Epaiketa, gero eta gertuago

Fermin Otamendi epaileak 'Osasuna auzian' ahozko epaiketa egiteko autoa kaleratu du. Hemezortzi lagun daude inputatuta, tartean Miguel Artxanko presidente izandakoa, eta beste hamabi agintari ohi

Miguel Artxanko Osasunako presidente ohia, Iruñeko epaitegian, 2015eko martxoaren 6an, atxilotua izan zen egunean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2017ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Osasuna auzia-k aurrera jarraitzen du, eta gero eta gertuago dago inputatuak epaitegian, akusatuen aulkian eseriko diren unea. Atzo egin zen beste urrats bat une hori iritsi dadin. Fermin Otamendi Iruñeko Instrukzioko 2. zenbakiko Auzitegiko epaileak ahozko epaiketa egiteko autoa kaleratu zuen. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak —Osasuna eta Espainiako Futbol Liga Profesionala—, igorritako idatziak jaso eta aztertu ostean hartu du erabakia. Behin betikoa da, beraz, ezin da haren aurkako helegiterik aurkeztu.

Epaileak autoan zehaztu egin du zein kargu leporatu dizkien auzian inputatuta dauden hemezortzi lagunei: diruaz modu bidegabean jabetzea, taldearen kontabilitatea eta merkataritza agiriak faltsutzea eta kirol ustelkeria, alegia, hainbat partidatako emaitzak adostea. Epaileak, halaber, zehaztu egin ditu balizko erantzukizun zibilak bermatzeko aurkeztu beharreko finantzak. Handiak dira guztiak: 3.417.000 eurokoa Miguel Artxanko presidente ohiari eta Txuma Peralta zuzendaritzako kide ohiari; 3.411.000 eurokoa Angel Bizkai kudeatzaile ohiari; 3.278.000 eurokoa Juan Pascual, Jose Manuel Purroi eta Sancho Bandres zuzendaritzako kide ohiei; 532.000 eurokoa Diego Makirriain Osasunaren fundazioko zuzendari ohiari; eta 39.900 eurokoa Cristina Valencia eta Alberto Nolla higiezin enpresariei.

Hilabete eta erdian kaleratutako bigarren autoa da. Otsailaren 16an argitaratutakoan, ikerketa aldia amaitutzat eman zuen auzitegiak, eta ebatzi egin zuen ikertutako 29 lagunetatik hemezortzi epaitu behar zituztela. Ebazpen horren aurka, helegitea aurkeztu zuten Purroik eta Makirriainek, baina epaileak ez ditu aintzat hartu. Halere, beste helegite bat aurkez dezakete Nafarroako Auzitegian.

Epailearen arabera, 2,2 milioi euro atera zituzten Osasunaren kontuetatik, inolako argibiderik eman gabe. Hainbat partidaren emaitzak adostu izanaz, berriz, dio zantzuak daudela zuzendaritzako kide ohiek 650.000 euro ordaindu zizkietela Betiseko hiru jokalari ohiri: horietatik 400.000 euro 2013-2014ko sasoiko azken-aurreko jardunaldian etxean Valladolidi irabaz ziezaioten —4-3 irabazi zioten— eta beste 250.000 euroak azken jardunaldian, Sadarren, gal zezaten —2-1 irabazi zuen Osasunak—. Horregatik guztiagatik eskatu du epaituak izan daitezen Artxanko eta haren zuzendaritzako sei kide, fundazioko presidente ohia, Betiseko hiru jokalari ohi, kudeaketa batzordeko bost kide, egungo kudeatzailea eta bi higiezin enpresari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.