Arrauna

'Enbata' ekarri beharrean da

Eusko Label ligako lehen txandako taldeei sei jardunaldi geratzen zaizkie, eta Zarautz azkena da. Halere, Hegoi Intxauspe eta Gorka Zubeldia «borrokarako gogoz» daude.

Hegoi Intxauspe eta Gorka Zubeldia Zarauzko arraunlariak, herenegun, Getarian, Gipuzkoa. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Getaria
2021eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Arraunlariarentzat ez da samurra izaten norberaren taldea azken postuan dagoela onartzea. «Baina eramangarriagoa izaten da denboraldia hasi aurretik gure borroka non egon daitekeen jakitea. Hamabi eta hamaikagarren postuetan ez egotea: horretan ari gara lanean»: horra Hegoi Intxauspe Zarauzko arraunlari beteranoaren (Zarautz, Gipuzkoa, 1983) eta Gorka Zubeldia arraunlari gaztearen (Zarautz, 2000) hausnarketa. Talde batek egon behar du Eusko Label ligako azken postuan, eta itsasoak eta emaitzek Zarautz eraman dute inork nahi ez duen leku madarikatu eta gaizto horretara. Lehen txandako taldeentzat liga amaitzeko sei estropadaren faltan, hamar puntura du Tiran, 11. sailkatua.

Hasi, behintzat, ondo hasi zuten zarauztarrek Eusko Label liga. Coruñako (Galizia) lehen bi estropadetan hamargarren eta zortzigarren egin zuten. Alta, Zubeldiak ñabardura egin du: «Nahiz eta emaitza onak lortu, bagenekien Coruñako sailkapen emaitzak ez zuela joera bera izango hurrengo estropadetan, eta hala gertatu da ia guztietan».

Intxauspek eta Zubeldiak ez dute uste Zarautz hamabigarren izateko taldea denik. «Postu horretatik ateratzeko gai ikusten dugu geure burua», zehaztu du bietako gazteenak. Esan dute «arrazoi bategatik edo besteagatik» ez dutela beren maila erakutsi. «Ez gara erregularrak izan, baina egia da aurkariek maila handia dutela, eta ez dutela ezer barkatzen», adierazi du Intxauspek. Hain zuzen, akatsak egin dituztenean, «garesti» ordaindu dute. Arraunketari azpimarra berezia egin diote biek: «Hasieratik gure arraunketa hartu ez dugunean asko sufritu dugu».

Ontzia azkar joateko, arraunketa ona hartzea ezinbestekoa da eskifaiarentzat, baina, entrenatzaile bakoitzak arraun egiteko estilo propioa duenez, arraunlariak denbora behar izaten du egokitzeko: «Asierrek [Puertas entrenatzailea] duen arraunketa guretzat berria da iazkoarekin alderatuta, eta nekea sumatzen dugunean, aurretik barneratuta daukagun arraunketara itzultzen gara. Hortaz, burua hotz mantendu behar dugu». Zubeldiaren aitortza da.

Bi arraunlarien ustez, zortea ere ez dute lagun izan. «Izan ditugun egun txarretan, Tiran gure aurkari zuzenak oso egun onak izan ditu», dio Intxauspek. Zierbenako estropadak zapore mingotsa utzi zien: «Estropada txarra egin genuen, eta gero sekulako haizea etorri zen», sailkapena hankaz gora jartzeraino; Isuntza bigarren geratu zen, Tiran bosgarren eta Zarautz hamargarren. «Bi talde horiek sekulako puntu sorta lortu, eta aldeak handitu zituzten, gure kalterako». Aldiz, Zarautzek estropada ona egin duenean, soilik puntu bakarra edo bi atera izan dio Tirani. «Horrek amorrua ematen du», atera zaie barrutik. Dena dela, argi dute: «Ezin gara egon zortea noiz etorriko zain. Gure lana oso ondo egin behar dugu».

Taldea egoera horretan dagoela, bi arraunlariek Asier Puertas prestatzailearen hitzak ekarri dituzte gogora. Zubeldiak hartu du hitza: «Burua beti goran mantentzeko, jarrera ona izateko eta puntuak alde batera utzita estropadaz estropada gure lana ondo egiteko esaten digu». Bide beretik doa Intxauspe ere: «Funtsean, sailkapenarekin ez itsutzeko esaten digu, alferrik baita aurreko taldeak ateratzen digun aldeari begiratzea».

Azkena izanagatik ere, zarauztarrentzat dena ez da sufrikarioa eta iluna izaten ari. Biek argi ikusten dute «taldea oraindik borrokarako gogoz» dagoela: «Talde honek azken palakada eman arte borrokatuko du, edozer gertatuta ere». Taldeko giroaz ere mintzatu dira: «Orain arte izan ditugun emaitzek ez diete eragin taldeko giroari eta laguntasunari, eta horrek asko laguntzen du aurrera jarraitzeko», azaldu du Intxauspek. Zubeldiak, berriz, gaztearen talaia horretatik balioa eman dio gorengo mailan lehiatzeari: «Eusko Label ligan azken postuan gaude, baina onenekin gaude lehian, eta niretzat gauza handia da». Urrunago ere joan da: «Ez dut uste gure adineko arraunlari askok gorengo mailan arraun egiteko aukera dutenik».

Iragana, oraina eta geroa

Arraun taldeetan ohikoa izaten da urtetik urtera aldaketak egotea; elkarte batzuetan gehiago beste batzuetan baino. Zarautzen, esaterako, iaztik eskarmentua duten sei arraunlarik ez dute jarraitzen; besteak beste, Gari Uranga entrenatzaile ohiak eta Oinatz Arretxek, neguan izandako ezbehar larri baten ondorioz. «Halere, taldera batu direnak oso ondo egokitu dira», azpimarratu du Zubeldiak. Horietako bat da Intxauspe; zortzi urteren ostean Enbata ontziko tostetara itzuli da. Nolatan, bada? «Talde bakoitzak bere zikloak izaten ditu. Gure garaian eskarmentua zutenek lagundu ziguten moduan, uste nuen etxeko klubari esku bat botatzeko garaia heldu zitzaidala». Gauza bat argi du, ordea: «Ziklo hau eurena da». Zehazki, Zubeldiari zuzendu zaio, taldeko gazteenetako bati.

Intxauspek 2003an bizitakoaren eta orain bizitzen ari denaren arteko lotura egin du: «Urte hartan, gora eta behera ibili ginen, eta orain taldean dabiltzan gazteak ere bide bera egiten ari dira; behetik hasi, eta gora igo dira». Geroaz ere mintzatu da: «Jaisten bagara ere, seguru nago gazteek beren lana egiten jarraituko dutela eta Zarautz berriz maila nagusira igoko dutela».

Asteburu honetan etxean ariko dira biak, Zarauzko bandera preziatua jarriko baita jokoan. Estropada «berezia», bien esanetan. Larunbaterako eta iganderako metro pasatxoko olatuak daude iragarrita, «gutxitxo» aukeran, Intxausperen iritziz: «Itsasoa gero eta narrasago egon, orduan eta errazagoa izaten da taldeen artean aldeak ateratzea». Bada, itsasoa leuna ala zakarra egon, Enbata galerna ekarri beharrean dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.