Ane Zelaia. ELAko Bizkaiko Zerbitzuak federazioko arduraduna

«Enpresak ez du zer eginik: ez du lortuko pilotariak nekatzea»

ELAk salaketa jarri du Enpresen Ligako epaileak hartutako erabakiaren aurka: greba egiteagatik, Agirre-Albisuri galdutzat eman zien Ezkurdia-Bikuñaren aurkakoa. Kautelazko neurriak ere eskatu ditu sindikatuak. Ane Zelaia «itxaropentsu» dago: «Espero dugu ez dela jokatuko finala». Beranduenez, ostiralean argituko da.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
ELA sindikatuko Bizkaiko Zerbitzuak federazioko arduraduna izanik, Ane Zelaiak (Durango, Bizkaia, 1989) hartu du Baiko eta haren enpresako pilotari gehienen arteko lan gatazkaren ardura. Azaldu duenez, ez dago ezberdintasunik beste lan gatazkekin konparatuta. «Oihartzun mediatikoa da ezberdintasun nagusia».

Esana zenuten salaketa jarriko zenutela Eskuzko Pilota Enpresen Ligako epaileak Asier Agirreri eta Jon Ander Albisuri larunbateko finalerdietako lehia erabakigarria galdutzat emanez gero. Esan, eta egin. Kautelazko neurriak ere eskatu dituzue.

Ezagunak ditugu Enpresen Ligaren eta Baikoren jokabideak, eta horregatik, espero genuen larunbateko partida galdutzat ematea. Hori ikusita, argi utzi genien biei ezen neurketa horretan, zeinetan pilotarietako bi grebalariak baitira, emaitza bat egotea legez kanpokoa dela. Zergatik den legez kanpokoa? Lan arloaren legedian oinarri funtsezkoenetako bat delako grebalariak ezin direla ordezkatu, ezta haien lana ere. Lan hori egin gabe geratu behar da. Baina partidari emaitza bat jartzen bazaio, eta txapelketak aurrera jarraitzen badu, grebalarien lana ordezkatzen ari dira.

Ligako epaileak dio «errespetatzen» duela greba eskubidea, baina txapelketak «jarraitu behar duela bermatzeko beharrezko diren erabakiak hartu behar» dituela. «Aurrekari batzuk» ere badaudela dio, eta «horiei jarraituta» hartu duela erabakia.

Kirol arloan aurrekari gutxi daude greba eskubidearen inguruan. Baina azkenaldian egon diren aurrekarietan ez da Enpresen Ligak hartutako erabakia hartu. Adibidez, emakumezko futbolariek deitutako greban partidak bertan behera geratu ziren, eta inork ez zuen horren inguruan eztabaidatu. Logikoena baita neurketa horiek ez jokatzea, eta lan gatazka konpontzen denean jokatzea. Hala ere, guri ez zaigu axola aurrekariak egotea edo ez: epaile batek erabaki behar du hori, eta Enpresen Ligak ezin du bere barne erreglamentu batean oinarritutako erabaki bat hartu hori greba eskubidearen aurka baldin badoa. Hemen ez da ahaztu behar Enpresen Liga sozietate mugatu bat dela, enpresa pribatu bat, Baikok eta Aspek osatutakoa. Eta enpresa pribatu baten barne erreglamendua grebaren moduko oinarrizko eskubide baten aurka baldin badoa, ez da baliagarria, inondik inora.

«Ezagunak ditugu Enpresen Ligaren eta Baikoren jokabideak, eta, horregatik, espero genuen larunbateko partida galdutzat ematea». Zergatik diozu hori?

Gu itxaropentsu gara beti. Ibai Zabalak eta Mikel Larunbek enpresarekin egindako bilera amaieran ere esan zuten «beti» daudela «itxaropentsu», baina ezagunak dugu zein jarrera eta jokabidearekin azaldu diren Baikoko arduradunak negoziazio bileretara, eta zer-nolako adierazpenak egin dituzten gero, batez ere Jose Ramon Garaik. Larunbatean hartu zuten erabakia beste bat gehiago da.

Zer bide egingo dute auzitegian aurkeztutako salaketak eta eskatutako kautelazko neurriek?

