Enrich, 2022ra arte

Eibarreko aurrelariak beste hiru denboraldirako berritu du kontratua

Aitor Manterola Garate.
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Kezka bat gutxiago du Eibarrek, Sergi Enrichek kontratua berritu duelako. Datorren ekainaren 30ean amaituko zaio hitzarmen zaharra, eta berriarekin 2022ra arteko lotura izango du klubarekin. Gauzak bere-berean joaten badira eta hitzarmena osorik betetzen bada, zazpi denboraldi osatuko ditu aurrelariak Eibarren. «Pozik nago, etxean geratu nahi nuelako, talde honen alde dena ematen», adierazi dio klubeko komunikazio sailari.

Etorri zenetik hasi zen garrantzia hartzen taldearen barruan, bai zelaian eta bai zelaitik kanpo, eta jokalari garrantzitsuenetakoa da gaur egun. Gainera, aurrelari postua zaila da ordezkatzen, eta harekin Eibarrek ondo betea du leku hori. Sasoi honetan, zazpi gol sartu ditu ligan; aurrekoan hiru sartu zituen, liga erdia jokatu ezinda egon baitzen, belauneko lesio bat tarteko; duela bi denboraldi 11 sartu zituen, eta Eibarren egin zuen lehen denboraldian, bederatzi aldiz bota zuen baloia sareetara. Espainiako Kopan, lau denboraldi hauetan, beste lau gol sartu ditu.

Aurrera begirako hitzarmen honekin, garbi utzi du Eibarrek zein bidetan ibili behar duen: «Hazten jarraitu nahi dugu, baina garbi izanda helburua mailari eustea dela». Onartu du betidanik bete nahi izan duen ilusioari uko egin diola: «Gustatuko litzaidake Ingalaterrako ligan jokatzea, eta izan ditut aukerak orain, baina beste gauza batzuk lehenetsi ditut. Zoriontsua naiz hemen, familia honetan, eta dena ez da dirua bizitzan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.