Natalia Astrain. Futbol entrenatzailea

«Entrenatzaile eta emakume gisa epaitzen gaituzte»

Atletico Madrilekin Espainiako Liga irabazi ostean, AEBetarako bidea hartuko du aurki Astrainek: Houstonen ariko da. «Ametsa» betetzera doala dio, baina badu kezka emakumeek entrenatzaile moduan aritzeko dituzten aukera eskasez.

DIEGO RADAMES.
Oihan Vitoria.
Madril
2017ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Europako Futbol Federazioaren (UEFA) entrenatzaile titulua eskuratu zuten lehenetarikoa izan zen Natalia Astrain (Iruñea, 1976). Emakume zein gizon, talde indartsuak gidatzea egokitu zaizkio: Lagunak, Bartzelona, Levante Las Planas... eta guztietan eman du neurria. Atletico Madrilen eman dio segida urteotako ibilbide oparoari. Bigarren entrenatzaile gisa, gizon baten itzalpean irabazi zuen Espainiako Liga. Zapore gozoarekin utziko du Madril. Liga ez baita egunero irabazten. Hurrengo geltokia dauka zain: Houston (AEB). Bertigorik ez du.

Nola sortu zitzaizun AEBetara joateko aukera?

Mundu osoan duen oihartzunagatik, AEBetako emakumezkoen futbola erreferente moduan izan dut beti, eta aspalditik eduki dut hara joateko ametsa eta baita ilusioa ere. Azken bi udak han igaro ditut Bartzelonaren bi campusetan parte hartzen, eta neuzkan aurreikuspenak bertatik bertara bete zaizkit. Aseta itzuli nintzen.

Zerk erakarri zaitu gehien?

Kirola oro har beste modu batean ulertzen dute, asko zaintzen dute; emakumezko ugari futbolari esker bizi dira, eta nabari da. Zer esanik ez tratuan... Entrenatzeko balio duzun ala ez axola zaie; ez diote hemen bezainbeste erreparatzen generoari. Aitzitik, emakumea izanik futbolaz jakintza gehiago izan nezakeela uste zuten askok, eta hala baieztatu didate orain nigan konfiantza jarrita.

Zertan desberdintzen da?

Hemen oztopoak gainditzen aritu behar dugu etengabe, zer garen demostratzen, eta, Espainiako Ligak orain ikusgarritasunean jauzi garrantzitsua egin badu ere, oraindik oso zaila da entrenatzaile jardutea. Neurria eman dezakeen emakumerik ez dagoela iruditzen zaie askori. Ideia hori oso barneratuta dago gizartean.

Gaztetatik irakasten diete futbolean jokatzen?

Han, eskola garaian hasten dira futbolean jokatzen emakume guztiak; kirol izarra da, ezbairik gabe. Oso normalizatuta dago emakumeak edonon futbolean jokatzen ikustea: kalean, eskolako patioan... Lehiakortasuna handia da, eta motibazioa ere bai. Esfortzuak sari bikoitza daukalako: eliteko txapelketetan parte hartzea eta sona handiko unibertsitateetan sartzea.

Pauso ausarta da, dena dela. Kosta zitzaizun erabakia hartzea?

Buruari buelta batzuk eman nizkion, bai. Argi nuen profesionalki aukera paregabea zela eta ezin niola ihes egiten utzi, baina pertsonalki gehiago kosta zitzaidan; urtebete neraman Madrilen bizitzen, gustura nengoen, eta, azken finean, ez da erraza herrialde berri batera bakarrik joatea, hizkuntza oso ondo menperatu gabe.

Zein izango da zure eginkizuna Houstongo Rise SC taldean?

Emakumez osatutako talde guztien zuzendaritza teknikoaz arduratuko naiz, eta, aldi berean, talderen bat ere entrenatuko dut. Jokalariei nire filosofia, esperientzia eta urteotan ikasitakoa barneratzen ahaleginduko naiz. Harrobia lantzeak ere asko motibatzen nau. Baina ez noa irizpideak inposatzeko asmoz; kontrakoa: ikasketa prozesua alde bikoa izatea nahiko nuke, bai pertsonalki eta bai profesionalki hazten jarraitzeko. Elkar elikatzeko gogoz noa.

Aulkia bulegoarekin aldatuko duzu. Zelai usainaren falta sumatzeko beldurrik duzu?

Ez pentsa. Horregatik egin nuen eskaintza honen alde. Bulegoko lan metodikoaz gain, talderen bat entrenatzeko aukera ere emango didatelako, azken finean hori delako benetan gustuko dudana. Beldurra baino gehiago, ziurgabetasuna sentitzen dut oraintxe.

Urtebeterako baino ez duzu sinatu.

Bai, bisa kontuengatik egin genuen hala, AEBetako legediak ez dituelako onartzen urtebete baino gehiagorako bisak.

Nola utzi duzu Atletico Madril?

Ondo, adeitsua izan da dena. Lagun asko egin ditut han, eta penatuta noa; sari bat izan da. Talde izugarri batekin egin dut topo; oso borrokalariak dira, baina betiko filosofiari eusten diote: handi egin arren, ez dute identitatea galtzen. Helburua aise bete genuen liga irabazita, eta inolako arazorik gabe eten dugu kontratua.

Gustatuko litzaizuke lehen mailako beste talderen baten eskaintza jasotzea?

Egia esan, bai. Joan den denboraldian bi emakume baino ez zeuden entrenatzaile karguan emakumeen ligan. Horietako batek, Albaceteko Milagros Martinezek, elkarrizketa batean adierazi zuen apurka-apurka emakume entrenatzaile gehiago egongo direla, eta niri sinesgaitza egin zitzaidan lehen begi kolpean. Denboraldi amaieran kargutik kendu zuten, eta, aurreko batean, hizketan aritu ginenean, ohartu ginen oso-oso konplikatua dela oraindik hori lortzea.

Zergatik?

Ahaleginak ahalegin, sozialki tabua oso handia da oraindik. «Emakumeek futbolean joka dezakete, ados, babes ditzagun, baina hortik talde bat gidatzera bada aldea». Egunero entzuten ditugu halakoak. Gaitasun nahikorik ez dugula uste dute askok, tituluak oparitzen dizkigutela. Lehen, emakumeen futbola erabat baztertua zegoen: inori ez zitzaion interesatzen. Orain, ordea, ikusgarritasun handiagoa dago, talde indartsuak sortu dira, dirua ere badago, eta gizonen arreta piztu du horrek.

Desagertzeko arriskuan al daude, beraz, emakume entrenatzaileak?

Lehen arrotza zitzaiena orain begi onez ikusten dute. Eta, dirudienez, haien aurka ez dugu ezer egiterik. Paradoxikoa da, baina zenbat eta ikusgarritasun handiagoa izan, orduan eta zailagoa izango da emakumeontzat tokia egitea. Sekulako jauzia egin arren, zoritxarrez gero eta gutxiago gara. Horren aurka zer egin? Kanpora irtetera kondenatuta gaude emakume entrenatzaileok; nire kasua da horren isla.

Badira emakume epaileak...

Bai, baina jendea oraindik ez dago prest emakume baten aginduak jasotzeko. Soziala da arazoa. Tituluak ateratzen ditugunean badirudi beste titulu bat ematen digutela espresuki emakumeoi, eta ez, gizonek jasotzen dituzten berdin-berdinak dira.

Etorkizun hurbilean egoera aldatzeko itxaropenik baduzu?

Espero dut hala izatea, baina, gaur-gaurkoz, zail dago kontua. Klubetako aginte postuetan emakumeak egoteak lagun lezakeela iruditzen zait, enpatia moduko bat sortuko litzatekeelako entrenatzaileon esfortzuarekiko.

Artearen Historiako lizentziaduna zara. Futbolean aplika al daiteke?

Futbola artea da niretzat: edertasun estetikoan sinesten dut emaitzen gainetik. Irabaztea garrantzitsua da, bai, baina hobe balio eta filosofia bati eutsita bada.

Nondik datorkizu ikuspegi hori?

Bartzelonan egin nituen bost urteetan batez ere barru-barruraino sartu zitzaidan irabazteak soilik ez duela ezertarako axola. Entrenatzaile batek ideia jakin batzuk transmititu behar dizkie jokalariei, balio batzuk. Bizi eskola moduan sentitzen dut nik futbola, eta saiatzen naiz hori transmititzen.

Lagunak-en hasi zenuen ibilbidea. Nola oroitzen duzu?

Nafarroan orduan ez zegoen emakumeen futbol talderik, baina, Iñaki Artolari esker, taldetxo bat osatzea lortu genuen. Iruñean neskato batzuk entrenatzen hasi zen, baina Oiartzunekin jokatzen zituzten asteburuero partidak, Iruñean ez zegoelako ez azpiegiturarik, ez aurrekonturik, ezta talde sendorik ere.

Aldaketa handia antzeman duzu ordutik?

Pentsa, lur eta hareazko zelai gogorretan jokatzen genituen partida guztiak; zelairik ez zen guretzat. Bartzelonako garaian, Camp Nouko aparkalekuan jokatzen genuen. Katalunia aldera-eta joan-etorri luzeak egin behar izaten genituen hurrengo egunean lanera joateko, futbola orduan zaletasun hutsa zelako. Ezinezkoa zen futbolaz bizitzea, eta, gainera, ez genuen nahi: ez zen gure lehentasuna. Lortzen genuen gauza ñimiñoena balentria bat zen guretzat. Orain, bestelakoa da emakumeon dedikazioa eta prestaketa.

Talde handiak, gainera, apustu argia egiten ari dira emakumeen futbolaren alde. Athletic, Reala, Bartzelona, Atletico Madril, Valentzia...

Dirua inbertitzea eta baliabideak jartzea falta zen, eta, gizonen taldeen abaroan bada ere, talde indartsuak sortzen ari dira, jokalari ikaragarriekin. Sekula ikusi gabeko belaunaldi aparta dugu parean, eta gozatzea dagokigu. Halere, Liga ez dago batere orekatuta: alde nabarmena dago talde boteretsuen eta umilagoen artean.

Matxismoa leporatuta, Espainiako hautatzaile ohiaren aurka altxatu ziren jokalariak duela bi urte. Zer iritzi duzu?

Egokitu zitzaidan harekin [Ignacio Quereda] lan egitea, eta zintzo esan dezaket urteak zirela emakumeen futbolak ez zuela horrelako entrenatzailerik merezi. Inork ez zuen begiko, baina aspalditik zegoenez han; botere handia zuen. Futbola ere ez zitzaion interesatzen egiaz; ez zuen ezer egin emakumeen taldearen alde.

Jokalari batzuek aurre egin zioten, eta ez ziren itzuli hura karguan zegoen bitartean.

Txalotu egin nuen erabakia, lotsagarria zelako hainbeste urtez karguan irautea.

Emakume gisa, antzeko erasorik jasan duzu?

Gizonezko futbolariak entrenatzen nituen garaian, denetik entzutea egokitzen zitzaidan entrenatzaile, epaile eta agintarien partetik, inoiz ez jokalarien partetik. «Ezin dugu gaurko partida galdu emakume bat entrenatzaile duen talde baten aurka» edo «lotsagarria da emakume batek gidatzea gizonen talde bat. Ez da serioa» esan izan didate. Mindu egiten naute horrelako irainek, emakumea izateagatik epaitzen nindutelako, ez nire gaitasunengatik.

Berdin estutu dezakezu emakume jokalari bat eta gizon jokalari bat?

Bada aldea. Gizonek arrakasta nahi dute, futbolean norbait izan, ospea lortu eta puntako taldeetan jokatu. Emakumeek, ordea, badakite nekez helduko direla profesionaletara; hortaz, ongi egotea lehenesten dute. Tratua egokitzea dakar horrek.

Gizonen eliteko talderik entrenatzeko eskaintzarik jaso al duzu noizbait?

Bai, baina emakume taldeekin konprometituta egoteagatik ezetz esan behar izan dut behin baino gehiagotan. Nafarroako Bigarren B mailako talde bat zuzentzeko eskaintzari uko egin diot berriki, baina ilusioa egiten dit etxekoak nitaz oroitzeak eta ateak irekita izateak.

Nafarra izanik, min egiten dizu bertako emakume talde sendorik ez ikusteak?

Ez dizut ezetz esango. Lagunak izan da betidanik Nafarroako erreferentea, baina laguntza ekonomikoak galdu zituenean hondoa jo zuen. Osasuna orain apustu ona egiten ari da emakumeen taldearen alde, baina denbora beharko du egonkortzeko eta fruituak jasotzeko. Ez da goizetik gauerako kontua. Benetako proiektu bat behar da, inbertsio aski duena.

UEFAko entrenatzaile titulua ateratzen lehen emakumeetako bat izan zinen. Nolatan?

Ikasteko intentzioz ausartu nintzen, eta begira nora iritsi naizen. Pentsa nezakeen baino ate gehiago zabaldu dizkit futbolak, tituluak ez bainituen ateratzen futbolaz bizitzeko, ezta gutxiago ere, gustatzen zitzaizkidalako baizik.

Zenbat emakumek dute titulua?

Gaur-gaurkoz, Europan 65 emakumek baino ez daukagu UEFAko entrenatzaile titulu ofiziala. Pentsa... Aukera gutxi ditugu berez, eta goi mailako titulurik gabe, are gutxiago. Aukera ñimiñoena izateko, oso-oso kualifikatuta egon behar dugu, gizonek baino gehiago demostratu behar dugu; bestela, akabo. Zergatik? Entrenatzaile moduan eta emakume gisa epaitzen gaituztelako.

Danimarkako selekzioko jokalariek grebara jo behar izan dute gizonekiko soldata arrakala hautsi eta eskubide berdintasuna aldarrikatzeko. Tratu hobea lortzeko modu bakarra al da halakoak egitea?

Tristea iruditzen zait egoera honetara iristea, baina guztiz zilegi zait, kexatu gabe ez baitago aldaketarik. Historiako aldaketarik esanguratsuenak iraultzen bitartez lortu dira, eta Danimarkan Eurokopako txapeldunorde direla baliatu dute koherentzia pixka bat eskatzeko. Taldeen baldintzek lorpenen ispilu izan beharko lukete.

Ez dira azkenak izango.

Zoritxarrez, ez. AEBetako jokalariek ere altxatu zuten ahotsa orain urte batzuk, gizonezkoek baino lorpen garrantzitsuagoak lortuta ere askoz gutxiago kobratzen zutelako. Soldatetan, oro har, handia da aldea. Hemen ere agerikoa da: Bartzelonako jokalari izarrek 3.000 eurotik gora irabaz dezakete hilean, baina Atletico Madrilen ez dira erdira ere iristen: 800 eurotik 1.500 eurora jaso dezakete, gutxi gorabehera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.