Batetik, Enpresen Ligak larunbatean hartutako erabakiaren aurkako salaketa jarri dugu. Horrek ohiko prozedura du, eta, ziurrenik, aste batzuk pasatuko dira erabaki bat egon arte. Hori jakinda, eta kontuan hartuta larunbatean hartutako erabaki horren ondorioz igande honetan final bat jokatuko dela, kautelazko neurriak ere eskatu ditugu. Zergatik? Guk badakigulako ohiko prozeduraren ebazpena ez dela izango berehalakoa, eta hori iritsi artean arriskua dagoela kalte handiagoa sortzeko. Izan ere, finala jokatuta, kalte handiagoa sortuko litzateke. Kautelazko neurriak eskatuta, epaileari galdegin zaio hiru eguneko epean neurri zehatz batzuk har ditzala kalte handiago horiek eragozteko. Ostiralerako egon beharko luke erabakiak.

Zer erabaki dezake epaileak?

Gu prest gaude edozertarako. Epaitegi batera joanda, hirugarren pertsona baten eskuetan geratzen da erabakia, eta ez daukagu inolako segurtasunik zer gerta daitekeen. Guk, hala ere, kasu honetan, juridikoki oso argi dugu greba eskubidea guztiz urratu dela. Itxaropen handia dugu finala atzeratuko dela. Finala jokatuta, kalte oso handia sortuko litzateke, eta enpresak legez kanpoko onura oso handia jasoko luke, sarrerak jada salduak baititu [atzo jakinarazi zuten enpresek guztiak saldu direla, 600 inguru].

Makina bat lan gatazkatan aritutakoa zara. Zer iritzi duzu honetaz?

Oso auzi mediatikoa dela, arreta asko bereganatzen ari dela, pilotariek babes publiko handia dutela, eta langileak oso batuta eta tinko daudela. Baina, sindikatu moduan, lan gatazka honetan azaleratzen ari diren arazoak beste edozein lan gatazkatan azaleratzen diren berberak dira. Ez dago inolako ezberdintasunik. Kontua da askok uste izan dugula kirolari profesional guztiak pribilegiatuak direla, eta pilotariak guregana etorri bezain pronto konturatu ginen ez dela inondik inora horrela.

Ohikoak dira pilotariek egindako eskaerak ere?

Erabat. Ez dute beste munduko ezer eskatu: gutxieneko soldata; kontratuak negoziatzeko unean fede onez jardutea; enpresak bere gain hartzea pilotarien gastuak; eta barne araudia bertan behera uztea, oso zorrotza baita, eta, gure ustez, legez kanpokoa. Beste lan gatazketan egin ohi diren aldarrikapen ia berberak dira. Alde horretatik, deigarria izan zen pilotariak guregana etorri zirenerako egina zutela diagnostikoa. Horri esker, oso erraza izan da haien diagnostikotik aldarrikapenak finkatzeko prozesua.

Duela astebete egin zenuten bilera Baikorekin, eta bukaeran pilotariek esan zuten «ilusioz eta gogoz» joan zirela bilerara baina «oso burumakur, oso triste eta etsita» etxeratuko zirela. Zu bilera horretan izan zinen. Nola bizi izan zenuen?

Sindikatu moduan, etsigarria izan zen. Ez zen inolako edukirik izan enpresaren aldetik, nahiz eta berak deitu zuen bilerara. Beste zerbait espero genuen. Halere, ez zen izan beste edozein lan gatazka batean ikusi ez dugun bilera bat. Enpresek halako bilerak erabili ohi dituzte ikusteko ea langileak gogor dauden, ea noraino estutu ditzaketen; finean, giroa neurtzeko. Eta guk egin genuen bileran oso argi geratu zen pilotariak oso gogotsu daudela, eta enpresak ez daukala zer eginik alde horretatik. Gatazka konpontzeko daukan bide bakarra fede onez hitz egitea da. Ez du lortuko pilotariak nekatzea.

«Borondate, gardentasun eta zehaztasun falta» leporatu diozue Baikori.

Guk gure aldarrikapenak sakondu genituen bileran, guk esan genuelako hala egin behar zela. Gardentasun falta zen aldarrikapen nagusienetako bat, eta bilera bukatzean ere hala zen oraindik. Sindikatu gisa, bilera horretatik gehien harritu gintuena izan zen Garaik hurrengo egunean esan zuela bilerara eskaintza batekin agertu zirela. Gure aldarrikapenen inguruan ez zen egon eskaintza zehatzik. Gehienez, esan zuten prest zeudela aldarrikapenak aztertzeko batzorde bat eratzeko langileen artean. Guk argi dugu hori eginda zer asmo duten: greba batzordea bazter batean uztea eta langile guztiekin hitz egiten saiatzea. Ez dugu halakorik onartuko. Hemen, aldarrikapen batzuk daude, grebalari batzuk daude, tinko daudenak eta gogor borrokatzen direnak: haiek negoziatu behar dute, eta ez aldarrikapenetatik kanpo geratu diren langileek.

Pilotariek kritika gogorrak egin dizkiote Garairen tratuari. Hura bileran izan zen. Zer-nolako jarrera izan zuen?

Greba batean egon daitekeen negoziazio bilera ohiko bat izan zen. Egia da bai Baikok, bai pilotariek aholkulariak izan zituztela bileran, eta horiek tartean egonda egoera ezberdina dela. Horren harira, guri asko harritu gintuen jakiteak Baikon pilotarien negoziazioak bakarka eta inolako aholkularirik gabe egin izan direla. Giroa ez da bera aholkulari bat egon edo ez.

Beste kontakturen bat izan duzue beste bilera bat egiteko?

Larunbek idazki bat aurkeztu zuen bileran, formalki datu ekonomiko batzuk eskatuz. Astebeteko epea eman genien erantzunen bat emateko, eta oraindik ez dugu ezer jaso. Halaber, bileraren egunean akta bat bidali genien hitz egindakoaren laburpen gisa, eta ez dugu erantzunik jaso. Deitu ere ez digute egin.

Itxaropentsu zara?

Gu beti gara itxaropentsu. Gu lan gatazka batean sartzen garenean, badakigu irtenbidea duela; ez gara sartzen irtenbiderik ez duen batean. Eta lehen esan dut: gatazka honetako aldarrikapenak oso xumeak dira, eta betetzen errazak. Borondatea da behar dena. Enpresak nahi badu, hau oso egun gutxian konpon daiteke.

Nola daude pilotariak? Haien batasuna azpimarratu duzu.

Plazera da haiekin batzarrak egitea. Guztiz batuta daude, eta ez dute desadostasun bakar bat ere. Dena egiten dute elkarrekin: oso talde batua da.

Aspeko pilotariek erabaki dute Baikok antolatutako jaialdirik ez jokatzea, grebak indarra gal ez dezan. Eskertu egin duzue keinu hori?

Bai, noski. Gure aldarrikapenen alde egiten den edozein adierazpen ongietorria da beti, eta are gehiago sektore berekoak izanik. Kontuan hartu behar da aldarrikapen hauek Baikori egiten ari zaizkiola, eta Aspen ez dagoela halako arazorik orain. Baina badago arriskua arazo hauek sektorekoak bilakatzeko.

Ezkarain egindako ekitaldiak indarra eman dizue?

Bai, handia. Sekulakoa izan zen bertan sortu zen elkartasun giroa.

«Honek guztiak kalte handia egiten dio pilotari». Sarritan entzuten da hori. Zer iritzi duzu?

Bada, lan gatazka guztietan esaten den gauza bera dela. Gatazka guztietan, beste aldean dagoen enpresaren erantzuna da esatea langileak enpresa kolokan jartzen ari direla euren aldarrikapenekin. Gure erantzuna beti da berbera: bada, negoziatu, borondate eta fede onez negoziatu, eta bukatuko dugu gatazka ahalik eta arinen. Pilotariek behin eta berriro esan dute negoziatzeko prest direla, eta akordioak lortzeko borondatea dutela. Bide horretan, alderdi biek egin beharko diogu uko gure aldarrikapenen zati bati, baina ez bakarrik bi aldeetako batek.

Mezuren bat eman nahi duzue?

Kautelazko neurriak onartu edo ez zain gaude. Ez balira onartuko, badaukagu prest zeintzuk izango liratekeen hurrengo asteetako mobilizazioak. Argi utzi nahi dugu eta Baikori oso argi utzi nahi diogu hasieran hiru asteko grebara deitu genuela, baina pilotarien taldea oso tinko dagoela, eta espero dugula ezetz, baina, beharrezkoa balitz, luzatu egingo genukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.