Entrenatu ere, maskararekin

Atletek maskara jantzita izan behar dute entrenatzeko. Ivan Fernandezek eta Teresa Errandoneak diote errespetatzen duten arren zaildu egiten diela beraien prestaketa.

Teresa Errandonea, maskara jantzita entrenatzen, Donostiako belodromoan. JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Koronabirusak aldatu egin du kirolarien egunerokoa. Atleten kasuan, aldaketariknabarmenetakoa maskararen erabilera da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, entrenatzen ere maskara jantzita izan behar dute. Ahalegin betean eta diziplinaren arabera asko zailtzen du horrek haien prestakuntza. Hori dela eta, haien jardunean hainbat moldaketa egin behar izan dituzte.

Hala gertatu zaio Ivan Fernandez maratoilariari: Gasteizko hirigunean entrenatzeko ohitura zuen, baina konfinamendu ostetik, eta arriskuak saiheste aldera, kanpoaldera joateko ohitura du orain. «Hirigunean kirola egiteko maskara derrigorrezkoa denetik,are gehiago». Horrenbestez, entrenatzeko lekua aldatu behar izan du. Lehen bi kilometroak maskararekin egiten ditu, eta, hirigunetik kanpo dagoenean, kendu egiten du. Izan ere, argi mintzo da. «Maratoi batek eskatzen dituen entrenamenduak maskararekin egitea ezinezkoa da. Denok topatu beharizan ditugu irtenbideak, arazorik ez izateko, araudia oso lausoa delako. Kirolari profesional agiria dudala baliatuz, autoa hartu eta beste leku batzuetara ere joaten naiz entrenatzera».

Horrek maskararik gabe entrenatzea ahalbidetzen dion arren, traba batzuk ere sortu dizkio. «Hirigunetik kanpo argi gutxiago dago, eta, nire lan saioak luzeak direnez, aurreratu egin behar izan ditut. Are gehiago, udazkenean eta neguan». Adibide argigarria jarri du: «09:00etan hotz handia egiten du Gasteizen, eta giharrek ez dute berdin funtzionatzen. Baina ezin naiz beranduago entrenatu, arratsaldean ere goizago joan behar dudalako, aipatutako argi faltagatik, eta atsedena ere hartu behar duelako gorputzak bi saioen artean. Azken batean, gorputza are muturrerago eramaten dut, eta askoz gauza gehiago hartu behar ditut kontuan entrenatzeko orduan. Horrek arreta apur bat kentzen dizu zure benetako egitekotik. Konplexua da».

Arauak betetzeko daudela onartu du, hala ere. «Kirolariok, gainera, eredu izan behar dugula uste dut». Baina, aldi berean, ñabardura bat egin du. «Gu honetaz bizi gara, eta gure entrenamenduak luzeak eta erritmo bizikoak dira. Izaten ditugun bihotz taupadekin, ezinezkoa da ordubete maskararekin egotea ».

Maskararekin erritmo horretan entrenatuz, aire falta «izugarria» izaten dela azaldu du. «Gurebiriken ahalmena nabarmenjaisten da, eta horri gehitu behar zaizkio maskararen inguruan sortzen den kondentsazio eta CO2 mailak».

Beste kirolak «errespetatu» arren, «paradoxikoa» iruditzen zaio futbolean, saskibaloian eta taldekako eta kontaktuko beste kirol batzuetan maskara ez erabiltzea, eta beraiek bai. «Are gehiago, gure erkidegoa izatea hori agintzen duten bakanetakoa».

Uste du kirolariak «oso ondo» dakitela zer garrantzi duen segurtasun neurriak hartzeak. «Aipatu bezala, honetaz bizi gara. Ni, adibidez, nire entrenatzailearekin eta oso gertuko senideekin izan ezik, ez naiz beste inorekin elkartzen. Oso egun gutxi falta zaizkit Valentziako maratoirako, eta ez du arriskurik hartu nahi. Lan asko dago atzean».

Normalean, lan edo prestakuntza horretan goi mailan lehiatzen ez diren atleta batzuek laguntzen diote. «Baina oraingo honetan nik egin behar izan dut lan gehiena, profesionalak ez izanda, denbora luzez ezin izan baitituzte udal kirol azpiegiturak erabili, nahiz eta federatuak egon. Hori ere eragozpen bat izan da. Eta ez diot zentzu handirik ikusten, gure kirola eremu ireki batean egiten baita. Baina itxietan egiten direnen zaku berean sartu gaituzte, eta ez da bidezkoa. Guk ere gauza asko ditugu jokoan; nire kasuan, Olinpiar Jokoetan egotea».

Tokion egoteko aukeretako asko Valentzian izango ditu jokoan Fernandezek. «Prestaketa on bat egin dudala iruditzen zait. Entrenamenduak ikusita, marka on bat egin dezakedala uste dut. Garrantzitsuena izango da ordu arte neure burua zaintzea, egin behar nuen lana eginda baitago. Bideaz gozatu behar dut orain».

Proba laburretan ere

Hesietan aritzen da Teresa Errandonea, eta eremu ireki eta itxietan entrenatzen da: Donostiako Anoetako estadio txikian eta belodromoan. Hura ere maskara erabiltzera derrigortuta dago. «Gimnasioan egiten ditugun entrenamenduetarako onuragarria izan daitekeela iruditzen zait. Baina beste entrenamendu mota batzuetan erabiltzea ezinezkoa da. Dena den, ulertzen dut profesional ez diren atletek erabiltzen badute, guk ere erabiltzea. Arraro sentituko nintzateke bestela».

Jarduera bera egiten ari direnean ken dezakete. «Baina ez beroketa ariketak egiten ari garenean; edo, bestela, behin proba amaituta. Horrek serie batetik bestera egiten dugun suspertzea moteltzen du, eta hasi ere ez zara berdin egiten, beroketa ariketetatik hasita aire gutxiago izaten baituzu. Kontuan hartuta gure ahalegina motza baina intentsitate handikoa dela, maskarak gauzak zailtzen dizkigu».

Gainera, gogorarazi du bai belodromoa eta bai Anoetako estadioa oso leku zabalak direla. «Distantziak mantentzeko gai gara, eta, alde horretatik, uste dut neurria zorrotzegia dela. Gainera, nahiz eta taldean entrenatu, oro har, bakarkako kirola da». Ahalik eta gehienetan estadio txikian entrenatzen da. «Baina hemen egiten duen eguraldiarekin, gero eta zailagoa izango da».

Berak, hala ere, Fernandezen antzera, goi mailako kirolari agiria du. «Horrek abantaila batzuk ematen dizkit. Adibidez, nire entrenatzailea pistan sar daiteke, eta distantziak mantenduz aukera dut taldean entrenatzeko. Hori funtsezkoa da niretzat, haiekin entrenatuta neure benetako sasoia zein den ikusteko aukera ematen baitit. Bakarrik eta helbururik gabe entrenatzea gogorra da. Oraingoz ez dut probarik aurreikusita, espero dut ahalik eta azkarrena egutegi bat izatea, beste pizgarri bat izaten baita guretzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.