Realak 26 puntu bildu ditu lehen itzulian, iragan sasoian baino bost gehiago. Orduan Realak behetik gora egin zuen, eta beste horrenbeste egin nahi du orain Philippe Montanierrek (Vernon, Frantzia, 1965). Hori da erronka. Bere etorkizuna argi ez dagoelako ere. Atzealdeko lan onari eustea izango da lehen zeregina. Aurrelariei «gogorrak» izateko eskatu die. Oihu eta imintziorik egin gabe. «Inposatzea ez da entrenatzea», dio.
Liga txapelketa hobeto ezagutzen duzula, futbolari modura ez ezagutu izanaren pena duzu?
Atzerriko txapelketa handietan parte hartzeko ametsa izan nuen beti, batez ere Espainiakoa ezagutzekoa. Ez nituen botak jantzi bertan, baina entrenatzaile modura iritsi naiz. Ez da bizipen profesional hutsa, esperientzia askoz ere aberatsagoa baizik. Euskal Herria ezagutu ahal izatea sekulakoa izan da.
Frantziako ligarekin alderatuz gero, taktikoagoa al da?
Teknikak nabarmentzen du Liga beste txapelketa guztietatik. Hori da garrantzitsuena, benetako aldeak egiten dituena. Talde guztien portaera egokia da, eta entrenatzaileen joko sistemak txukun betetzen dituzte. Hala ere, ez dituzte horren jokalari finak. Europako talderik onena Bartzelonako eta Real Madrileko futbolariz osatuta zegoen erabat. Harrigarria badirudi ere, ez dut uste oker dabiltzanik hautaketa hori egin dutenak. Duela gutxi Frantziako Bigarren Mailan ari den entrenatzaile batek deitu zidan, Osasunaren eta Rayo Vallecanoren arteko lehiak izandako indarrarekin harrituta. Sailkapeneko bigarren erdiko taldeen maila Ingalaterrako Ligakoa baino handiagoa da, esaterako.
Zure kirol ibilian izan al zenuen inoiz arazorik entrenatzaileren batekin?
Sekula ez. Hierarkiak beti errespetatu ditut. Jokalari nintzelarik, argi neukan aulkian eseriko nintzela noizbait, eta jakin-min handiz galderak egiten nizkien nire entrenatzaile guztiei. 36 urterekin, Saint Etiennen jokatzeko deitu zidan Robert Nouzaret prestatzaileak. Berarekin ekin nion profesional bideari hamabost urte lehenago, Caenen. Gazteenekin lan egiteko eskatu zidan, gehienbatatezainekin. Ez nuela jokatzeko aukera handirik izango, baina ondorengo urteetarako baliagarri izango zitzaidala. Orduan utzi nion futbolari izateari, eta entrenatzaile egin nintzen.
Ogibide desatsegina al da entrenatzailearena?
Pentsaera aldatzen zaizu. Entrenatzaileak ez dauka garaipenez gozatzeko astirik. Okerrak nola zuzendu, hurrengo egunetarako entrenamenduek nolakoak izan behar duten erabaki, aurkaria aztertu... Gisa horretako kezkak dauzkazu etengabean buruan.
Jokalarien laguna al zara?
Ez. Harreman ona izatearen aldekoa naiz. Kito. Ez dut inoiz zelaitik kanpoko harremanik izan inorekin. Boulogne-sur-Merreko gidaritza hartu nuenean, bertako aurrelaria lehenagotik ezagutzen nuen, nire ilobarekin ezkonduta baitzegoen. Eguberrietan baino ez genuen hitz egiten zelaitik kanpo. Profesionalak gara, eta gainontzeko taldekideenganako adar-jotze modukoa litzateke. Entrenatzaileen iritzi eta analisiak baldintza ditzake horrek. Jakina, arduratzen naiz haietaz, eta beren egunerokoaz galdetzen diet. Zubietan baino ez. Jokalariaren gainetik, gizona ezagutzea gustatzen zait, baina muga batzuen barruan.
Nola bereizten dituzu entrenatzaile eta guraso lanak?
Helduegia naiz jokalarien adiskide izateko, eta gazteegia, berriz, aita izateko (kar-kar).
28 punturekin amaitu nahi zenuten lehen itzulia, baina...
