Entrenamendu serioa

Carlsen, Kariakin, Giri, Wei, Nakamura eta Sorekin, azaroko Munduko Txapelketaren atarikoa izango da Bilboko Maisuen Finala; gaur hasiko da

Magnus Carlsen eta Sergei Kariakin, atzo, aurkezpenean, elkarri eskua emanda. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Josu Tornay.
2016ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Iritsi da, berriz ere, xakeko izar festa Bilbora. Gaur hasi eta uztailaren 23ra arte, Bizkaiko hiriburuan jokatuko da Maisuen Finala, Campos Eliseos antzokian. Maila gorenekoak izango dira sei parte hartzaileak: Magnus Carlsen norvegiarra —egungo munduko txapelduna—, Sergei Kariakin errusiarra, Anish Giri herbeheretarra, Yi Wei txinatarra, eta Hikaru Nakamura eta Wesley So estatubatuarrak.

Aurten zailtasun psikologiko handi bati aurre egin beharko dio munduko txapeldunak, azaroan New Yorken defendatu beharko baitu bere koroa Kariakinen kontra. Beroketa lan ederra izango da Bilbokoa, bi aldiz jokatu beharko dutelako elkarren aurka, pieza zuriekin eta beltzekin. Bi partida horiek pisu bikoitza izango dute. Alde batetik, partida garrantzitsuak izango dira Bilboko Maisuen Finalerako; baina, beste alde batetik, azaroko lehia buruan, aukera ona izan daiteke zer edo zer probatzeko. Eta, noski, kontuan hartu beharko da emaitzak izan dezakeen pisua ere. Bi partidetako sentsazioek ondorioak izan ditzakete jokalarien autoestimuan eta konfiantzan.

Lehia horrekin batera, interesgarria izango da Yi Weiren jokoa aztertzea ere. Txinatar gazteak eliteko aurkariak izango ditu parean Bilbon. Etorkizun ezin hobea dauka, baina, 17 urte eskasekin, gogorregiak izan daitezke eskarmentu handiko aurkari horiek. Wesley So estatubatuarrak iazko garaipena defendatzeko erronka izango du aurten, eta oso kontuan hartzeko jokalaria izango da. Filipinetan jaiotako estatubatuarra etorkizun handiko gaztea zen duela urte pare bat, eta bost onenen artean lekua egin nahian dabil orain.

Giri Sorekin lehen postuan puntuetan berdinduta gelditu zen iaz, eta elite mailara jauzia egin du azken urteotan. Baina aurtengo hautagaien torneoan larregi ez arriskatzeko joera izan zuen, eta berdinketa larregi pilatzeko sona irabazi zuen. Bilbon joko erasokorragoa egingo duen itxaropena dago, dena dela. Azkenik, Nakamura ere oldarkor eta anbizio handiz arituko dela espero da. Estatubatuarrak ez zuen itxura ona eman hautagaien torneoan; emaitzarengatik, batetik, eta Aroniaren kontra arauak ez betetzeko saiakera itsusiagatik, bestetik. Bere irudia hobetu beharra dauka Nakamurak.

Baina Carlsen da irabazteko faborito nagusia, eta ez soilik egungo munduko txapelduna delako. 2013ko azaroan Anandi nahiko erraz kendu zion munduko koroa, eta hori ez zen izan inolako ezustekoa. Norvegiarrak, dagoeneko, bi urte baino gehiago zeramatzan munduko zerrendetako lehen postuan, eta beste hainbat urte lehen sailkatuen artean. Ez da erraza berdintzen Carlsenek gaztetatik garatutako joko tankera: ez da saiatzen irekitzean abantaila jakin bat lortzen, eta jokalarien %95ek egiten dutenaren kontrakoa da hori.

Xake modernoaren eredu

Pauso bat urrunago joaten da beti Carlsen, eta, bere buruarengan konfiantza handia daukanez, nahiago izaten du posizio erabakigarriak aurreragorako uztea eta posizio berdinduetan aurkarien hutsegiteak baliatzea. Adibide gisa, Carlsenen partidetan oso ohikoa bihurtu da erabat berdinduta dauden finaletan aurrera jarraitzea, nahiz eta kasu horretan ia jokalari guztiek gustura sinatuko zuketen berdinketa. Aurkari boteretsuen hutsegite txikiak aprobetxatzen saiatzen da partidak irabazteko. Xake modernoaren adierazgarririk onena eta eraginkorrena da Carlsen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.