FUTBOLA

Emozioa eta itxaropena puntu gorenean

Athleticek Atletico Madrilen aurka jokatuko du gaur, Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partidan. Iñigo Velez de Mendizabal entrenatzaileak partida «oso fisikoa» espero du.

(ID_13560148) (Aritz Loiola/@FOKU) 2024-02-02, Bilbo. Futbola
Iñaki Williams jokatzeko moduan izango da azken partidan aldaketa eskatu ondoren. ARITZ LOIOLA / FOKU
pettan uralde
2024ko otsailaren 7a
05:05
Entzun

Espainiako Kopako bide luzea amaierara iristen ari da, eta baita ere Athleticen abentura bere lehiaketa kutunean. Baina ez dio agur esan nahi, eta finalean egotea du helburu. Aurrean, azken zazpi urteetan finalerdietara iristea lortu ez duen Atletico Madril izango du, baina Metropolitanon hazi egiten da. Iñigo Velez de Mendizabal (Gasteiz, 1982) Ponferradina taldeko entrenatzaileak ez du «oso emaitza ona» espero, ez batentzat, ezta bestearentzat ere, eta kanporaketa bigarren partidan erabakiko delakoan dago. Hala ere, «ezinbestekotzat» jo du Athleticek gaur partida ona jokatzea. Garrantzi handia eman dio norgehiagokaren hasierari. «Aukera gutxi espero ditut lehen minutu horietan, baina aprobetxatzea oso garrantzitsua izango da».

Kopako azken ahaleginak ordaindu ditu ligan Athleticek, baina Mallorcaren aurkako azken partidan azken hilabeteetako bolada ona berretsi zuen. Velez de Mendizabalen ustetan, jokamolde horri eutsi behar dio talde zuri-gorriak,  Metropolitanon emaitza ona eskuratzeko. «Lehenengo aurrelaritik hasita egiten dute presio, eta, baloirik gabe, denak aurrera egiten dute. Batzuetan, arrisku handiak hartzen dituzte, baina konfiantza handiarekin jokatzen ari dira, eta ez dute hutsik egiten. Gainera, jokalari desberdinak ari dira jokatzen, ez da beti hamaikako berbera, eta gazte ugari sartu dira bat-batean. Hori da taldearen arrakasta. Entrenatzaileak jokalari askori eman dizkie aukerak, eta, gainera, fisikoki oso ondo daude» .

Atletico Madrilek abantaila izango du gaur: etxean jokatuko du. Baina, Athletic, atseden handiagoarekin iritsiko da. Hain zuzen, bi atseden egun gehiago izan ditu talde zuri-gorriak finalerdietako lehen lehiarako. Velez de Mendizabalek garrantzia kendu dio horren inguruan sortu den polemikari. «Horrelako gauzak urtero gertatzen dira. Azkenean, bizpahiru lehiaketa jokatzen dituzte talde hauek, eta ezinezkoa da egutegia denentzat berdina izatea. Gainera, talde hauetan ez dira 11 bakarrik aritzen, baizik eta hogeitik gora. Atletico Madrilek postu bakoitzean bizpahiru jokalari bikain ditu. Oso ohituak daude lehiaketa asko jokatzera, eta Kopako finalerdi batzuk izanda, bete-betean egongo dira partida jokatzeko».

«Zelaiaren eremu desberdinetan izango diren buruz burukoak irabaztea garrantzitsua izango da partida irabazteko».

IÑIGO VELEZ DE MENDIZABALPonferradinako entrenatzailea

Bi taldeen historia oso desberdina izan da lehiaketa honetan. Athleticek bosgarren aldiz jarraian jokatuko ditu finalerdiak; Atletico Madrilek, ordea, lehen aldiz jokatuko du azken zazpi urteetan. Bitxia dirudi Espainiako taldearen urteroko emaitzak ikusita, baina Kopan ez du arrakasta sobera izan. Aurten, ordea, finalerdietara heldu da, eta Velez de Mendizabalek argi dauka «aukera aprobetxatzen» saiatuko dela. «Talde oso egonkorra da, beti dago goiko postuetan. Final-laurdenetan Real Madrid garaitzeak indar handia eman dio, eta, orain, gertu du finala jokatzea. Aurten, gainera, ohi baino gehiago jokatzen du baloiarekin, eta erasoan oso eraginkor ari da».

Aparteko bizpahiru jokalari ditu Atletico Madrilek postu bakoitzean, baina, batez ere, aurrelariak nabarmendu ditu Velez de Mendizabalek. «Morata espaziora joaten da, arean sartzen da... Griezmannek, berriz, asko hartzen du parte taldearen jokoan, zelai erdian mugitzen da askotan… Paredesentzat eta Vivianentzat beste proba bat izango da, gogorra, baina polita era berean. Alabaina, azpimarratuko nuke taldearen lana izango dela aurrelariak gelditzea. Griezmannek azkenean nahi duen tokian jokatzen du eta oso ondo egiten du. Bietako batek jokatzen ez badu ere, Correa edo Memphis daude; oso jokalari onak dira biak» .

Athleticen inguruan, argi dauka betiko itxura emango duela Ernesto Valverderen taldeak, eta horixe bera izango duela gako. «Nik uste dut betiko Athletic aterako dela zelaira, eta betiko jokoa ikusiko dugula. Baina Atletico Madrilen partidak, normalean, ez dira gol askokoak. Uste dut partida fisikoa izango dela, eta hegaleko jokalariek lan handia egin beharko dutela bi taldeetan. Zelaiaren eremu desberdinetan izango diren buruz burukoak irabaztea garrantzitsua izango da partida irabazteko».

Valverdek ere egin ditu adierazpenak eta badaki gaurko neurketa «handia eta garrantzitsua» izango dela: «Denboraldia hasten denean, tankera honetako partidak jokatu nahi dituzu. Norgehiagoka erakargarria da guztiontzat».

ATLETICO MADRIL-ATHLETIC
Atletico Madril. Oblak; Savic, Witsel, Reinildo; Nahuel Molina, Marcos Llorente, Koke, De Paul, Samuel Lino; Griezmann eta Morata.
Athletic. Agirrezabala; Yuri, Paredes, Vivian, Lekue; Galarreta, Vesga, Sancet; Berenger, Guruzeta eta Iñaki Williams.
Epailea. Hernandez Hernandez. 
Lekua. Civitas Metropolitano (70.460 ikusle). 
Ordua. 21:30 (ETB1 eta La1).

Athleticek tenerife hartuko du gaur Kopan

Athleticek Tenerife hartuko du gaur Lezaman Espainiako Kopako final-laurdenetan (18:30, RFEF). David Aznarrek zuzentzen duen taldeak erronka handia izango du aurretik, iaz bezala, finalerdietara sailkatzeko. Erabateko berdintasuna espero da, Espainaiko Ligako sailkapenean berdinduta baitaude bi taldeak. Tenerife oso talde fisikoa da, eta aireko jokoaren alderdi guztiak menderatzen ditu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.