Tourrak eta euskarak topo egin zuten atzo Senpere eta Ezpeleta arteko bidean (Lapurdi). 2006tik elkarren berri izan gabe zeuden. Egun bateko harremana izan zuten, eta elkar gehiago entzun zuten irakurri baino. Itzuliak euskarari emango zion trataerak jakin-min handia sortu zuen azken egunetan, eta asmo onak erdizka bete ziren. Senpereko eta Ezpeletako animazio guneetan euskarazko eta frantsesezko esatariak tartekatu ziren, eta euskarak presentzia handia izan zuen. Megafoniatik ele bitan hitz egin zuten; aldiz, afixa informatibo ia guztiak eta publizitate karabana frantsesez zeuden. 2006an baino presentzia handiagoa izan zuen euskarak, dena den.
Tourrak ordu gutxitan okupatu zuen Ezpeleta. Bezperan, kalean, zaila zen irudikatzea ordu batzuk geroago egongo zen zalaparta. Helmugaren azpiegitura guztia gaueko ordu txikietan muntatu zuten: hesiak, pasabideak, pantaila erraldoiak... Azpiegitura horren arreta gune nagusia helmugako atea zen, eta bertan hitz bakarra irakur zitekeen euskaraz: Helmulga. Horrela idatzita, hanka sartze eta guzti. Irteerako arkuan, berriz, abiatzea irakur zitekeen. Herrien izenak ere frantsesez bakarrik zeuden. Aldiz, podiumean Ezpeleta irakur zitekeen. Afixa eta kartel guztien lagina zen hori. Idatzizko informazio guztia frantsesez zegoen. Are gehiago, Ezpeletako sarreran, etxe batean eskegita zegoen Kasu, Ikastolak kexu Seaskak darabilen lelodun afixa kenarazi zioten jendarmeek jabeari. Baina, gero, berriz ere eskegi zuen, gune pribatu bat zela argudiatuta. Publizitate karabanari dagokionez, euskal produktuen berri bakarrik eman zuten euskaraz.
Megafonia piztean, baina, euskarak presentzia handia hartu zuen Ezpeletan. Hiru esatari ari ziren, bi frantsesez eta bat euskaraz, Oihana Dagerre Euskal Irratietako esataria. Hiruren parte hartzea orekatua izan zen, animazioan zein narrazioan, eta Dagerrek bermatu zuen elebitasuna. Emanaldiaren hasieran, gainera, ikastolen lanaren garrantziaren eta euskararen ofizialtasunaren aldeko aldarria egin zuen. Kideek ziotena itzuli baino gehiago egin zuen, eta euskal txirrindulariak euskal herritar bezala aurkeztu zituen.«Beste bi esatariek jarrera oso irekia izan dute. Euskarak presentzia izan behar zuela ikusten zuten, eta eskertua natzaie. Eurek ziotena itzultzeak zentzurik ez zuela ulertu dute, eta ni euskaraz euskaldunei jardun natzaie. Esaterako, euskal txirrindulariak iristean, nik hartzen nuen hitza. Gutxitan ikusi izan dut hain jarrera irekia». Bikain jardun zuen Dagerrek.
Senperen, berriz, Amaia Cazenave France Bleuko kazetaria izan zen euskarazko esataria, eta hark ere lan handia egin zuen. «Euskarak presentzia izan du nire narrazioan; esaterako, euskal txirrindulariak irten direnean eta. Agurra izan da bereziki hunkigarria. Euskaraz egin dugu luze, eta jendea eskerrak ematera jin zait. Jendeak euskara entzun nahi zuen».
Euskararena, baina, ez zen aldarri bakarra. You are in The Basque Country! ekimenak mosaiko erraldoia antolatu zuen Larresoroko jai gunean, eta 750 pertsona bildu ziren. Gari Mujika antolatzailea gustura zen: «Tourrari erakutsi diogu Euskal Herrian sartua zela. Zinez ondo irten da ekimena». Tourreko mosaikoa hainbat segundoan agertu zen telebistaren seinale ofizialean.
Aldarria ez zen mosaikora mugatu: plastikozko ikurrinak eta You are in The Basque Country lelodun kartelak banatu zituzten —bosna kilometro—. «Euskal zaleek hartu dituzte, baina euskal herritarrak ez zirenek ere bai, elkartasunez», azaldu zuen Mujikak. Bide bazterrean ehunka ikurrin ikusi ziren, baita presoen euskal herriratzearen aldeko banderak ere. Lurrean pintaketa gutxi ageri ziren, Tourraren garbiketa zerbitzuek hainbat ezabatu zituztelako.
Jendetza bai, ez uholdea
Erlojupekoak 40.000 pertsona inguru erakartzea espero zen. Hala ere, ez zen izugarriko uholderik egon, eta aparkalekuek eta garraio publikoak ondo erantzun zuten. Jende ugari gauez iritsi zen Ezpeletara, goizez errepideak itxi baino lehenago. Maider eta Jose Luis Gotxi Artziniegako aita-alaben eta Asier, Unax eta Aner Rekakoetxea Orozkoko aita-semeen kasua zen. «Askotan egon naiz Tourrean lagunekin, eta, aurten, bi semeekin joateko aukera izan dut. Bost egun egin ditugu; ea zaletasuna helarazten diedan», esan zuen itxaropentsu Asier aitak. Bi familiak autoan eta furgonetan lo egin ondoren iritsi ziren Ezpeletara, Pirinioetatik. Herri inguruko aparkalekuetan utzi ahal izan zituzten ibilgailuak.
Goizeko hamarrak alderako helmuga inguruan ziren. Orduan, euria ari zuen. Goiza gogorra izan zen, eguraldiak ez baitzuen lagundu. Halakoetan helmuga alboko lekua da preziatuena, eta bertan Arrosatik joaniko hirukote bat zegoen, Emma eta Antony Robine aita-alabak eta Peio Harispuru laguna. 07:00etan bertaratu ziren tokia hartzeko. «Emmak afizio handia du, eta duela hilabete hitzeman nion etorriko ginela. Eta, behin etorrita, toki onena hartu dugu». Romain Sicarden lagunak dira, eta hura animatu zuten sutsuen.
Helmugaren alboan pantaila erraldoidun belardi handi bat zegoen, eta, bertan, zaleak. Eta, zaleen artean, luxuzko batzuk: Haimar Zubeldia, Roberto Laiseka... Zubeldiak hamasei aldiz bukatu zuen Tourra, azkenekoa iaz, eta, orain, beste modu batera bizi du: «1998an Tourmaleten egon nintzen, eta, herenegun ere, Pirinioetan. Lehen, alabak amarekin joaten ziren aita ikustera, eta, orain, aitarekin datoz».
Frantziako Tourra
Entzun, irakurri baino gehiago
Euskarak eduki du tokia Lapurdiko erlojupekoan. Senpere eta Ezpeletako esatariek bermatu dute mezuen elebitasuna. Aldiz, Tourreko karabanan eta afixa informatiboetan ia ez du tokirik izan. 750 pertsona elkartu dira mosaikoa egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu