Andoni Iraola. Rayo Vallecanoko entrenatzailea

«Entrenatzaileak lana ondo egiten badu, emaitza onak lortzen dira»

Ez zuen «amestu» entrenatzaile izatea, baina izateko erabakia hartu, eta hor dabil «lanbide zail» horretan. Rayorekin denboraldi ona egitea baino ez du buruan. Bide onean doa, igoera jokatzeko postuetan lekuan duelako Madrilgo taldea.

KIKO HUESCA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun

Emaitza onak eta entrenatzailearen lana goraipatzea elkarri lotuta doaz. Horregatik, Andoni Iraola (Usurbil, Gipuzkoa, 1982) entrenatzaile gisa aurreko denboraldian hasi zen ezagun egiten, Bigarren Mailako Mirandes Espainiako Kopako finalerdietara sailkatu zuenean. Baina hasi Antiguokon hasi zen, Gazte mailako talde nagusiarekin, eta segida Zipren eman zion, AEK Larnacan. Emaitzak berriz ere, baina beste aldekoak: txarrak izan ziren, eta bota egin zuten. Beste esperientzia bat izan zen bere burua entrenatzaile «ikasletzat» duen honentzat.

 

Denboraldi ona ari da egiten zure taldea, Rayo Vallecano.

Oraingoz ondo gabiltza, baina Bigarren Maila zaila eta luzea izaten da, gorabeheratsua. Ea bukaeran lanak ondo bukatzen ditugun.

Gorabehera horiek behera egiten dutenean, zenbateko garrantzia dauka entrenatzaileak ideiak garbi izateak?

Badakigu gure lana ez dela polita. Beti gaude kolokan. Rayorekin ondo hasi ginen, eta maila berean jarraitzen dugu. Igotzeko kanporaketako lekuetan gaude. Kontuz ibili behar dugu bizpahiru partida segidan ez galtzen, postu horietatik ez ateratzeko.

Entrenatzaileak mundu guztian botatzen dituzte emaitza txarrengatik, eta Bigarren Mailan, batez ere, ohikoa da halakoak gertatzea.

Liga hasi genuen 22 entrenatzaileetatik erdiek ez dute bukatuko bere lana. Horiek dira zenbakiak.

Emaitzekin bizi beharra, azkenean ez al da lana lasai egiteko zama handiegia?

Zaila da, baina ez dago norbere esku erabaki hori. Azkenean, entrenatzaileak bere lana egin behar du. Ezin du dena kontrolpean eduki, eta, batzuetan, partidako emaitza bizpahiru kontu txikitan aldatzen da. Baina lana ondo egiten badu entrenatzaileak, pentsatzen dut emaitza ona ateratzen dela.

Zein dira Rayo honen ezaugarriak?

Jokalarien jokatzeko moduagatik, baloia asko edukitzen dugu. Ni entrenatzailea naizen aldetik, saiatzen naiz futbol bertikala egiten, erdiraketa askorekin, aurkariaren areara askotan iristen, eta agian, partida gutxiago kontrolatzen. Baina jokalariei ateratzen zaie baloia asko edukitzea, jokoa kontrolpean edukitzea, eta hor gabiltza, borrokan, nola nahastu jokalarien ezaugarriak eta nik gustuko ditudan horiek.

Elkar ulertu egin behar nahi eta nahi ez.

Hori garbi dago. Esaten diet nik ere nahi izaten dudala baloia guk edukitzea, baina garbi lagatzen diet baloia edukitzeagatik ez dela eduki behar, aurkariari min emateko baizik. Normalean, min emateko aukera gehien trantsizioetan egoten da, eta hor ari gara taldea aldatzen edo jokatzeko modua eraldatzen. Jokalarien jarrera ona eta abegikorra ari da izaten eraldaketa horretan.

Zuk nahi duzun horretara etortzen ari dira, hortaz.

Hor ari gara saiatzen. Baina nik ere moldatu egin behar dut jokalarietara.

Zergatik aukeratu zenuen Rayo?

Beti iruditu izan zait talde erakargarria. Askotan egon da Lehen Mailan, eta aurreko denboraldian igotzeko helburua lortu ez bazuen ere, niretzat erronka polita da.

Mirandesetik Rayora joatea aurrerapausoa da, ezta?

Bai. Han oso gustura egon nintzen, eta beste helburu batzuk genituen hemen ditudanen aldean. Denboraldi oso ona izan zen arlo guztietan. Hazten ari naiz entrenatzaile moduan, eta Rayorena beste erronka bat da, ezberdina. Erabakia ona izan da.

Erronka handiei ezezkoa eman diezaieke entrenatzaileak?

Inon ez daukagu entrenatzaileok bermerik gauzak ondo ateratzeko, eta uste dut gauza asko ikasteko nagoela. Mirandesen oso ondo bukatu nuen klubarekin, eta aukera ona da lekuetatik ondo ateratzea, entrenatzaileok normalean beste modu batera ateratzen garelako klubetatik.

Euskal Herritik begiratuta, Rayo talde jatortzat dauka hemengo zaleak. Zuk ere hala zenuen lehen?

Pena daukat zaleekin harremanik ez edukitzea. Ikuslerik gabe ezberdinak dira partidak. Rayok nortasun berezia dauka. Hona jokatzera etortzen nintzenean, harmailetan zale asko egoten ziren, eta beti izaten zen giro polita. Harmailak beteta ez ikustearen pena daukat. Ea denboraldi amaiera, behintzat, zaleak harmailan direla gozatzerik daukagun.

Zer da Bigarren Maila jokoaren arloan?

Berdindua da, parekatua. Agian, sasoi hau pixka bat ezberdina da, badaudelako hainbat talde aurrekontu handiarekin, eta hasieratik nabarmendu direnak: Almeria, Espanyol, Leganes, Mallorca... Baina normalean, ezuste asko izaten dira.

Entrenatzaile batentzat gauza berriak asmatzeko liga ez du ematen.

Azkenean futbola da. Lehen Mailarekin alderatuta, erritmoa da ezberdintasuna, han gauzak azkarrago gertatzen direlako. Espainiako Kopan ikusten ari gara ez dagoela bestela alde handirik lehen bi mailen artean. Maila handia daukagu Bigarren Mailan. Aldiz, Bigarren B Mailarekin alderatzen bada, kontrakoa da, jokoa geldoagoa baita liga horretan; denbora izaten da gauzak hobeto pentsatzeko.

Kopa aipatuta, gogoratuko zara non zinen duela urtebete.

Bai horixe. Finalerdiak jokatzen ari ginen Mirandesekin, Realaren aurka. Oso polita izan zen. Kopak asko eman dit, eta sasoi honetan ere saiatu gara gauza onak egiten Rayorekin. Bartzelonak kaleratu gintuen, baina lana txukun egin genuen.

Aurreko sasoiko Kopako finalari zer traza hartzen diozu?

Ikusi egin behar da nola iritsiko diren bi taldeak. Duela bizpahiru hilabete ematen zuen Reala zela faborito, eta orain badirudi Athletic hobeto ari dela. Baina asko falta da finalerako, eta ea lesio aldetik ere nola heltzen diren biak. Teorian, oso parekatua izateko traza dauka.

Athletic finalerdietan da sasoi honetan ere.

Oso aukera ona atera zaio berriro. Ondo ari da. Partidak irabazi behar dira, azkenean. Zozketak garrantzitsuak izaten dira, eta nahiko ondo atera zaizkio horiek. Ea baliatzen duen aukera beste final bat jokatzeko, baina Levanteren aurka ikusi genuen joaneko partidan erraza ez daukala finala harrapatzea.

Ulertu zenuen Gaizka Garitano kaleratzea?

Zaila izaten da kanpotik analisia egitea. Badirudi Marcelino oso ondo sartu dela taldean, Superkopa irabazi zuten, eta gauzak hobera doaz ligan. Baina Gaizkak oso lan ona egin zuen hasiera-hasieratik. Egoera oso txarrean hartu zuen taldea, eta harekin partida guztietan izan zen lehiakorra.

Reala aipatuta, zurekin iaz Mirandesen aritutako Martin Merquelanz eta Jon Guridi daude, baita Modibo Sagnan ere. Athleticekoa Iñigo Vicente eduki zenuen. Nola ari zara ikusten laukotea?

Pozik nago Lehen Mailan daudelako. Gustatuko litzaidake jokatzeko aukera gehiago izatea, baina badakit gauzak oso zailak direla Lehen Mailan. Dena dela, konfiantza daukat jokalari horiengan. Ez dakit laurak izango diren Lehen Mailako jokalariak, baina aukerak izan ditzatela, eta gero balia ditzatela.

