Aspeko pilotaria

Iñigo Bikuña: «Enpresari ez ezik, neure buruari ere erakutsi diot onenekin lehia naitekeela»

Jose Javier Zabaletaren ordezko gisa ari da Bikuña Binakako Mastersean, baina atzo ez zuen jokatzerik izan, eskuko arazoengatik. Datorren jardunaldirako prest izango dela azaldu du, ez baitago aukerak alferrik galtzeko.

Iñigo Bikuña Caixabank Masterseko partida batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iñigo Bikuña Caixabank Masterseko partida batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon eskudero
2024ko uztailaren 26a
05:00
Entzun

Eskuin eskuko arazo baten ondorioz, Binakako Masterseko bigarren jardunaldia jokatzerik ez zuen izan atzo Iñigo Bikuñak (Donostia, 1998). Jose Javier Zabaletaren ordezko lanak egiteko hautatu zuen Aspek, eta lehen jardunaldian aski ongi erantzun zuen. Eskuei atseden txiki bat emanda, datorren astean kantxetara itzultzea espero du, «ilusioz gainezka» baita lehen mailako pilotariekin lehiatzen jarraitzeko.

Elizondon jokatzekoa zinen atzo, baina azken orduan egin zenuen atzera. Zer gertatu zitzaizun?

Uste nuen eskuak ondo nituela, baina bezperan proba txiki bat egiterakoan ohartu nintzen oso kolpatuta neukala oraindik eskuin eskua. Behingoz Lehen Mailako txapelketa batean parte hartzen ari eta partida bat bertan behera uzteak pena eta mina ematen zizkidan, baina ez zegoen besterik. Maila horretan, kantxara ez dago erdizka ateratzerik, eta, gainera, ez nuen arriskatu nahi. Eskua erabat txikitu eta uda osoa baldintzatzeko arriskua neukan.

Datorren jardunaldirako zurekin kontatzen al dute?

Hala esan didate, bai. Miarritzen [Lapurdi] dugu partida datorren asteazkenean, eta, Zabaleta garaiz osatzen ez bada behintzat, nik jokatuko dut Jon Ander Peñarekin. Uste dut ordurako ongi egongo naizela. Urte guztian pilotan jokatzen igaro arren, Lehen Mailako txapelketa batean parte hartzeak bestelako zera bat sortzen du, eta nahi nuke garaiz osatu. Izugarrizko ilusioa daukat aukerak baliatzeko, eta nire esku dagoen guztia egingo dut ongi egoteko.

Zabaleta ordezkatzea zer da: aukera edo konpromisoa galanta?

Bote lasterrean erantzunda, aukera moduan ikusten dut nik. Egia da Zabaleta gure enpresako atzelaririk onena dela eta haren lana berdintzea ezinezkoa dela, baina nik ezin diot horri begiratu. Onenen artean lehiatzeko aukera daukat orain, eta baliatu egin nahi dut. Lehen jardunaldian 22 eta 21 galdu genuen Peñak eta biok, Peio Etxeberriaren eta Jon Mariezkurrenaren kontra. Nire ustez txapelketako faboritoak direnen kontra. Pronostikoak hautsiz, irabazteko zorian izan ginen, eta uste dut partida oso ona jokatu nuela. Enpresari ez ezik, neure buruari ere erakutsi nion maila honetan joka dezakedala.

Azken tantoa zuk galdu zenuen, pilota goiko koltxoira bidalita. Buelta asko eman al zenizkion horri?

Konbentzituta nengoen Peñak sakez egingo zuela tantoa, eta kontrakoa gertatu zen. Mariezkurrenak zortzigarren koadroraino bidali zuen errestoa, eta nik galdu nuen azken pilota. Ez nion buelta askorik eman; pentsatu nuen bakarra izan zen hurrengorako kontzentratuago egoten ikasi behar dudala.

«Azkenaldian kantxan gozatzen ari naiz, eta bilakaera eta gorakada ikusten dizkiot neure buruari»

Partida amaiera beroa izan zen, Mariezkurrenari emandako atxiki bat gorabehera. Nola sentitu zinen?

Gaizki, ez delako gustu onekoa bi pilotari elkarrekin haserretzea. Berotasun horretan normala da denetariko erreakzioak izatea, baina uste dut kontu horiek aldagela barruan hitz egin eta konpondu beharrekoak direla.

Momentuz, badirudi Aspen bosgarren atzelaria zarela. Zer falta zaizu lehen lauretan sartzeko?

Ez dakit, baina azkenaldian kantxan gozatzen ari naiz, eta bilakaera eta gorakada ikusten dizkiot neure buruari. 26 urterekin heldutasun betean sentitzen naiz, eta inoiz ez bezala ari naiz gozatzen pilotan. Lasai irteten naiz kantxara, eta hasi eta buka konfiantzaz sentitzen naiz, lasai. Oso zaila da enpresako lau atzelarien artean sartzea, baina horixe da nire motibazioa, eta horretarako entrenatzen naiz.

Zertan hobetu duzu?

Nahiz eta Elizondoko partida bertan behera utzi behar izan, eskuek nahikoa errespetatzen naute urte guztian, eta horrek jarraitutasuna bermatzen du. Orain askoz hobeto neurtzen dut pilotakada bakoitza, eta badakit noiz jo eta noiz eutsi. Hanka geldian gero eta gutxiagotan jotzen dut pilota, eta ezker eskua ere hobetu dut. Horixe nuen gabezia nagusia, eta pixkanaka gorantz noa.

Fisikoki ere egon zara orain baino okerrago, ezta?

Pandemia garai hura gogorra izan zen niretzat. Inork ez dit esan zergatik izan zitekeen, baina txertoak ipini zizkiguten garai horietan komeriak izan nituen. Kantxan oso nekatuta sentitzen nintzen, eta analisi batzuetan hamabost bat izartxo atera zitzaizkidan. Espezialista batzuekin hasi nintzen lanean, eta denboraren poderioz askoz hobeto nago orain.

Beraz, baliteke zure onena iristeko egotea.

Ez dakit, nik dakidan bakarra da gozatzen ari naizela. Lehengo asteko partidan ere oso ongi sentitu nintzen Lehen Mailako pilotarien artean, eta bide berari eustea da nire helburua. Bigarren Mailako partidetan ofizioa izugarri ikasi dut, eta prest nago konpromiso handiagoko lehiak jokatzeko.

Betidanik izan zara berandu etorritako pilotari bat, ezta?

Bai. Gaztetan aurrelari gisa jokatzen nuen; atzelari moduan ez nintzen hasi oso berandu arte. 18 bat urterekin hartu nuen serioski pilota, eta beti esaten dut kantxako orduak falta izan zaizkidala. Gainerako pilotariak baino beranduago etorri naiz alde horretatik, eta hobetzeko tartea ikusten dut oraindik. Motibazioa sortzen dit horrek, eta noizbait txapelketa ofizial bat jokatzeko ilusioa daukat.

bihar jokatuko dute jai alai summer season txapelketako finala

Juanenea-Ansa II.a eta Barrenetxea IV.a-Urriza Galarreta pilotalekuan izango dira aurrez aurre, bihar, 16:30ean, Jai Alai Summer Season txapelketako finalean. Txapelketa berezia da; izan ere, atzelariek aurrean jokatzen dute, eta aurrelariek atzean. Ligaxkan hernaniarra eta iruindarra gailendu ziren. Jada aukeratu dute finalerako materiala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.