Iker Larrazabal. Baikoko pilotaria

«Enpresaren kutuna naizen orain? Baliteke»

Baikok haren alde apustu egin du, eta lehen aldiz jokatuko du sanferminetan, Mastersean eta Gasteizko ferian. «Aukera eman didate, eta orain, nire balioa erakutsi behar dut».

ENDIKA PORTILLO / @FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Iker Larrazabalek (Amurrio, Araba, 2002) 21 urte beteko ditu igandean. Jai izan nahi du. «Gaur, sanferminetako lehen partidan, Jonek [Mariezkurrena] eta biok Elordiri eta Martijari irabazi diogula esan nahiko luke horrek». 22:15ean hasiko da jaialdia (ETB1).

Lehen aldiz ariko zara onenekin sanferminetan. Zer moduz zaude?

Oso pozik. Lehen Mailakoekin bakarrik ez, sanferminetanere aurrenekoz jokatuko baitut. Gainera, Jonekin arituko naiz; sekulako pilotaria da.

Zer kontatu dizute beste pilotariek Labriteko giroaz?

Ikaragarria dela, eta ikusleek dena ematen dutela. Labriten egona naiz sanferminetan, eta sekulakoa da; pentsa nolakoa izango den kantxan egonda.

Familia eta lagunak frontoian egongo dira?

Bai, baina lagun guztiek ezin izan dute sarrera erosi, berehala bukatu baitziren.

Etxeko bikotekidea jarri dizute. Beraz, animorik ez zaizue faltako.

Ez, eta, ni txikia izanik, agian gehiago animatuko gaituzte [barrez].

Nolakoa da harekin aritzea?

Plazer hutsa da, pilotari eta pertsona oso ona baita. Baina zaila ere bada, sekulako maila baitu. Zaila izango da haren pare aritzea.

Iaz, txapeldun izan zen, Iñaki Artolarekin.

Hala da, eta horrek presio pixka bat eragiten dit. Baina lasai aritu behar dut, eta ahalik eta partida onena egin.

Zer esaten dizu berak?

Lasai egoteko eta egiten dakidan hori egiteko.

Labriten irabazi duzu txapel bakarra profesionala zarenetik: Promozio Mailako binakakoa, Iosu Eskirozekin, aurten. Frontoi berezia da zuretzat?

Bai. Frontoi ona da jokatzeko, eta polita da han aritzea. Ondo legoke binakakoaren finalaren pareko partida egitea.

Bikote indartsua izango duzue aurkari: Elordi eta Martija. Zer itxura hartzen diozu?

Gogorra izango da, seguru. Oso bikote onak dira torneoko guztiak, eta hori, zehazki, onenetakoa da. Buruz buruko eta binakako txapelduna da Elordi. Dena esanda dago horrekin.

Duela gutxi, harekin ari zinen.

Hala da, baina azken urtebetean sekulako gorakada izan du. Baina gu sasoiko gaude, eta saiatuko gara lana ematen.

Elordik egindakoa akuilu da zuentzat?

Bai, eredu bat da. Hark egin duena egiten saiatu behar dut.

Sanferminetan jokatuko duzu, baina baita Mastersean eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren ferian ere. Enpresak zure alde apustu egin du.

Bai. Iosuk eta biok oso lan ona egin genuen, eta enpresak kontuan hartu du hori. Orain, nire balioa erakutsi behar dut.

Enpresaren kutuna zara orain?

Enpresaren kutuna naizen? Baliteke. Garai onean nago, eta horri eutsi behar diot.

Hauxe esan du Aimar Olaizola Baikoko kirol zuzendariak zure inguruan: «Erakusten ari den mailarekin, egunero eskatzen ari da goian sartzeko, eta guk argi dugu goian sartuko dugula». Zer diozu?

Pozgarria da hori entzutea, pilotari guztion ametsa baita Lehen Mailan jokatzea. Nik orain dut aukera, eta bete-betean aritu behar dut hor eusteko.

Polita da, baina presioa eragiten du?

Bai, handia: ez da erraza Jonekin jokatzea, ezta Zabaletarekin ere, Mastersean. Sekulako pilotariak dira biak.

Hiru urte egingo dituzu profesionaletan. Zer-nolakoa izan da orain arteko bidea?

Ona; asko hobetu dut: fisikoki, teknikoki eta mentalki.

18 urte egin berritan debutatu zenuen. Igarri zenuen jauzia?

Bai, asko; lehen urtea oso zaila izan zen.

Zertan aldatu zara?

Pilotari moduan, indartsuagoa naiz buruz, eta patxada handiagoarekin jokatzen ikasi dut: afizionatuetan, azkar bukatu nahi izaten nuen tantoa, eta profesionaletan ezin da horrela jokatu. Orain, hobeto nago frontoian.

Zertan duzu hobetzeko gehien?

Gauza askotan. Fisikoki, Altunaren edo Lasoren aldean, asko falta zait oraindik. Teknika ere hobetu behar dut. Ari naiz.

Aurrelari oldarkorra zara, baina defentsarik gabe, ezer gutxi dago egiteko. Sufritu egin duzu banaka arituta.

Hala da, eta argi dago fisikoki eta defentsan hobetzeko asko dudalako dela hori. Baina ari naiz lanean.

Denek diote zenbat eta pilota exijenteagoak izan, orduan eta hobeto jokatzen duzula. Ados zaude?

Bai. Abiadura handia ematen diot pilotari, eta Lehen Mailako pilotek mesede egiten didate.

Berezkoa duzu pilotari abiadura handia ematea. Oinarri oso ona da hori.

Betidanik izan dut; nire dohainik onena da, eta saiatzen naiz etekina ateratzen. Berezkoa dut, baina beste gabezia batzuk ditut, eta landu egin behar ditut, osoagoa izateko.

Zein helburu duzu udan?

Gozatzea; lehia polit asko ditut horretarako. Nire balioa ere erakutsi behar dut. Gauza bakarra eskatzen dut: osasuna.

Eta uda bukatzean?

Ez dakit Lehen edo Bigarren Mailan ariko naizen, baina pilotaz gozatzen segitu nahi dut.

Zer zara, Lehen edo Bigarren Mailako pilotaria?

Gu pilotariak gara; ez dakigu beti Lehen edo Bigarren Mailan ariko garen. Begira Elordi.

Aukeratu: Lehen Mailan larri, edo Bigarren Mailan nagusi?

Ufa, galdera ona da! Aukeran, Lehen Mailan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.