Jon Salsamendi. Orioko entrenatzailea

«Entrenatzailearen ardura izaten dira emaitza txarrak»

Orioren emaitzak onak izan dira? Txarrak? Eta lana? Galdera asko. Erantzunen bila dabil Jon Salsamendi, udan atera dituen ondorio guztiekin etorkizun hurbila hobetu nahian.

GOTZON ARANBURU / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Orio
2018ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Bi aste eta erdi badira traineru denboraldia bukatu zela. Egindakoa aztertzeko garaia da hau, eta, entrenatzaile guztiek izango badute ere zer erantzun, baliteke Jon Salsamendi (Orio, Gipuzkoa, 1970) izatea erantzun gehien eman behar dituena. Orioren aurtengo udak udazken kolorea izan duelako.

Nola doa udakoaren azterketa ?

Ondorio guztiak zaku batean sartu eta ondorio handienak ateratzeko garaia da. Egindakoari nota jartzeko unea da, emaitzei eta lanari, eta, txarra edo ona izan, nola hobetu pentsatu behar dut.

Hausnarketa hau mingarria da?

Umiltasunez onartu behar da txarra den hori ere, esperientzia bat gehiago bezala hartu, eta, ondoren, erabili, ikasten segitzeko.

Zer nota atera du Oriok?

Galdera batekin erantzungo dizut: nor ausartzen da esaten taldetik kanpo Oriok udan egindako emaitzak txarrak izan direla? Oso erlatiboa da. Zerekin alderatu behar dira aurtengoak? Orioren urte onenekin ala txarrenekin? Talde barruan, iazko emaitzengatik eta izan dugun taldearengatik, lortu ditugun emaitzak baino hobeak lortzeko aurreikuspenak genituen. Ez ditugu bete, baina ez dira izan emaitza txarrak. Orioren azken hogei urteetako emaitzak hartzen badira, txarrak dira? Niretzat, ez. Onartzen dugu, hala ere, gai ginela hobeak lortzeko.

Zer falta izan zaizue emaitza hobeak lortzeko?

Lehiaketan lortzea emaitza onak. Ezberdintasun handia egon da urtean zehar entrenamenduetan izan ditugun datu oso onen eta lehian eman dugunaren artean. Harri-jasotzaile batek entrenatzen jaso dezake 300 kiloko harria, baina plazan ez, eta 285 altxatu. Guk entrenatzen 300 kilokoa altxatu dugu, eta lehian, 250ekoa. Onartu behar dugu hori, eta hobetzen saiatu. Hor erantzukizuna daukagu, eta nahiago nuke une oro ondo jakin izan banu zergatik ez dugun geure onena eman lehiaketan.

Zarauzko lehen jardunaldian, adibidez, konturatu egin zinen zerk egin zizuen huts, baina Kontxako lehen igandean, ez.

Zarautzen, estropada hasi eta lehen luzean ikusi genuen gaizki gindoazela arraunean teknikoki, nahiz eta emaitza ona izan, aurrenen artean ginelako lehen ziabogan. Angeli [Larrañaga] esan nion momentuan bertan garesti ordaindu behar genuela bueltako luzean, eta hala izan zen. Estropada bukatu eta gero, triste baina lasai nengoen, eta horixe adierazi nien arraunlariei. Esan nien gauean telebistan ikusteko zer egin zuten, eta, hurrengo egunean, arraunlari batek baino gehiagok esan zidan: «Jon, aurreneko minutua ikusi nian, eta ezin izan nian gehiago ikusi, ohera joan ninduan». Akatsak identifikatuak izatea gauza ona da, eta gureak onartuta atera ginen bigarren igandean. Azkarrenak izan ginen, ariketa tekniko bat egitera aterata. Irabazteko presiorik ez edukitzeak ere lagunduko zigun, ziurrenik.

Kontxakoan, baina, ezin identifikatu akatsak.

Nahiago nuen norbaitek esan izan balit lehen luzeko aurreneko sei minutuetan aurreneko kalean arraun egitea ezinezkoa zela, kanpoko eragileengatik. Taldeak ez zuen maila eman. Irailean bost estropada jokatu genituen, eta hor bakarrik egin genuen huts. Egun horretakoa uda osoan Oriok erakutsi izan duen kolorearen adibide bat izan zen, eta horretaz hausnartu behar dugu.

Bermeon irabazi eta gero esan zenuen arraunlariak uda osoan «harri koskorra bezala» egon direla, «lotuta». Presioa?

Eragile bat izan da, baina gehiago ere badaude. Urtean zehar, prestakuntza fisikoa da, teknikoa, materiala ere sartzen da, eta gero estropadetako taktika dago. Horri guztiari estrategia deitzen diot nik. Eta horren barruan dago nola erabili arraunlariak udan, txandakatzeak eginez, edo titularrak eta ordezkoak bereiziz. Bat edo bestea aukeratu, eguneroko lanak bat egin behar du aukeraketarekin.