Aintzat hartzeko kopurua izan arren, ez dut ukatuko Deportivoren aukakoa kolpe txiki bat izan ez zenik. Joan den sasoian gora egin genuen bigarren erdian, eta beste hainbeste lortzea da gure zeregina.
Eta orain Bartzelona boteretsua dator Donostiara.
Bere benetako maila ematen duenean ez dago aurre egingo dionik. Neurketa bakar batean, zorionez, gauza asko gerta liteke, eta gure jokalariek erasotzeko, defendatzeko, indar husteko eta elkartzeko prest egon behar dute.
Iragan sasoian baino gehiagotan egin al diezu errieta sasoi honetan?
Ez zait garrasika aritzea gustatzen. Hotzean egin behar dira azterketa zorrotzak; kritika eraikitzaileen aldekoa naiz. Galdu arren, apenas esaten diedan ezer. Jarrerarik errazena iruditzen zait atzekoz aurrera aritu direla esatea, besterik gabe. Hobetzeko zer egin behar duten azaldu nahi diet, ideiak helarazi eta zergatiak ulertarazten saiatu. Inposatzea ez da entrenatzea. Rafa Benitez entrenatzaileak dio berak irakatsi egin nahi diela jokalariei. Bat nator. Egiten ari zarenarekin jokalariak ez baldin badaude konbentzituta, jai daukazu.
Zeintzuk dira leundu beharreko ertzak?
Atzealdeko lanean erakutsitako sendotasunari eustea da lehen eginkizuna. Gol gutxien hartutako taldeen artean, zazpigarrenak gara, eta etxean gol gutxien hartu dueena. Horrek bete egin nau. Aurreko sasoian 53 gol sartu zizkiguten. Askotxo. Baloia atzetik jokatuta ateratzeko ahalmen handiagoa daukagula iruditzen zait, eta horrek hurrengo jokaldiak baldintzatzen dituela. Orain dela egun batzuk Sevillaren aurkako bideoa berrikusi nuen, eta atzelarien maila teknikoa itzela izan zelakoan nago. Carlos Martinezek eman ez zion bada goleko pasea De la Bellari! Ez gero gaizki ulertu, niri ere ez baitzait gustatzen saihetsetako biek batera gora egiterik, taldea desorekatu egiten baita, baina senez aritzea ere garrantzitsua da, sormenaren alde egitea noizbehinka. Geroz eta fidagarriak izaten saiatuko gara, eraginkorragoak, kalitatezko jokoa eginez, baloi zirkulazio arinekin.
Zelai erditik aurrerakoek gora beherak izan dituzte.
Zehaztasuna eta oldarkortasuna falta izan zaie zenbait unetan. Bigunak izan ez garenetan eta bizitasunez lehiatu garen aldiro min egin diegu aurkariei. Ezin dezakegu beste era batera jokatu. Jarrera horri eusteko modua topatzen ahaleginduko gara, jokalarien mugak gainditzeko.
Estiloa aurreko sasoikoaren berbera al da?
Jarraipena eman diogu joan den denboraldian hasitakoari. Iñigo Martinezek, esaterako, Gijonen jokatu zuen estreinakoz, eta sasoi honetan Bartzelonari aurre egin genionean urtebeteko esperientzia zuen. Hori igarri egiten da, noski. Norberak bere maila hobetu ahala, taldeak gora egingo du. Hala ere, jokalarien gainean egon beharra dago, jokoaren irizpideak zeintzuk diren gogoratzen, haria galdu ez dezaten. Horretarako gaude.
Zer dela-eta erdiratu duzu Xabi Prietoren kokapena?
Barrutik joko jario handia dagoenez, ederki moldatzen da bertan. Talde jokalaria da, fina, atzetik aurrerako mugimenduan min egin dezakeena. Azkarra denez, gainera, zirrikituak topatzen ditu.
Sortzailea izateaz gain, errematatzailea izan dadin ere nahi al duzu?
Hala da. Hona iritsi nintzenetik argi ikusi dut golak sartzeko gaitasuna baduela. Bernabeun erakutsi zuen. Jokalari askok modu jakin batean definitzen dute euren burua. Ni pasatzailea naiz, eta ez goleatzailea. Eta nork esaten du hori? Ezin al dituzu bestelako ekarpenak egin ala? Carlos Velak horrelako zerbait esan zidan behin. Garbi esan nion ideia hori kentzeko burutik. Bizkorra zela, azkarra, trebezia handikoa jaurtiketan eta kalitatezko aurrelaria. Ea zergatik ezingo zituen golak sartu. Batzuetan, trabak jartzen dizkiete euren buruei, eta geuri dagokigu irtenbideak ematea.
