Enbor zaharren ezpal berriak

Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako finala jokatuko da bihar, Azpeitian. Kirolari gazteak ariko dira txapelaren bila; lehiatuko direnetatik bakarrak ditu 25 urte baino gehiago

Jokin Urretabizkaia, ezkerrean, Julen Larrearekin, iazko Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren finalean. IBON ERRAZU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Bidea urratzen ari diren zenbait aizkolari ariko dira igandean Azpeitiko (Gipuzkoa) Izarraitz frontoian jokatuko den Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako finalean. Lehen Mailako aizkolariak ez dira aritu aurtengo lehian, eta, horren ondorioz, gazteek protagonismo berezia bereganatu dute. Hiru bikote ariko dira txapelaren bila. Guztira, sei aizkolari. Haietatik bakarrak gainditzen du 25 urteren langa: Goizeder Beltzak. Gainerakoak, hortik behera daude. Enbor zaharren ezpal berriak dira.

Hain justu, iazko binakako txapelketan 23 urtez azpikoen mailako finalean aritu ziren igandean parte hartuko duten hiru aizkolari. Hodei Ezpeleta, Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia Basozabal dira. Oraingoan, Rodriguezek eta Urretabizkaiak osatuko dute finaleko bikoteetako bat; Beltza eta Ezpeleta ere elkarrekin ariko dira, eta Txomin Amundarainek eta Ibai Soroak osatuko dute finala.

Guztiek ere helburu bera izango dute Azpeitian: Egur Sportek lehian jarritako txapela janztea.Urtarrilaz geroztik osatu dute finalerako bidea. Lehendabizi ligaxkan aritu ondoren,finalaurrekoan gailenduta lortu dute azken lehiarako jauzia egitea. Urretabizkaiaren esanetan, «txapela irabaztea» da haren eta Rodriguezen helburua: «Egindako lanari etekina ateratzeko asmoz joango gara. Finala ondo prestatu dugulakoan nago, eta ahalik eta lanik politena egin nahi dugu». Guztira, bederatzi enbor ebaki beharko dituzte, lau modutan.

Sei aizkolariek estreinako aldia dute maila nagusiko binakako lehiako finalean. Aurten 22. aldia izango du Egur Sporten txapelketak: «[Gerardo] Bengoak-eta lan asko egiten dute, eta eskertzekoa da. Jende asko mugitu behar da, eta ez da erraza izaten».

Aizkoran, beste bi final

Aitzitik, ez da jokatuko den aizkorako final bakarra izango. Izarraitzen jokatuko dira emakumezkoen eta 23 urtez azpiko gizonezkoen txapelak ere. Kasu horietan, zuzenean osatu da finala, kanporaketa aurrekorik egin gabe. Nerea Sorondo iazko txapeldunak hiru kontrario izango ditu: Maika Ariztegi beteranoa, Uxue Ansorregi eta Claudia Muñoz. Bakarka ariko dira, eta 36 ontzako lau enbor azkarren ebakitzen dituena izango da garaile.

Aldiz, gizonezkoen 23 urtez azpiko lehian hiru bikote ariko dira nor baino nor gehiago: Axel Larrañaga-Markel Zapiain, Oier Larretxea-Endika Goia, eta Hodei Kañamares-Ibon Garaiburu.

Harrian, eskolen topaketa

Azpeitiko jaialdian jokatuko da Zortzi Arroako Hiru Harrien txapelketa ere. Izenak ematen dio izana lehia horri: 100 kiloko zilindroarekin, kubikoarekin eta bolarekin aritu beharko dute finalistek, hiruna minutuko txandatan.

Hiru lagun sailkatu dira: Mikel Lopetegi Urra, Inhar Urruzuno eta Beñat Telleria. Lopetegi da gailentzeko hautagai nagusia. Euskal Herriko harri txikietako txapelduna da. Urruzunok eta Telleriak ezustekoa ematea dute xede; fin aritu dira txapelketa osoan zehar. Hiru harriekin egindako altxaldi kopurua kontuan hartuta, saio amaieran kilo gehien jasotzen dituena izango da txapeldun.

Bada datu deigarri bat: harri jasotzaile bakoitza eskola batekoa da. Jose Antonio Gisasola Zelai-ren eskolakoa da Urruzuno, eta Urrak Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a du entrenatzaile. Aldiz, etxeko abaroan ondutakoa da Telleria; Luis Mari aita —harri jasotzaile ohia— du erakusle.

Saririk ez jokoan, baina emakumeek ere egingo dituzte harri lanak. Karmele Gisasola Zelai III.a, Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez jalgiko dira plazara. Eskarmentu handiko kirolaria da Gisasola. Ostolaza, aldiz, etorkizunekoa, nahiz 15 urterekin zenbait plaza egindakoa den. Baita Sanchez oriotarra ere; iazko azaroan egin zuen estreinaldia harri jasotzen, 18 urterekin. Bide urratzaileak batuko dira Azpeitian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.