Hemeretzi titular izatearen aldeko hautua egin zenuen udako. Zergatik?

Uste nuelako horixe zela arma indartsuena aurten. Bakoitzaren kalitatea eta entrenamenduetako lana batuz, uste nuen gai izango ginela estropada guztien bila joateko, eta, gainera, uste nuen bermea izango zela irailera txisparekin heltzeko taldea.

Damutu zara?

Ustez gure arma indartsuena zena arraunlarientzat gainkarga bat bihurtu da konpromiso aldetik. Banaka behartuta zeuden maila oso ona ematera, eta bai eman ere. Gero, uretan, emaitzen pisua handitu egin zaie, presioa gehituz beren buruari.

Zehaztu dezakezu gehiago?

Bazekiten sei bat aldaketa izango zirela estropadatik estropadara, eta larunbatean aterako zirenek uste izaten zuten ezinbestean ibili behar zutela ondo; bestela, larunbatean gaizki ibili eta igandean ondo, emaitza txarraren karga bere gain sentituko zutela uste izaten zuten larunbatekoek. «Gu txarrak, eta hauek onak», pentsatuko balute bezala, eta nik sekula ez ditut bereizi onak eta txarrak. Garbi daukat: emaitza onak arraunlarienak dira, eta txarren ardura, entrenatzailearena. Emaitzak arraunlariari eragiten dizkion konpromiso eta ardura hori hazi egin zitzaizkigun, gainera, ligako lehen egunetik.

Txandakatzeak egin izana, kalterako, hortaz.

Aldaketaren errutinak handitu egin du presioa. Urtean zehar saiatzen naiz lantzen arraunlariak banaka hobeak izan daitezen, baina gero, taldearen funtzionamendua dago. Bada hor kontzeptu bat, talde kohesioa izenekoa, eta horrek banakako indarrak baino askoz balio handiagoa dauka. Konfiantzaz eta lasai egin behar dute lan talde kohesio horretan, eta txandakatzeek zaildu egin dute hori. Elkarrekiko errespetu handia izan du taldeak, eta gehiegizkoa ere bai. Ez gara plazaratu talde kohesionatu gisa. Ez dut esan nahi haien arteko lehiakortasuna falta izan denik. Estropadako taldea esan izan diedanean, jokatu behar zutenak ere izan dira burua jaitsi dutenak, ez bakarrik jokatu behar ez zutenak.

Zergatik?

Bezperan jokatu ez, eta nola bezperan burua jaitsi zuten barruan ez zirela entzundakoan, barruan izandakoan ere pentsatu izan dutelako ezin izan zutela adierazi poz hori. Beldurrez izan dira barruan pentsatzen zutena adierazteko une horietan, eta hori gertatzen da talde kohesioa ona ez denean. Talde kohesioa ez da taldeko giroa. Norberak sentitzen duena garbi adieraztea da.

Nola azaltzen da uretan talde kohesiorik ez dagoela?

Arraunlaria norbere indarrari begira ateratzen denean, eta ez taldearen indarrari. Horrek eragiten du arlo teknikoan eta bestelakoetan sentimendurik gabe egitea arraunean, hotz bezala. Arraun egiteko modu bat nortasun jakin bat edukitzea da, emaitzak onak edo txarrak izan, eta guk ez dugu izan. Ustez bide onean sartuko gintuen estrategiak bide okerretik eraman gaitu. Beste kontu batzuk ere izan dira: ez asmatzea neurrietan, zer talde atera, erabaki taktikoak eta abar. Ikusi dut entrenamenduetan gauza harrigarriak egiteko gai garela, baina uretan ez dugu erakutsi gaitasun hori. Talde kohesioa ez edukitzeak eraman gaitu horretara, ziurrenik, eta onartzen dut nik ondo egin ez dudan zerbait izan dela. Ikasgai gisa hartuko dut. Egindakoa taxuz eta ondo egin dugu, eta bide beretik segitzeko bermea da. Baina esperientziak erakutsi digu badaudela oso kontuan hartzeko beste egoerak.

Nola hobetzen da kohesioa?

Taldeko 19 arraunlariak makinak izan balira, ziur esango dut hartu ditudan erabaki guztiak ondo hartutakoak izan direla. Baina onartu behar dut pertsonak direla, eta lepotik gora material asko daukagula. Egindakoa ez zaigu ondo atera. Errendimenduaz eta prestakuntzaz gehien dakitenek onartzen dute badela tarte bat Entrenatzearen Artea delakoa, zientzian sartzen ez diren aldagaiak, entrenatzaileak lor ditzakeenak gauzak modu batera edo beste batera esanda, adibidez. Mila gauza daude hor, eta ez dut esango gaizki egin dudanik, baina argi dago ez digula emaitza ona eman. Ziurrenik, emaitza onak eman izan dizkidan lan egiteko moduak zaildu egin digu aurtengoa, eta kontuan eduki behar da egitasmo baten lehen urtea eta bigarrena ez direla berdinak, onerako eta txarrerako. Aurkarien maila ere kontuan eduki behar da beti. Gora joateko bide bat ez da beti ona izaten. Hemen, bide honek erakutsi digu ona dela, baina bide horretan, beste aldagai asko daude, egindako lanari kolore bat edo bestea emango diotena.

Datorren urteko bidea zehazteko, jakin egin behar nolako taldea izango duzun.

Bai. Hemen entrenatzeko modu bat daukagu, eta arraunlarien gustukoa da. Indartu egin beharko dugu, eta berrikuntzaren bat ere sartuko dugu, beti bainago prest horretarako. Gogorragoa edo bigunagoa izan behar dudan, gehiago edo gutxiago eskatu, arraunlarien laguna izan edo ez... denborak esango dit, baina garbi dut gehiago eskatu behar diodala taldeari: lanaren kalitatean hobetu behar dugu. Ez naiz ari esaten ordu gehiago entrenatuko garenik, gogorrago edo zorrotzago.

Zer da «kalitatea»?

Denari buruz ari naiz. Adibidez, eta agian ez dut erabiliko, baina neguko uretako kilometro kopuru handi hori, ez dugu egin behar arraunlari guztiak nahastuta, ideia ona izanda ere egoera batzuetan. Agian, hori ez da bide onena talde baten arraun egiteko modua hobetzeko. Entrenamenduaren kontrolean oraindik eta gertuago egon behar dut, eskatzen diedan horretan igo egin behar dut eskakizuna, eta, horrek ekartzen badu arraunlari gutxiagorekin geratzea, hala izan beharko du.

A taldeko arraunlariak lehenago aukeratuko dituzu, hortaz?

Ez da lehenago edo geroago. Kontua da bereizketa egiteko edo taldea zehazteko maila jakin bat eman beharko dutela. Kalitatea da nik gehiago ematea gero arraunlariak maila horretara heltzeko. Beti dago hobeto entrenatzea, eta nirea da ardura, arraunlariak beti baitaude prest edozertarako. Egunerokoak kalitate handiagoa izan dezan saiatuko naiz, eta garbi dago zer erantzun nahi dudan arraunlarien partetik. Maila horretara heltzen direnek osatuko dute taldea.

Sei-zortzi arraunlarik utziko dute?

Hirugarren urtea izango dut Orion, eta uste dut lehen urtetik bigarrenera baino aldaketa gehiago izango direla, hasierako itxuraren arabera, eta naturaltasun osoz hartu beharreko zerbait da. Normalena litzateke sei edo zortzik uztea taldea. Onartu behar dugu edozein talderentzat taldea osatzea mirari batenantzekoa dela, dirua egon edo ez. Arrauna den bezalakoa da, eta oso zaila da arraunlariak konbentzitzea.

Utzi egingo dute, edo beste talde batzuetara doaz?

Gehienek, utzi. Beste norabait joatea ez zait inporta. Oso arrazoi normalak dituzte arrauna uzteko, oso arrazoi pertsonalak. Baina denei esan diet ateak irekita edukiko dituztela, aurtengo 19koarekin beste urtebete egitea oraintxe bertan sinatuko bainuke. Hasi eta gero kanpotik norbait etortzea ez nuke onartuko, baina aurtengo taldekoak badira, bai. Bi hilabete hauetan nire lana izango da mingaina astintzea, gutxienez zer edukiko duten azaltzea.

Nola beteko dituzu zulo horiek?

Denera begiratuko dut. Orioko atea beti egoten da irekita: nirekin egondakoak lehen eta egon ez direnak; bigarren taldekoak; lehen Orion ibilitakoak. Gero, arraunlari batzuek izaten dute interesa Oriora etortzeko, eta horiei ere entzungo diegu. Klubak libre dira edozein arraunlarirekin hitz egiteko, eta arraunlariak ere libre dira nahi duten erabakia hartzeko. Nahiago nuke 19 kontratu mahaian jarri eta arraunlariak aukeratzeko aukera izatea, baina ez da gure kasua. Gero, beste kontu bat dago: arraunlariei esaten diet hitza hitza dela, baina ez dutela beldurrik eduki behar orain gogoa badu baiezkoa esateko. Baina ez dira ausartzen, hemendik bi hilabetera edozer gerta daitekeen beldurrez eta gaizki ez geratzeagatik. Normal hartu behar da hau dena. Libre izango da nahi duena egiteko gero, baina beste ondorio batzuk izan ditzake horrek arraunlari horrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.