Bere ibilbidean bigarren aldiz izango du gaur San Mamesen jokatzeko aukera Garazi Murua Athleticeko atzelariak (Getxo, Bizkaia, 1995). Lehenengoan adina ilusio eta gogo du.
Bi urte pasa eta gero San Mamesen ariko zarete berriro ere. Pozik al zaudete?
Bai, noski. Pozik eta ilusio handiz gaude gaur jokatzeko. Batetik, San Mamesen jokatzeagatik, eta, bestetik, taldea ondo ari delako, nahiz eta igandean galdu egin genuen Bartzelonaren kontra. Gauza oso onak egin genituen, eta horiek baliatu behar ditugu gaurko lehian ere.
Zuk bigarren aldiz jokatuko duzu San Mamesen. Zein sentipen eragiten dizu horrek?
Sentipen nahasketa bat dut: ilusioa, gogoa, urduritasun puntu bat... Osagai guztiak ditu partida handia izateko. Nik ez nuen izan San Mames zaharrean jokatzeko aukerarik, baina duela bi urte pasatxo berrian bizi izan genuena, Txapeldunen Ligan, Fortuna Hjorringen aurka, ahaztezina da niretzat.
Zirrara hori desberdin sentitzen duzu orduan eta orain?
Beste lehiaketa bat zen. Aurkaria ez genuen horren ondo ezagutzen, eta joan-etorriko kanporaketa zen. Orain, agian, lasaiago nago, Atletico Madril ondo ezagutzen dugulako, eta badudalako San Mamesen jokatzearen esperientzia. Baina ilusioa eta gogoa orduko berak dira. Sentipen horiek ondo kontrolatzea garrantzitsua izango da, aurrera egiteko aukera izateko. Disfrutatu egin behar dugu, baina ezin gaitu urduritasunak mendean hartu.
Noiz antzematen duzu gehiago sentipen nahasketa hori, partidaren aurretik edo jokatzen ari zaren bitartean?
Berotzera ateratzen zaren lehen une horretan, ziurrenik. Izan ere, atzo bertan entrenatu ginen arren, zalez beteta ikustea ez da berdina. Orduan konturatzen zara zelaiaren handitasunaz, dagoen giroaz... Baina sentipen nahasketa hori positiboa da, indarra ematen dizulako. Behin partida hasita, hori guztia ahazten duzu, nahikoa duzulako zure lana ondo egitearekin.
Salgai zeuden sarrerak agortu egin dira. Bazkideen aldetik nolako erantzuna espero duzu?
Oso animatuta ikusten ditut, eta niri, behintzat, sarrera asko eskatu dizkidate. Bazkideek ondo erantzuten badute, estadioa betetzeko zorian egon daiteke. Ziur nago hala izango dela.
Asko aldatzen al da partida San Mamesen jokatu edo Lezaman jokatu?
Zelaitik kanpo, agian bai, egongo den giroagatik. Baina bestela ez, bi zelaien neurriak berdinak baitira.
San Mamesen gehiagotan jokatzea gustatuko litzaizueke?
Bai, noski. Orain, zerbait berezia da, baina epe ertainera ohikoa izatea nahiko genuke, eta asteburuero bertan jokatzea. Aitzindari izan ginen horretan, eta uste duthorrek izan behar duela joera: emakumezkoon partidak ere estadio handietan jokatzea, merezi duen ikusgarritasuna emateko.
Giroaz haratago, Espainiako Kopako finalerdietarako sailkapena duzue jokoan. Zein joko egiteko asmoa duzue?
Igandean Bartzelonaren aurka egin genuen bezala: bizi-bizia. Haien atzeko lerroa estutu egin behar dugu, baloia ahalik eta azkarren berreskuratzeko. Horrela bi gauza lortuko ditugu: batetik, baloia arrisku inguruetan berreskuratzea; eta, bestetik, haiek zailtasunak izatea arrisku jokaldiak egiteko. Aurrean jokalari oso erabakigarriak eta arriskutsuak dituzte, eta ezerezetik gol bat sartzeko gai dira. Hori eragotzi behar dugu. Eta, gero, baloia berreskuratzean, lasai eta pazientziaz jokatu behar dugu, jokaldiak ondo lotu eta zuloak topatzeko. Izan ere, oso zaila da Atletico Madrili gol aukeraren bat sortzea, eta ditugun apurrak ondo aprobetxatu behar ditugu. Beti aipatu izan da aurreko jokalarien maila, baina atzean ere oso talde sendoa da. Buruz buruko jokoan trebeak dira, baina talde gisa ere indar handia dute.
