Txikitatik, kirola izan da Leire Esnalen pasioa (Zumaia, 1999). Eta hala da orain ere. Futbola, areto futbola, pilota, pala... Frontoitik zelaira, eta zelaitik frontoira. Bada, pasio horri lotuta jarraitzeko, entrenatzaile titulua ateratzea lortu du zumaiarrak, eta orain Realaren fundazioan hasiko da lanean.
Esnalek azaldu bezala, kirolari lotuta «bizitza guztian» izan da, eta eskola amaitu zuenean kirolarekin zerikusia zuen zerbait egiteko asmoa zuen; izan ere, ordurako frontoian entrenatzen laguntzen ibiltzen zen. Orduan, baina, merkataritza-laguntzaile ikasketak egin behar izan zituen, baina horrek ez zuen behartu kirol mundutik urruntzera, kirol denda batean ibili baitzen praktikak egiten. Hala ere, pixkanaka, entrenatzaile izateko gogoa handitzen ari zitzaion barrenean. Horregatik hasi zen entrenatzaile titulua lortzeko ikastaroak egiten.
Azaldu duenez, duela urte batzuk ez zegoen entrenatzaile titulua lortu zuen adimen urritasuneko pertsonarik: «Nirekin proba txiki bat egin zuten, ikusteko ea adimen urritasuna duen pertsona batek baduen titulu hori ateratzea. Orduan ez nuen atera». Hala ere, saiakera hori gazteleraz izan zen, azterketekin, eta duela bi urte esan zioten euskarazko modulua egin zutela, «eduki aldetik errazagoa»: «Azterketarik ez dago, lanak entregatu behar dira, eta gero entrenamendu bat prestatu, zuzendu eta grabatu egin behar da. Hori plataformara igo behar da, eta kurtso amaieran zure tutoreak zuzenean ikusten du nola zuzentzen duzun talde bat».
UEFA Europako Futbol Elkarteen Batasunak ematen duen C titulua lortu du hala Esnalek: «Maila txikieneko titulua da, eta 18 urterainoko jokalariak entrenatzeko aukera dut horrekin». Ez du garbi maila handiagoko titulurik aterako duen edo ez, Realak lana eskaini baitio bere fundazioaren bulegoetan; laster da lanean hastekoa. «Bulegoko lanak egingo ditut, eta eskoletara ere joango naiz hitzaldiak ematera, baita proiektu ezberdinetan ere». Adibidez, 55 urtetik gorakoentzako Walking Football proiektuan ariko da entrenatzen.
Tituluaren prozesua
Jorratzeko lau alor zituzten entrenatzaile titulua eskuratzeko ikastaroan, eta bakoitzean hiru egiteko edo ariketa zituzten. Bere Realeko entrenatzaileak lagundu dio ikastaroan, zalantzak zituenean argituz, baina azaldu du askotariko gaiak landu behar izan dituztela: «Lesioei buruz, adibidez, bagenuen gai bat, denetik pixka bat jakin behar da eta».
«Maila txikieneko titulua da, eta 18 urterainoko jokalariak entrenatzeko aukera dut horrekin»
LEIRE ESNALFutbolaria eta entrenatzailea
Ikastaro hori gainditu ez zuen aurrekoa baino «pixka bat errazagoa» iruditu zitzaion Esnali; 2022ko urrian hasi eta 2024 amaieran bukatu zuen. Azaldu duenez, ohi baino luzeagoa egin zaio, egiteko beste asko zituelako —entrenatu, gehienbat—, baina lehen zatia gainditu ostean gorde egin zioten nota, eta iaz lortu zuen ikastaroa amaitzea eta titulua eskuratzea.
Zumaiako Futbol Taldean egin zituen praktikak, bere betiko taldean. Azaldu du bere garaian bere entrenatzailea izan zena «laguntzeko prest» izan duela prozesu guztian, eta bera lehen entrenatzailea zen taldean egin zituen praktikak. «Astelehenetan ezin izaten nintzen joan, nik nire entrenamendua izaten bainuen, baina asteazken eta ostiraletan laguntzera joaten nintzen, eta asteburuan partidan libre banengoen joaten nintzen».
«Denetarako denborarik ez»
Titulua ateratzen ari zela, denera iristeko denborarik ez zuen, azaldu duenez; horregatik, astelehenetan ezin izaten zuen praktiketara joan, eta asteburuetan ere askotan bere partidak izaten zituen: «Ni palan eta futbolean aritzen naiz, eta denetarako denborarik ez». Horri orain entrenatzaile tituluaren jabetza gehitu zaio; hala ere, ez du garbi zer egiteko eta zer ez egiteko tartea izango duen: «Printzipioz aurten pala lagatzekoa nintzen, baina azkenean fitxa egin nuen, eta jokatu behar. Beharbada aurtengoa azken-azkenengoa izango da, baina ez dakit. Erakarri egiten nau; bizitza guztian egin dut kirola».
Futbolean ere antzekoa gertatu zitzaiola azaldu du: «Lehengo urtean esan nuen laga egingo nuela, eta esan zidaten: 'Nola lagako duzu, Leire? Zu zara-eta taldearen eredu bat eta kapitainetako bat. Ezin duzu laga!'. Eta palan ere antzekoa; ez nintzen lehen entrenamenduetara joan, eta nire falta sumatzen zutela esan zidaten». Eta, azkenean, esan du frontoira itzuli zela, taldea berak sortu zuelako pandemia garaian, Zumaian ez zegoelako pala egokituko talderik.
Hori gutxi balitz bezala, areto futbolean ere aritzen da, Realaren Genuin taldean jokatzeko bertan aritu behar baitute. Atzegi taldean jokatzen du, eta, Bizkaiko beste hiru talderekin batera, Euskadiko Liga osatzen dute. Azken hiru urteetan liga irabazi dute, baina uste du aurten «zailxeago» izango dutela titulua berriro irabaztea.