Lau segundo, besterik ez. Frantziako Tourreko sailkapen nagusiko lehen eta bigarren sailkatuak denbora tarte horrek bereizi ditu. Joan den igandean amaitu zen Tourra. Azkenengo etapan, maila bereziko Glandon eta Alpe d’Huez mendateak gainditu zituzten. Bada, hala ere, helmuga lerroa zeharkatu ostean, Tourreko garaileak ez zekien itzulia irabazi zuen edo ez.
Katarzyna Niewiadomak (Canyon) horiz hasi zuen azken etapa, 1.17ren aldea zuen Demi Volleringekiko (Sd Worx). Baina Volleringek helmugarako ia 50 kilometroren faltan egin zuen eraso, etapa irabazi zuen eta erantzukizuna Niewiadomaregan utzi zuen. Canyoneko poloniarra, ordea, ez zen bete. Bere erritmoa hartu eta azken igoera bikaina osatu zuen. Lau segundogatik, elastiko horiari eutsi zion. Volleringek amaitu zuen nagusiko bigarren postuan eta Pauliena Rooijakkersek (Fenix), hirugarrenean.
🤩 THE BATTLE IS ON!
— Le Tour de France Femmes avec Zwift (@LeTourFemmes) August 18, 2024
💥 @demivollering on the attack! @KNiewiadoma tries to follow but is dropped! Only @PaulienaR can follow Demi's rythm.
💥 @demivollering passe à l'attaque ! @KNiewiadoma tente de s'accrocher mais est distancée ! Seule @PaulienaR parvient à suivre la… pic.twitter.com/BLWWJUnQqR
ZIKLISMOAK ZOR ZION
Katarzyna Niewiadoma
Bost urte zeramatzan errepidean garaipenik lortu gabe. Aurten, Fleche Wallone klasikoan amaitu zuen bolada hori. Erregulartasuna da haren bertute nagusia, baina kosta egiten zaio errematea jartzea. 2020ko Italiako Giroan, bigarren amaitu zuen; 2021eko Munduko Txapelketan, hirugarren; baita azken bi Tourretan ere. Iaz, gainera, azken etapan galdu zuen bigarren postua, segundo bat baino gutxiagogatik.
Canyon taldekoak dena ez du aldeko izan 2024an ere. Espainiako Vuelta utzi behar izan zuen, gaixo. Eta Olinpiar Jokoetan, eroriko baten ondorioz, ezin izan zen aritu garaipenaren lehian —zortzigarren amaitu zuen—. Tourrean, ordea, balantzari buelta eman dio; ez du etaparik irabazi, baina Alpe d’Huezen bere erritmoa aurkitzen asmatu zuen, eta maillot horia soinean mantendu zuen.
ETSITZEA EZ DA AUKERA
Demi Vollering
Tourreko bosgarren etaparen hasieran Vollering zen maillot horiaren jabe. Hura zen hautagai nagusia, eta sailkapen nagusiko garaipena bideratua zeukala zirudien. Baina etapa amaitzerako, elastiko horia, jada, ez zen horren horia. Urratuta zegoen. Vollering erori egin zen, lidergoa galdu zuen, eta Niewiadomarekiko 1.19ra geratu zen.
Herbeheretarrak, ordea, ez zuen amore eman. Azken-aurreko etapan saiatu zen, baina alde gutxi atera zion liderrari. Azkenekoan, ordea, urrunetik mugitu zen. Glandon gainera iritsi aurretik, erasora jo, eta atzean utzi zuen maillot horia. Rooijakkersek baino ezin izan zion segitu. Eta, Alpe d’Huezen, esprintean, hura ere garaitu zuen. Bere lana egin zuen, liderrari minututik gora atera zion, baina tartea ez zen behar bestekoa izan. Nagusiko bigarren postuarekin eta bi etapa irabazita itzuliko da etxera.
EZUSTEKO GONBIDATUAK
Fenix-Deceuninck
Pauliena Rooijakkers izan zen azken etapan Volleringen hordagoari eutsi ahal izan zion bakarra. Herbeheretarrak laugarren amaitu zuen aurtengo Giroan eta hirugarren Tourrean. Niewiadoma bezalaxe, ez da irabazlea, baina erakutsi du mendiko etapetan onenen pare ibil daitekeela. Bestalde, haren taldekide Puck Pietersek sekulako Tourra osatu du. Orain arte mendiko bizikletan eta ziklo-krosean nabarmendu bazen ere, errepidean ere zeresana ematen hasi da. Etapa bat eta gazte onenaren saria irabazi ditu.
ESPRINTETAN NAGUSI
Charlotte Kool
Kiniela guztiek Lorena Wiebes (Sd Worx) aipatzen zuten Tourreko esprintak menperatzeko hautagai gisa. Ez da hala izan. Lehen bi etapetan baino ez da iritsi pelotoi osoa helmugara, eta bietan ziklista berak jaso ditu besoak: Charlotte Koolek (DSM). Lehenengoan, Wiebes ez zen esprintean sartu. Bai, ordea, bigarrengoan, eta orduan ere DSMkoa gailendu zen.
AUKERA BALIATU DUTE
Laboral Kutxa-Euskadi
Tourrean parte hartzeko aukera hutsa garaipen bat da Laboral Kutxarentzat, eta emandako aukera baliatu dute. Aurreneko etapatik izan dira protagonistak. Iurani Blancok saiatuenaren saria jaso zuen lehen etapan, eta Cristina Tonettik mendiko maillota jantzi zuen laugarren etapara arte. Horrez gainera, taldeko euskal ziklistak sailkapen nagusiaren lehian aritu dira. Usoa Ostolazak atzetik aurrera egin zuen, eta, azkenerako, 24. postuan amaitu du Tourra. Ane Santesteban, berriz, 45. izan da.