Duela bi aste, ligan, bigarren zatian ondo egin zenieten aurre. Orduko joko hori errepikatzea da asmoa?
Bai, hori da. Presio gogorra egin genien baloia ateratzen hasten zirenean, eta, horri esker, estu hartu genituen. Deseroso aritu ziren. Pena izan zen ez genituela izandako gol aukerak aprobetxatu, eta 3-0 galdu genuela.
Atletico Madrileko jokalariakohituta daude astean hiru partida jokatzera. Hori abantaila izan al daiteke haientzat?
Egia da ohituago daudela, Txapeldunen Ligan jokatzen dutelako. Baina ez dut uste hori erabakigarria izango denik. Batetik, bi taldeek igandean jokatu genuelako; eta, bestetik, guk San Mamesen bultzada izango dugulako. Horrek indar berezia emango digu, bai fisikoki eta bai psikologikoki. Partida bakarreko kanporaketetan hori erabakigarria izaten da askotan. Espainiako Koparekin dugun arantza behingoz kendu nahiko genuke sasoi honetan, ez dugulako sekula irabazi, eta taldea finalera iritsi den bi aldietan penaltietan galdu zuelako.
Azken bi sasoietan Bartzelona gailendu eta gero, Atleticok ere bere gain hartu du Kopa irabaztearen erronka. Horrek are arriskutsuago egiten du?
Bai, zalantzarik gabe. Baina guk ere Kopa irabazteko ilusioa daukagu, eta partida bakarrera aurrera egiteko aukera gehiago izan ditzakegu. Joan-etorriko kanporaketa izan balitz, zailagoa zatekeen aurrera egitea.
Haien jokalarietako batek ez jokatzeko aukera emango balizute, nor aukeratuko zenuke?
Nire postuarengatik, Ludmila. Indar handia duen jokalaria da, eta atzelariontzat oso zaila da hura zaintzea. Baina beste jokalari on asko ditu: Messeger, Amanda Sanpedro, Angela Sosa, Jeniffer Hermoso...
Nahiago duzu sasoi honetan bezala Kopa denboraldi osoan jokatzea, edo, orain arte bezala, maiatz-ekainetan?
Hala izango zela jakin nuenean, zalantzak izan nituen. Izan ere, ligari pizgarria kentzeko arriskua zegoen, orain arte beharrezkoa zelako ligan lehen zortzien artean sailkatzea Kopan egoteko. Baina, behin probatuta, uste dut aldaketa ona izan dela. Txapelketari beste pizgarri bat eman dio, ez bakarrik denboraldian zehar jokatzeagatik, baita partida bakarreko kanporaketak izateagatik ere. Gainera, talde guztiek dute parte hartzeko aukera, eta hori ere ona da. Bestalde, denboraldi amaierara oso nekatuta iristen gara jokalariak, eta horrek ere baldintzatzen zituen partidak. Ezustekoak emateko aukera gehiago dago orain, eta uste dut hori positiboa dela.
Penalti jaurtiketak landu al dituzue?
Bai, noski. Guztiak egon behar du landua. Izan ere, esaten da penaltiak zori kontua direla, baina nik ez dut uste hala denik. Guk, behintzat, landu egiten ditugu, bai nola jaurtiko ditugun eta bai aurkariak nola egin ohi duen. Horrek lasaiago egoten laguntzen dizu. Jakitun gara 120 minutuko kanporaketa izan daitekeela, eta horri heltzeko prest gaude, bai fisikoki, baita psikologikoki ere.
Arlo pertsonalean, gustura al zaude egiten ari zaren denboraldiarekin?
Bai, oso pozik nago egiten ari naizen lanarekin, eta asko ari naizelako jokatzeko. Ezin dut gehiago eskatu, eta hala segitu nahi dut etorkizunean ere.
Garazi Murua. Athleticeko jokalaria
«Epe ertainera ohikoa izan beharko luke guk San Mamesen jokatzeak»
Atletico Madrileko jokalarien maila goratu arren, Garazi Muruak uste du partida bakarrean edozer gauza gerta daitekeela. Ez du ezkutatu Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatzeko itxaropena baduela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu