Pilota enpresek tratu hobea eskatu diete erakunde publikoei. Euskal Herriko beste kirol talde profesional batzuekin alderatuta laguntza publiko gutxiago jasotzen dutela uste dute Aspek eta Asegarcek. Publizitate instituzionalean edo azpiegituren alokairuan bultzada handiagoa merezi dutela diote, eta, egungo egoera ekonomikoan, «hainbestean» koadratzen dituztela urteko zenbakiak.Binakako txapelketan, esaterako, ez dute babesle nagusirik izan, eta, alde horretatik, euskal enpresa handien erantzunik ez dutela jaso nabarmendu dute.
Fernando Bidarte Aspeko buruak eta Rafa Etxeberria Asegarceko kudeatzaile berriak —orain arte logistika arduraduna zen, eta hark hartuko du Iñigo Salbidea zenaren postua— atzo eman zituzten egoeraren xehetasunak hainbat kazetarirekin eginiko bilera irekian. Ez zuten alarma gorririk piztu, ezta mezu dramatikorik eman ere, baina egunerokoa gero eta zailagoa dela esan zuten. Besteak beste, BEZaren igoera edo udaletako laguntza publiko txikien hutsunea nozitu dute. Jokoak ere asko egin du behera —%90—, eta, diotenez, makinetako apustuetatik ez dute ezer jasotzen. Alde horretatik, argitu behar da Aspe Kiroljokoa apustu etxeko bazkide dela, eta Asegarce Reta etxekoa.
Enpresen zenbakien arabera, 2000. urteaz geroztik 30 eta 35 milioi euro artean ordaindu dituzte zergetan. Diru sarreren eta irabazien daturik ez zuten eman ordea, ezta Bainet ekoizpen etxearen bitartez ETBrekin duten telebista kontratuaren xehetasunik ere. Hori ez dute laguntza publikotzat jotzen, zerbitzu baten truke jasotako ordaintzat baizik. Krisiaren eraginez pilotari koadroak murriztu dituztela gogoratu zuten, eta pilotarien formazioarengatik klubei eman beharreko ordaina kendu. Garfe bezalako enpresek min egin diete, eta azken hilabeteetan hainbat pilotarik eginiko kontratu amaierako diru sarien eskaerek —Saralegi, Pascual, Xala...— espero ez zuten beste gastu bat gehitu die.
Egoera hori ikusita, neurri batzuk hartuko dituzte: finaletako sarrerak garestitzea, esaterako. Gauzak hala, aurtengo binakako finaleko sarreren prezioak duela bost urtekoak izango dira —apirilaren 9an jokatuko da, Bilbon—, eta bihar bertan jarriko dituzte salgai, Internet bidez. Kantxakoek 140 euro balioko dute —iaz baino hogei gehiago—; bigarren solairukoek, 80, eta hirugarrenekoek, 70. Errebotekoek, berriz, 65, 55 eta 45 euro balioko dute, iaz baino bost euro gehiago. Enpresen iritziko, eta beste kirol ekitaldi batzuetako sarrerekin alderatuta, ez dira garestiak. Binakako txapelketari buruz mintzatzen jarrita, autokritika egin zuten, eta oreka falta izan zaiola onartu.
Aspek eta Asegarcek ez dute bateratzeko asmorik; ez, behintzat, luze gabe. Telebistaren arazoa konponduta, eta gai askotan eskutik joan arren, oraindik ere enpresa bakoitzak bere bidetik joan nahi du. Giroa asko lasaitu da haien artean; halere, zehaztu zutenez, oraindik eztabaidak badituzte, eta Julen Martija gaztearen fitxaketa jarri zuten eredu gisa.
Oporrak, buruz burukoa...
Adostasun hori beharrezkoa izango dute atsedenen arautegia zorrozteko. Izan ere, pilotari bat baimenik gabe aldageletara badoa tantoak kentzearekin zigortzea aztertzen ari dira. Medikuaren baimenik gabe aldageletara joatea debekatu nahi dute. Azken txapelketetan egondako ika-mikak bukatzea da asmoa, eta pilotariek laguntza medikoa behar izanez gero, kantxan bertan jasotzea. Beste egitasmo bateratu bat pilotariei oporrak ematea da. Horretarako, ekainean, buruz buruko finalaren eta sanjoanen artean, bi asteburuz pilotarik ez egotea nahi dute. ETBk hori onartzea da arazorik handiena, bi emanaldi eskatzen baititu astean.
Baliteke arautegi berria buruz buruko txapelketarako indarrean egotea. Apirilaren 17ko asteburuan abiatuko da, eta maiatzaren 29ra arte luzatuko. Lehen asteburuan, omenaldia egingo diote Iñigo Salbideari, Donostian. Finalari begira, berriz, ez dute Nafarroako Gobernuaren albisterik jaso. Nafarroa Arena zatika irekitzeko asmoa plazaratu zuen, pilotalekua lehenbizi, alegia, baina enpresek ez dakite ezer ofizialki.
Xalari buruz ere mintzatu zen Aspeko burua. Ez daki agurreko partida noiz jokatuko duen Miarritzen, eta ezta jokatuko duen ere. Xalak jadanik ezker paretako jaialdi batzuk itxiak omen ditu Garferekin Ipar Euskal Herrian. Hamar egun dira haren berririk ez dutela, bere aholku-emailearekin joatekoa baitzen Asperen bulegoetara. Asegarceren aldetik, Iñaki Iza eta Mikel Idoateri buruz mintzatu ziren. Biei aurki bukatuko zaizkie kontratuak, eta enpresak ez du erraz ikusten biek berriz ere jokatu ahal izatea.
Enpresak, babes eske
Aspek eta Asegarcek tratu hobea eskatu diete erakunde publikoei.Ez dute bateratzeko asmorik.Rafa Etxeberria, Asegarceko gerente
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu