Txirrindularitza

Enpresa bat prest dago Ordiziako Klasikoa diruz laguntzeko, aurtengo ekitaldia joka dadin

Probako antolatzaileek atzo jakinarazi zuten bertan behera geratu zela aurtengo ekitaldia, ezin zutelako bete nazioarteko horrelako proba bat antolatzeko behar den aurrekontua.

Ordiziako Klasikoa. JON URBE / FOKU
Txirrindulariak, iazko Ordiziako Klasikoan. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko martxoaren 6a
11:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Berri batek astindu zuen euskal txirrindularitza atzo. Berri oso txarra zen: Ordiziako Klasikoaren antolatzaileek ohar batean jakinarazi zutenez, bertan behera geratu zen aurtengo ekitaldia, arrazoi ekonomikoengatik. Probako antolatzaileek azaldu zutenez, ezin zuten bete horrelako nazioarteko ekitaldi garrantzitsu bat antolatzeko behar den aurrekontua.

Baina beltza zirudiena argitu egin da. Ketxus Sanz Ordiziako Klasikoaren Antolaketa Batzordeko kideak BERRIAri kontatu dionez, oharra atera eta gutxira enpresa batek deitu zien, eta esan probak ezin zuela bertan behera geratu, eta, hori horrela ez izateko, prest zegoela hura diruz laguntzeko.

Ordiziako Klasikoaren antolatzaileek eta enpresa horretako ordezkariek hitzordua jarri dute larunbatean bilera egiteko. Sanzek azaldu duenez, haien proposamena izango da ez izatea urtebeterako kontua, hau da, ez soilik aurtengo ekitaldia nola edo hala egitea, baizik eta bizpahiru urterako akordioa lortzea, probari sendotasuna eta segida emateko. Larunbatean zehaztuko dute hori, eta, bilera amaitzean oharra aterako dute argibideak emateko.

Iazko ekitaldia antolatzeko 160.000 euro erabili zituzten, aurreko urteetan baino 40.000 euro gehiago. Batez ere, segurtasunari lotutako gastuek eragin zuten igoera hori. Babesle eta laguntzaileek emandako dirua ez zen nahikoa izan aurrekontua betetzeko, eta 30.000 euroko galera eragin zuen. Horri aurre egiteko, aurreko urteetan erabili ez zen dirutik egin zuten tira. Baina aurtengo ekitaldiak antzeko aurrekontua izango zuela kontuan hartuta, berriro halakorik ez egitea erabaki zuten. Horregatik erabaki zuten hasiera batean aurten proba ez antolatzea. Baina, orain, argi izpi bat ireki zaie.

Proba uztailaren 25ean da jokatzekoa, eta, aurtengoa 102. ekitaldia izango da. Egun bakarreko proben artean bigarren zaharrena da Ordiziakoa: 1922an jokatu zen lehen ekitaldia, eta 1936an eta 1937an izan ezik, urtero jokatu da. Flandriako Tourra bakarrik jokatu da gehiagotan. Iaz, Jan Christen UAE taldeko txirrindulari suitzarrak irabazi zuen Ordizian (Gipuzkoa). 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.