Leku txarretan ez daude aukerak edukitzeko.

Ez, ez. Aukera oso onak dituzte. Athleticen eta Realean beti izaten dituzte ateak irekiak gazteek. Orain, haien esku dago. Lanean segitu behar dute.

Zu ere harrobitik hazitako jokalaria izanik, poz berezia ematen dizu gazte bat entrenatzeak?

Zaleei eta entrenatzaileoi asko gustatzen zaigu jokalari gazteak ateratzea eta aukerak ematea. Baina, azkenean, emaitza onak behar izaten ditugu, eta asko aztertu behar da gazteen gaia. Prest baldin badago ondo aritzeko, guretzat pozgarria da. Gero, ondo ari dela ikustea are pozgarriagoa da.

Jokalari gazteei aukera eman egin behar zaie, ala irabazi egin behar dute?

Bietatik. Hor dagoen gazteak gauza asko egin ditu aurretik, partida asko jokatu. Hor baldin badago, lehenengo taldearen mugan, zerbaitegatik izaten da. Ausarta izan behar du entrenatzaileak aukera emateko. Jokalaria ez badago prest aukera horri heltzeko, ez du etsi behar, lanean segitu behar du. Askotan ez da izaten lehen bi partidak ondo jokatzea eta kito. Bakoitzak bere bidea egiten du: batzuek bigarren taldean 100 partida jokatzen dituzte lehen taldera igo baino lehen; beste batzuek, berriz, bost baino ez; beste batzuek utzita joan behar izaten dute.

Jokalari gazteak badu pazientzia denbora asko itxaroteko aukeraren zain?

Normalean, jendeak azkar, orain eta ondo nahi ditu gauzak lortu. Baina beti esaten dut hobe dela aukera geroago jasotzea, baldin eta denbora gehiago egoteak prest izateko modua ematen badu jokalari hobea izateko. Nire kasuan, Athletic B-n 81 partida jokatu nituen, eta lehen taldean debuta lehenago egin izan banu, agian ez nintzen prest egongo. Prest egon behar da lehen taldean debuta egiteko, eta maila duzunean egin behar da.

Zer iritzi duzu Alaves, Eibar eta Osasuna egiten ari diren lanaz denboraldi honetan?

Zaila da bost euskal talde izatea Lehen Mailan, eta denboraldi bat-batzuk badaramatzagu horrela. Atzetik atera nahian ari dira Alaves, Eibar eta Osasuna. Erabateko konfiantza daukat Jagobarekin [Arrasate] eta Mendirekin [Jose Luis Mendilibar], eta beteko dute mailari eusteko helburua. Alaves, aldiz, beste bide batetik doa, entrenatzailea aldatu dute, eta espero dut aterako direla. Zaila izango da denak libratzea, baina ea datorren denboraldian ere bost talde ditugun Lehen Mailan.

Zergatik erabaki zenuen entrenatzaile izatea?

Ba, egia esanda, ez dakit oraindik [barrezka]. Jokalari ibilbidea amaitzen ari zitzaidanean, pentsatzen hasi nintzen. Ez nuen amesten entrenatzaile izatea, eta orain banaizela, ez nago ziur urte askoan jarraituko dudan. Ez da lanbide erraza. Baina futbolaz dakigu, eta saiatzen gara erronkei aurre egiten.

Ez dakizula urte askoan segituko duzun?

Alde onak eta txarrak dauzka entrenatzaile izateak. Rayon nago, beste erronka bat da, eta nire etorkizuna nolakoa izango den ezin da jakin. Oraingoz, gustura nago, eta bagoaz aurrerantz.

Ordu asko ematen dizkiozu egunero futbolari?

Bai. Orduak sartu egin behar ditu entrenatzaileak: entrenamenduak prestatzen, partidak atontzen sarean ditugun erreminta gehiegi horiekin eta abar. Gauza asko nahi izaten ditut kontrolpean eduki, eta ez naiz denera iristen, pentsa. Estatistika asko dago, dena da big data. Ikasten ari naiz, eta jakin egin behar da bereizten zer den garrantzitsua eta zer ez, zerk ematen duen etekina eta zerk ez. Gauza asko dira. Entrenatzaile izateko prozesuan nago oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.