Bingen Fernandez. Garmin-Sharp taldeko zuzendaria

«Enpresa multinazionalak dira orain taldeak»

Fernandezek uste du World Tourrak txirrindularitza «elitizatu» duela, eta garbi du elite hori Euskaltel gabe desberdina izango dela: «Zein kolore ikusiko da bide bazterretan?». Garmin taldea zuzenduko du berak.

JUAN CARLOR RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Posta elektronikori begira pasatzen du eguna. Hori da bere lana urtarrilean: lasterketak prestatu, txirrindulariekin harremanetan egon... Oraingoz, «bulego lana» dela esan du Fernandezek (Bermeo, Bizkaia, 1972), etorriko zaio autoa hartu eta etxetik kanpo hilabeteak egiteko garaia.

Maleta egiten hasi al zara?

Maletarik ez oraindik. Nire denboraldia otsailean hasten da, Mallorcan. Nik orain egiten dudana txirrindulariak nola dabiltzan ikustea da, lasterketak prestatu... Zuzendariak ere espezializatu egin gara; belgikar bat dugu klasikoetarako, eta niri itzuli handiak eta inguruko probak dagozkit.

Aldaketa gutxi egutegian.

Berdina da. Bere garaian sartu ziren itzuliak daude World Tourrean, eta besteak kanpoan gelditu ziren. Nik ikusten dut Asiatik diru asko datorrela, Malaysia, Txina... Baina ez dago aukerarik World Tourrean sartzeko.

World Tourrak urte batzuk ditu dagoeneko, ze balorazio egiten duzu?

Txirrindularitza elitizatu egin da, gehienbat taldeak. World Tourrekoa bazara, edozein lasterketara joan zaitezke, baina talde txikia bazara, oso zaila da lasterketak lortzea. Euskadi taldea, esaterako, orain antolatzaileei deika ariko da, eta kontinentalak, berdin. Bi maila daude: Pro Tour talde batek nora joan aukeratu egiten du, eta txikiek borroka egin behar dute nahi duten tokietan lehiatzeko.

Pribilegio hori ez da merkea. Hemen krisi hotsak dabiltza, eta AEBetan?

Gu ez gara Sky, ezta Katuxa ere. Ez dugu dirurik sobera. Kirol mailan ondo gabiltza, baina logistikan dena neurtzen da. Beste talde batzuek adina dirurik ez dugu.

Ze aurrekontu duzue?

Zehazki ez dakit; benetan diot. Uste dut zortzi milioi dolar (5,8 milioi euro) edo halako zerbait....

Zer moduz zabiltza Garmin-Sharpen? Egonkortu zarela dirudi.

Bai. Ni gustura nago taldean. Talde atzerritarra da, eta hizkuntzarekin hasieran komeriak nituen... Beste mentalitate bat da, eta nire lekutxoa egin dut.

Mentalitate ezberdina? Nolakoa?

Bai. Enpresa ikuspegia dauka. Taldea departamentu bat da, eta era berean departamentuetan banatuta dago: fisiologia, aerodinamika, prentsa... Bakoitzak bere independentzia eta bere ardura du.

Exijentzia maila desberdina da?

Handia da hemen, ezin da hutsik egin. Txirrindularitza talde batena bainoago, enpresa baten funtzionatzeko modua da.

Zuenean zein da urteko erronka?

Talde guztientzat Frantziako Tourra da garrantzitsuena. Babesleentzat Tourra urtearen %75 da. Gero, klasikoak, eta beste itzuli handiak: Giroa, eta Espainiako Vuelta, agian gutxiago. Horretaz gain, taldekako erlojupekoak oso garrantzitsuak dira guretzat.

Tropela nola ikusten duzu? Talderen bat? Txirrindulariren bat?

Antzekoa izango da, aldaketa gutxi egon da. Sky hor egongo da. Omegak Uran izango du sailkapen nagusietarako, eta beste modu bateko taldea ikusiko dugu. Purito eta Katuxa oso indartsu. Ikusi beharko da Schleck eta Contador nola dauden. Euren urtea da, gakoa, aurrerapausoa emateko edo hor gelditzeko.

Desberdina izango al da urtea Euskaltel gabe?

Noski. Pena ematen du, herriko taldea zen, eta hor ez ikustea 20 urteren ondoren. Niretzat ez, autoan egongo naizelako, baina zaleentzat... Zaleak bidera irtengo dira, eta zer ikusiko dugu? Lehen laranja kolorea ikusten genuen toki guztietan. Aurten zein kolore ikusiko dugu? Euskadi taldea hor dago, eta ahaleginak egin behar dira hura laguntzeko.

Laranja diozu: Euskaltel desagertu, Rabobank aldatu... Herri identifikazio sentimendua galdu egin al da?

Bai, galdu egiten ari da. Orica dago hor, Australiako sustraiekin... Sky, ingelesentzat... Euskaltel eta Rabobank ziren bakarrak. Tira, orain Euskadi dago.

Aurrerantzean halako egitasmo gutxi egongo dira.

Bai, dena dira megaegitasmo handiak. Taldeak enpresak multinazionalak dira orain.

Zer-nolako iritzi sortzen zuen Euskaltelek atzerriko taldeen artean?

Miresmena sortzen zuen, nola zitekeen posible Euskal Herriak halako talde bat izatea. Hori bai, harridura sortzen zuen ere nola zitekeen posible elastikoan Euskadi eramanda, euskara baino gaztelania gehiago entzutea.

Euskal Herritarren kopurua 29tik 15era jaitsi da World Tourrean. Hori al da euskal txirrindularitzaren maila?

Maila oso ona dugu, baina kritika bat egin nahi nuke. Euskal Herriak igotzaileak bakarrik ematen ditu. Afizionatuetako lasterketa guztiak gora eta behera dira; herri bakoitzak alboko mendia igo dadin nahi du! Imajina dezagun Cavendish bat dugula, juniorretan ondo ibili eta amateurretan hasten da. Edozein itzuli, edo klasika... gora eta behera, beti atzean... eta esprinter bat galdu dugu. Igotzaileak behar dira, baina baita ordekalariak eta esprinterrak ere. Federazioak klasiko kutsuko proba gehiago antolatu behar ditu. Euskaltelen egon zen azken ordekalari ona Pradera izan zen.

Oroz egon da hor azken urteetan.

Txente, Erbiti... Movistarren tokia dute, Eusebio Unzuek badaki behar dituela. Nafarrak dira eta Erriberako lasterketak errazagoak dira. Autokritika egin behar dugu, eta lasterketak aldatuz, txirrindulariaren profila aldatu. Baina behe-behetik hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.