Txapelketak hasi eta bukatu egiten dira, eta parte hartzaile guztiek desio dute finalera iristea; eta, behin hori lortuta, noski, irabaztea. Tantaka eta tantoka. Oraingo honetan, Ados Pilota klubak antolatutako eta BERRIAk babestutako Binakako Txapelketan bi bikote lehiatuko dira txapelaren peskizan: Iera Agirre Iturriagak eta Ane Mendiburuk Leire Oskozen eta Naroa Agirreren aurka jokatuko dute finala, gaur, Iruñeko Labrit pilotalekuan (17:30).
Iturriagak eta Agirrek uste dute partida «gogorra» izango dela, eta emozioz betetakoa. Bukatutakoan, omenaldia egingo baitiote Naroa Elizalde Etxekoloneari, txapelketa jokatzen ari zirela hil zen Adoseko pilotari eta sortzaileetako bati. «Inoizko txapelketa gogorrena ari da izaten, Naroaren heriotzak bete-betean jo gintuelako. Fisikoaz hitz egin ohi da, baina emozionalki bakoitzak barruan duen hori nahasten badiozu… Batzuetan ezin irentsita gabiltza», adierazi du Iturriagak.
Ados klubak antolatutako laugarren ekitaldia da, eta sustatzaileetako bat da bera. Txapelketan pilotariek erakutsitako maila nabarmendu du. Orain, lehia erabakigarria jokatzeko «gogotsu» dago: «Kostatu egiten da horrelako final batera iristea; partida asko izan dira. Uste dut nahiko txapelketa erregularra egin dugula. Finalean egotea sari handi bat da».
«Uste dut nahiko txapelketa erregularra egin dugula. Finalean egotea sari handi bat da»
IERA AGIRRE ITURRIAGAAdoseko pilotaria
Ligaxkan hirugarren amaitu, eta nagusitasunez irabazi zieten finalerdian Ainhoa Ruiz de Infante eta Oihana Orbegozo bigarren sailkatuei: 22-3. Ez du uste, baina, lehia horretatik ondoriorik atera daitekeenik: «Horrela irabazteak konfiantza puntu hori ematen dizu, baina ez da aintzat hartzekoa. Haien maila baino askoz beherago ibili ziren. Ezin dugu hori kontuan hartu, errealitatea bestelakoa baita».
Oskoz eta Agirre, berriz, behetik gora eginda sailkatu dira finalerako. Finalerdietan ezustea eman, eta mendean hartu zituzten ligaxkako lider Maddi Barrokal eta Amaia Arrastia: 22-17. «Txapelketa oso luzea izan da, emozio handikoa. Txapelketa hasi genuen bezala hasita, ez genuen espero finalean egotea», aitortu du Agirrek. Apurka elkar ulertu, eta lortu dute jokoan bat eginda aritzea: «Txapelketak aurrera egin duen heinean, batera entrenatu eta partida gehiago elkarrekin jokatuta, gero eta hobeto ibili gara; orain bikote sendoagoa osatzen dugu». Lehiaketako «garairik onenean» daudela adierazi du.
«Txapelketa oso luzea izan da, emozio handikoa. Hasi genuen bezala hasita, ez genuen espero finalean egotea»
NAROA AGIRREAdoseko pilotaria
Ligaxkan bitan jokatu dute elkarren aurka, eta bietan irabazi dute Iturriagak eta Mendiburuk: finala beste kontu bat da, ordea. Hutsetik ekingo diote, eta ezer gutxi balio du aurretik egindakoak. Partida hasiera «bereziki garrantzitsua» izango dela uste du Agirrek: hau da, lehiari ondo ekitea. Aurkarien indarguneak aztertu ditu: «Ane seguru-segurua da atzean, eta Ierak min handia egiten du aurrean dejadekin eta eskuinarekin mozten duenean».
Ondo hitz egin du kontrarioen inguruan Iturriagak ere, eta Oskozek eta Agirrek «bikote arriskutsua» osatzen dutela azpimarratu du. Haren arabera, bi bikoteek badute antza: «Sendotasuna erakusten dugu, eta defentsan ongi ibiltzen gara. Uste dut gakoa erasoan asmatzea izango dela. Tantoa bukatzen saiatu beharko dugu, eta horretan gehien asmatzen duen aurrelariak asko edukiko du irabazita». Partidan edozer gerta daitekeela dio: «Oso irekita dago».
Binakako Txapelketa bateko lehen txapela jantzi nahi dute lau pilotariek. Agirre hirugarrenez da finalean, baina aurreko biak galdu egin zituen. Hirugarrena balekoa izatea nahi du: «Aurreko urtean, ligaxkan eskuak izorratu nituen. Finalerdiak irabazi eta gero, finalerako eskuak txikituta neuzkan. Egia esan, ez dakit nola jokatu nuen finala. Aurten eskuetatik behintzat ez dut aitzakiarik».
Bakoitza gustura dago bikotekidearekin. Bai Iturriaga: «Gozamena da Anerekin jokatzea. Uste dut bikote ona egin dugula, elkar ondo ulertu dugula. Segurtasun handia eman dit hor atzean. Momentu oro egon behar duen tokian dago». Eta bai Agirre: «Oso gustura aritu naiz. Bagenekien bikote indartsua ginela. Hasieran partidak ez zitzaizkigun ateratzen, baina oso-oso gustura nago egin dugun txapelketarekin».
Aurrena, Promozio Mailakoa
Lehen Mailakoa baino lehen, Promozio Mailako finala jokatuko dute. Marta Gomezek eta Alize Sagarduik Olatz Insausti eta Nahia Bertiz izango dituzte aurkari. Hamaika telebistan eta Ados klubaren Youtube kanalean ikusi ahalko dira biak.
Frontoira joateko deia egin diote zaleari: «Partida politak izango dira».