egindako erremate indartsu batean. Alaves ez da baloiaren jabe izan lehen hamabost minutuetan, eta arrazoi gutxi erakusten ari zen baikorrak izateko.

Baina gasteiztarren alde partida aldatzen hasi da. Minutuek aurrera egin ahala, aurkariak ezin izan dio intentsitate berari eutsi, eta horrek aukera eman dio Marko Dmitrovic serbiarrak defendatzen duen atea hurbilagotik ikusteko; izan ere, bigarren korner jaurtiketan, Nahuel Tenaglia erdiko atzelari argentinarrak 0-1ekoa jarri du, Sevillak jokaldia gaizki defendatu ondoren.

Gola ordu erdia baino lehentxeago iritsi da, eta Sevillari, bere sailkatze egoeragatik konfiantzarik gabe dagoenari, kolpea nabaritu egin zaio. Hori baliatu egin du Alavesek, nahi izan duen min guztia egiteko. Horrela, Kike Garciak berriz ere etxekoen defentsa ahula baliatu du 0-2koa jartzeko berrogei minutura. Gainera, hirugarrenetik oso gertu egon da lehen zatiaren luzapenean, nahiz eta Dmitrovicen eta zutoinaren artean ezin izan duen emaitza aldatu.

Ez du amore eman

Bigarren zatian, Alaves askoz konbentzituago ikusi da lehenengoaren hasieran baino, eta horrek Quique Sanchez Flores azkar mugitzera eraman du. Hiru aldaketa egitera bultzatu du egoerak, eta Sow suitzarra, Rafa Mir eta Mariano dominikarra sartu ditu Sevillak berdegunera. Baina Sevillarren erreakzioa berandu iritsi da, eta Luis Riojak ere gertu izan du 0-3koa. Azkenean Rafa Mir izan da, hirurogeita hamar minuturen buruan, 1-2koa lortu duena. Bere taldeak puntu bat behintzat eskura zezakeela sinistu du momentu horretan.

Eta Sevilla amore ematen ez duten talde horietako bat da batik bat. Hamaika metroetatik iritsi da berdinketa. Carlos Benavidez uruguaitarrak Marianori egindako faltaren ostean VARak berrikusi egin du, eta Ocamposek gola sartu du.

Baina etxekoen pozak gutxi iraun du, 89. minutuan Ruben Duartek, Sevillak gaizki defendatutako beste jokaldi batean, 2-3koa jarri baitu. Bisitarien poza eta etxekoen depresioa. Gutxien espero zenean, Alaves lur jota zegoenean, nonbaitetik indarrak atera ditu Luis Garcia Plazaren taldeak, eta Sanchez-Pizjuan zelaia mutu utzi du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.