Lanerako berezko jarrera al du aldagelak?
Zoragarria da eurekin aritzea. Egiazko profesionalak dira, oso langileak. Neurketa batek utzitako alderdi gehienak negatiboak direnean ere jokalarien parte hartzea erabatekoa da, eredugarria. Errespetu handia diote aldamenekoari, lagunak dira, eta atseginez entzuten dut neurketen ostean elkarrekin irteteko asmoa dutela. Ligako aldagela guztietan horrelako giroa dagoen galdetu nuen, ikusitakoarekin harrituta. Bosman legearen ondotik, pixkana-pixkana talde askok nortasuna galdu zuten. Ez naiz soilik hemengo ligaz ari. Frantzian ere horrelaxe gertatu zen. Etxeko zenbat eta jokalari gehiago izan, orduan eta egonkortasun handiagoa izango du klubak. Realeko harrobiko gazteak hemen jarraitzeko asmo garbia dauka. Europan ez da horrelako toki asko izango.
Zure futbol adiskideak harritu egiten al dira Anoetaren zati batek zure kontra oihukatzen duela eta?
Egungo entrenatzaileak kritika guztiak jaso behar ditu. Gure lanaren parte denez, ezin ditugu gure eginkizunak albo batera utzi. Niri gertatzen zait, baina Sevillako Micheli galdetuko bazenio, adibidez, beste horrenbeste erantzungo lizuke [kargutik kendu zuten atzo, eta Unai Emeryk ordezkatu zuen]. Rafa Benitezek berak epelak entzun behar izan zituen Liverpoolen eta Valentzian garaipen bikainak lortuagatik. Nahiago horrela, ez baitut inolaz ere jokatzen ari denak txisturik entzuterik nahi. Jokalari batentzat benetan gauza gogorra da hori. Hala ere, harmailetako zati baten kontrako erantzunak ez du zerikusirik kalean sentitu dudan babesarekin. «Eutsi Philippe!, animo!..» gisa horretakoak esaten dizkidate behin eta berriz.
Realean jarraitzea gustatuko al litzaizuke?
Alde guztien borondatearen araberakoa izango da. Alferrik da hemendik hilabete batzuetara gerta litekeenaren inguruan pentsatzea. Lan egin nahi dut. Gero gerokoak.
Entrenatzen segitzeko asmoa al daukazu hurrengo urtean?
Bai. Gozatu egiten dut eguneroko lanarekin. Futbolarekin. Zorionekoa naiz.
Nondik nora zabiltza Donostian barrena?
Txoko zoragarri asko ditu hiriak, baina bereziena Gros auzoa da. Benetan gogoko dut kalera irtetea iluntzetan. Bizirik daude eta! Ni bizi naizen tokian ez da hori gertatzen. Ostegunetako giroa itzela da, pintxo-potea dela eta. Horrez gain, manifestazioak-eta jarraitu ditut. Norberaren nortasun eta kulturari eutsi egin behar zaio. Ez dut baztertzen hemendik hainbat urtetara hona bizitzera etortzea.
Sagardotegietako giroa gustuko omen duzu.
Nire emaztearen gurasoek sagardoa egiten dute Normandian. Hemengoaren aldean, goxoagoa da zaporez, arinagoa. Han, ordea, ez dago sagardotegirik, eta ez naiz harritzen nire herrikide askok bertara etorri nahi izatea. Kupel arteko giroa ederra da benetan.
Hemen bizi zarenetik zein izan da gertatu zaizun gauzarik aipagarriena?
Hunkigarri eta bereziena, behintzat, Mikel Aranbururen agurrean bizi izandakoa izan zen. Entrenatzaile naizenetik ez dut horrelako ezer bizi izan.
Philippe Montanier. Realeko entrenatzailea
«Entrenatzaileak ez dauka garaipenaz gozatzeko astirik»
Pozik dago Philippe Montanier taldeak lehen itzulian egindako lanarekin, baina aitortu du Deportivoren aurkako emaitza kolpe txiki bat izan zela, 28 puntu lortzea baitzen erronka. Baikor da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu