Soka gero eta tenkatuago dago Innpalaren eta palisten artean. Lan baldintza duinak lortzeko asmoz, itun kolektibo bat idatzi zuten palistek, baina, salatu dutenez, «entzungor» egin die enpresak. Ondorioz, hilabetetik gora daramate greban. Innpalatik kanpo geratu dira jada bi pilotari: Iker Gordon eta Ibai Perez (Sestao, Bizkaia, 1990). Hurrengoa Esteban Gaubeka izango da, datorren astean amaituko baitzaio kontratua. Oraingoz, enpresak eta palistek ez dute beste hitzordurik, eta, Ibai Perezek azaldu duenez, «erabat blokeatuta» dago gaia.
Zer moduz zaudete?
Oraindik sinetsi ezinda gaude noraino heltzen ari den gaia. Zerbait duina eskatu beste asmorik ez genuen, eta begira nola gauden. Kontua luzatzen ari da, baina oso indartsu gaude. Greba guztietan bezala, indar apur bat galduz joan gara pixkanaka, baina inguruko babesak indar handia ematen digu. Enpresk banatu egin nahi gaitu, baina oso batuta gaude.
Zer eskatzen duzue?
Gauza logikoak eskatzen ditugu. Soldatari dagokionez, Josu Urkijo Innpalaren kudeatzaileak esan berri du batez beste 1.350 euro irabazten ditugula hileko, baina gezurra da. Niri dagokidanez, hamar urtetik gora eman ditut enpresan, birritan izan naiz txapeldun buruz buru, beste hainbat lehiaketa ere irabazi ditut, eta 1.100 euro inguru irabazten dut. Baina gastu handiak ditugu hilabetero: palak erosten 120 euro inguru gastatzen ditugu, prestatzailea ordaintzen beste hainbeste, erregaian ehun euro, aparkalekuan 40, palaren zintan beste 40, masaje emaileetan ere bai… Baditugu taldean pilotari batzuk palan jokatzeagatik ordaintzen ari direnak, eta hori ez da onargarria.
Zuen kontratuak dio hilabetean zortzi orduko lanaldia duzuela. Errealitatearekin ez dator bat, ezta?
Hori da. Derrigortzen gaituzte fisikoki duin egotera, baina kontratuan datozen orduekin ez da aski, eta hortik kanpo entrenatu behar izaten dugu. Baina ezin gara palatik bizi, eta beste lan bat egiten dugu. Adibidez, nik banaketa enpresa bateko biltegi batean egiten dut lan, 04:00etatik 12:00etara, eta Innpalak eskatzen digu edozein ordutan jarduteko prest egoteko. Azken entrenamendua goizeko 10:30ean ipini zidaten, nahi baitzuten ni ez azaltzea, enpresatik kanporatzeko arrazoiak izan zitzaten. Baina jai eskatu nuen lanean, eta entrenatzera azaldu nintzen. Guri lagundu beharrean, kontrakoa egiten dute.
Negoziazio hauetan non dago zuen marra gorria?
Guk eskatzen duguna da pilotari guztiok berriz kontratatzea lizitazio berria atera arte. Hortik ez gara mugituko. Gordon eta ni kanpoan gaude jada, eta Gaubeka ere datorren astean geratuko da enpresatik at. Azken bileran esan zuten prest zeudela pilotari denak hartzeko, ni izan ezik. Eta taldeak uko egin zion eskaintzari. Bakarka deitzen digute; gure artean giroa nahastea dute helburu.
Uste al duzue eskatzen duzuen guztia eman dezakeela enpresak?
Bai noski; ez dugu beste munduko ezer eskatzen. Orain dela denbora ez asko hemezortzi palista zeuden koadroan, eta orain baino soldata handiagoekin. Eta, dakigunez, diru publikoaren laguntza ez da aldatu. Beraz, horrek esan nahi du baten batek bere poltsikoak betetzea duela helburu. Jose Ramon Garai [Innpalako arduradun nagusia] da egoera honen erantzule nagusia.
«Nik egiak aurpegira esaten ditut, eta badirudi hori batzuei ez zaiela gustatzen. Kontzientzia lasai daukat»
Gutxienez, federazioen eta ingurukoen babesa baduzue, ezta?
Euskadiko Euskal Pilota Federazioak publikoki ohar bat atera zuen gure alde, lurraldetako federazioen oniritziarekin. Eta orain arte egin ditugun mobilizazioetan ere babes handia jaso dugu. Guk berdin jarraituko dugu, mobilizazio eta aldarrikapenekin.
Pertsonalki, uste duzu Innpalako kudeatzaileek zerbait dutela zure kontra?
Bai, ez baita lehen aldia haiekin arazoak ditudana. Lehen ere enpresatik kanporatu ninduten nire itxura fisikoagatik. Nik egiak aurpegira esaten ditut, eta badirudi hori batzuei ez zaiela gustatzen. Kontzientzia lasai daukat. Beti ongi portatu naiz enpresarekin, min hartuta ere jokatu izan dut sarri txapelketak ez izorratzeagatik, baina ez dute eskertzen.