Aimar Irigoienek (Errezil, Gipuzkoa, 1988) 11. aldiz irabazi zuen Euskadiko Harri Handien Txapelketa duela hamar egun, Aian (Gipuzkoa). Historia egin zuen, Juanjoxe Unanue Goenatxo II.aren marka berdindu baitu. Txapelketa irabazteko 8.100 kilo altxatu behar izan zituen, 52 jasoalditan banatuta: zortzi altxaldi eman zizkion 200 kiloko errektangularrari, hamalau 175 kiloko kopa edo zilindroari, hamabi 150 kiloko kuboari, eta hemezortzi 125 kiloko bolari. Baldintza onenetan ez egon arren, «gustura» dago egindako lanarekin.
Pozik egongo zara, 11. aldiz irabazita Euskadiko Harri Handien Txapelketa irabazita, ezta?
Bai, oso pozik nago. Egia esan, hamaikagarrena izan edo lehenengoa izan, niretzat berdintsu da, niretzat txapel guztiek balio berbera baitute. Hau 11.a izan da, eta nola ez, oso pozik nago.
Txapel honekin, hala ere, Juanjoxe Unanue Goenatxo II.aren marka berdindu duzu. Pizgarri modura balio al dizu horrek?
Ez, horri ez diot asko erreparatu. Urtea nola joan den ikusita, ez nuen uste txapelketa jokatuko zenik ere, eta alde horretatik nahiko lasai nengoen. Azkenean, nola edo hala zerbait egiteko aukera izan dugu. Zenbat entrenatu naizen ikusita, ez nuen espero irabaztea. Alde horretatik, nahiko zortea izan dudala uste dut.
Hamabigarrena eskuratzeko moduan ikusten al duzu zeure burua hemendik urtebetera?
Batek daki nola egongo naizen hemendik urtebetera. Gaur bai, gaur hala ikusten dut, baina urteak egun asko dauzka, eta egun xelebre asko pasatu behar izaten ditugu guk. Egungo martxa honi jarraituz gero, eta zorte pixka batekin, ea hurrengo urtean txapelketa izateko aukera daukagun.
Aurreko egunetan esan zenuen ez zeundela sasoian, nahi adina entrenatu gabe. Txapelketaren egunean sentsazio txar berberekin esnatu al zinen?
Txapelketan oso sentsazio txarrak izan nituen. Zalerik gabe, harria altxatzen hasterako epaileek harri guztiak garbitzen zituzten beraien espraiarekin… Arraroa izan zen dena. Gu, gainera, urte guztian plazarik egin gabe ginen, eta dena berria izan zen; urduritasuna ere sumatu genuen.
Sentsazioak sentsazio, aurreko aldietako antzerako marka lortu zenuen: 8.100 kilo inguru. Irabazteko zenbat kilo altxatu behar izatea zeneukan aurreikusita?
Txapelketako nire helburua zen minik ez hartzea zen. Oso gutxi prestatu nuen, eta harri handiak ziren. Edozein mugimendu xelebretan min hartzeko aukera hori zegoela banekien. Behin hori beteta, nire intentzioa 8.000 kiloetara hurbiltzea zen.
Estreinako harriarekin, 200 kiloko errektangularrarekin, arazo bat izan zenuen: ia erori egin zitzaizun. Zer pasatu zitzaizun burutik momentu horretan?
Hori zen nik neuzkan beldurretako bat. Laugarren jasoaldian halako balantza bat egin nuen, baina azkenean eutsi egin nion, eta jasotzea lortu nuen. Askotan horrelako txorakeria bat nahikoa da lehiatik kanpo geratzeko. Izugarrizko amorrua hartu nuen, baina nola edo hala altxatzea lortu nuen, eta gaitz erdi.
Jokin Eizmendik zure altxaldi kopuru bera egin zuen lehen harriarekin: zortzi. Zilindroan, baina, ohi bezala, aldea atera zenien. 350 kiloko abantaila lortu zenuen harri harekin. Horrek lasaitu egin al zintuen?
Egia esan, nik ez nuen 200eko harriarekin zortzi altxaldietara joateko asmoa. Lehenengo harriarekin 200 kilo kentzen bazizkidan, eta gero nik koparekin berari jasoaldi bakarra kentzen banion, 25 kilo atzetik iritsiko nintzen kubikora. Eta nik hori ez nuen nahi, kubikoa ez delako nire harririk gustukoena. Horregatik, hasiera-hasieratik eutsi egin behar geniola pentsatu genuen, eta, azkenean, kopan ateratako abantaila ondo etorri zitzaigun kubikorako. Gainera, kubikoan hamabina berdindu genuen, eta gero bolan gozatu egin nuen.
Azkenean, 600 kiloren aldea izan zenuen. Ez da gutxi.
Ez, ez. Hamabi minutuko lan baterako, nahikoa abantaila da. Urte berezia izan da, eta ez nekien nola erantzungo zuen gorputzak. Baina nik nire lana ondo eginez gero, abantaila hori ateratzeko kapaz ikusten nuen neure burua.
Julen Diaz ezin izan zen finalean egon, eta sei izan beharrean bost izan zineten. Horrek esan nahi du harri batetik bestera pasatzeko denbora gutxiago izan zenutela. Deskantsatzeko bost minutu gutxiago izatea asko nabaritu al zenuten?
Bai, nabaritzen da. Azken batean, txanda batetik bestera bost minutu dira, baina laugarren harrirako ordu laurden gehiago da. Hori dezenteko aldea da, eta horrelako urte batean, are gehiago.
Euskal pentatloian eta aizkoran berrikuntza batzuk sartu dituzte, jendea erakartze aldera. Harri-jasotze txapelketetan horrelako zerbait egin beharko litzatekeela uste al duzu?
Zergatik ez? Ikusita haien aldaketak ondo doazela, guk ere beharbada bide berbera hartu beharko genuke. Oraingoz, ez dugu pausorik eman oraindik, eta zerbait berria sartu beharko litzatekeen edo ez, ikusi egin beharko genuke.
Zer aldaketa egingo zenuke zeuk?
Erantzuteko gehiago sakondu beharko nuke egungo egoera. Ez naiz inoiz jarri zer aldatuko beharko litzakeen pentsatzen. Bat-batean, ez zait aldaketarik etortzen burura.