Emozioa eta kalitatea izan ohi dira finalen aldagai nagusienetako bi, eta III. Berria Txapelketako finalak bietatik sobera izan zuen atzo, Andoaingo Arrate pilotalekuan (Gipuzkoa). Partida gogorra, ona eta emozioz betea jokatu zuten lau pilotariek, eta azkenean Leire Garaik eta Uxue Osesek 22-20 menderatu zituzten Miren Larrarte eta Itxaso Erasun. Hasi eta buka, tanto distiratsuak ikusteko aukera izan zuten pilotazaleek, eta bi bikoteek izan zuten irabazteko aukera. Dezenteko gorabeherak izan ziren markagailuan, baina inork ez zuen lortu tanto askoren alderik, eta azkenean opari gutxien egin zuen bikoteak jantzi zuen txapela. Azken txanpan tentsioa eta urduritasuna hobeto kudeatu zituzten txapeldunek, eta merezita gailendu ziren.
Finalari hasiera hobea eman zioten Larrartek eta Erasunek. Batez ere, aurrelariak bizi-bizi abiatu zuen lehia, eta haren tantoei esker 3-0 aurreratu ziren gorriak. Ez luzerako, ordea. Osesek neurria hartu zion kantxari, eta haren hobekuntzari etekina atera zion Garaik. Aurrean inspiraturik agertu zen gasteiztarra, eta emaitza irauli zuten urdinek: 3-6. Hori ikusirik, finala gogortzeko erabakia hartu zuten gorriek, eta bete-betean asmatu zuten. Bai, behintzat, epe laburrera, zortzina berdindu baitzuten. Gerora ere aldetxoak izan zituzten Garaik eta Osesek (11-8), baina, hortzak estututa, aurkariei parean eustea lortu zuten Larrartek eta Erasunek. Hamalauna zirela sartu ziren azken txanpan bi bikoteak.
Ordurako oso gogortua zegoen finala, eta hauspoak ere garrantzia izango zuela begien bistakoa zen. Kikiltzetik urrun, ausart jokatu zuen Larrartek, eta, batez ere, ezker airearekin min egin zuen. Pilotazale bat baino gehiago aho zabalik utzi zituen jokaldi horrekin. Gauzak hala, gorriak aurretik izan ziren ia beti: 16-14, 17-16 eta 20-18. Txapela oso gertu izan zuten Larratek eta Erasunek, baina azken lau tantoak Garaik eta Osesek egin zituzten. Ondo jokatuta, gainera. Oso gaztea izanagatik ere, nabarmentzekoa izan zen Osesen patxada eta segurtasuna. Pilotarik galdu gabe aritu zen bukaeran oñatiarra. Eta Garaik ere taktikoki egoki jokatu zuen, aurkarien artera pilota mozten asmatu baitzuen.
Bestalde, XVIII. Berria Txapelketako finala gaur jokatuko da, Hernanin (Gipuzkoa) 17:00etan. Iruñeko Oberena eta Ultzamako (Nafarroa) Buruzgain ariko dira aurrez aurre. Pronostikoen arabera, Oberena da faborito argia.
Emozioa eta kalitatea, sobera
Garai-Osesek irabazi dute Berria Txapelketa, final oso estuan Larrarte-Erasuni 22-20 nagusituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu