Emozioa atzean dago

Jokatu dira 1 Formulako Munduko Txapelketako proben erdiak. Denboraldi honetan ere, Max Verstappenek erakutsi du ez duela aurkaririk. Gainerako gidari eta autoen artean, baina, lehia estuagoa da.

Max Verstappen Hungariako Sari Nagusian lortutako garaipena ospatzen. ZSOLT CZEGLEDI / EFE.
Laurentzi Garmendia
2023ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Txapelketa bat ez, bi daude jokoan aurtengo 1 Formulako Munduko Txapelketan. Batetik, Max Verstappen dago. Belgikarra1 Formulako marka guztiak gainditu nahian dabil, bata bestearen atzetik. Bestetik, gainerako 19 gidariak daude, bigarren postua eskuratzeko lehian. Denboraldiak dituen 22 lasterketetatik hamabi igaro dira jada, igandean Belgikako Sari Nagusia jokatu ondoren. Orain, udako etenaldia dator. Taldeek geldirik egon beharko dutebi astez. Herbehereetako Sari Nagusian itzuliko dira lehiara, hilaren 27an.

Orain arte ikusitakoa aldatuko ote da? Verstappenen nagusitasuna dela eta, ez dago zalantzarik, gero eta botere handiagoa baitu. Baliteke, ordea, Sergio Perez taldekideak Red Bullen pazientziarik eza pairatzea. Urte hasierako sorpresa izan zen Aston Martin. Baina behera egin du azkenaldian, eta espero ez zituzten taldeek aurrea hartu diote.

VERSTAPPEN
Txapeldunak ez dubere mailako aurkaririk



Erraz ziurta daiteke ez dagoela Verstappenen mailako gidaririk egungo parrillan. Autorik onena ere hark gidatzen du, nahiz eta Sergio Perezi gehiago kostatzen zaion. Red Bullek beti izan du begiko duen gidariaren aldeko apustua, batez ere hain agerikoa ez den arlo batean: autoaren garapenean. Gidari bakoitzak bere ezaugarriak ditu, bere gidatzeko estiloa. Verstappenek ere berea du: aurrealde sendoa du gustuko, eta gai da atzealde dantzari batekin ondo moldatzeko. Perezek, ordea, atzeko gurpiletan nahi du kontrola, eskuin oinaren sentiberatasunarekin azeleragailua doitzeko. Autoa, ordea, eraginkorragoa da Verstappenen estiloa erabiliz gero. Ikusirik zein emaitza onak lortu dituzten, Red Bullek ez du aldaketak egiteko beharrik.


Verstappen erlojupeko batean bezala dabil, bakarrik lehian. Hamabitik hamar garaipen eskuratu ditu aurten, azken zortziak jarraian. Gainera, Red Bull autoa oso sendoa da, taldea bera bezala. Ondorioz, Herbehereetan berdindu dezake Sebastian Vettelek jarritako marka: bederatzi garaipen jarraian. Iaz, hamabost lasterketa irabazi zituen, eta, aurten, hori gainditzeko bidean da. Hamar daramatza, eta hamar lasterketa falta dira. Atera kontuak.

PEREZ, HAMILTON, ALONSO...
Nor da bigarren?



Bigarren postua eta ondorengoak lortzeko lehian dago denboraldi honetako gatz eta piper apurra. Sergio Perezek krisi larria izan du. Monakon hasi, eta ondorengo lau lasterketatan Q3 sailkapenean parte hartu gabe geratu da. Verstappenek, berriz, pole-a lortu zuen bost horietan. Mexikarrak lasterketetan eman dio buelta egoerari, baina, atzetik hasita, gehienetan ez du lortu podiumean egotea. Haren mesederako, Fernando Alonsok behera egin du zertxobait, eta hori Lewis Hamiltonek aprobetxatu du batez ere. Orain, bi aurkari handiok ia berdinduta daude, Perezengandik 40 puntura. 148 eta 149 puntu dituzte, hurrenez hurren. Mexikarrak berriro emaitza onak lortzea litzateke normalena, eta egun daukan aldea areagotzea. Baina Red Bullek muturreraino eramaten ditu bere bigarren gidariak, gupidarik gabe. Pierre Gasly, Alex Albon, Nyck de Vries... Gainera, Daniel Ricciardo berreskuratu dute Alpha Taurin, eta hori alerta doinu bat da Perezen belarrietan. Lasai gidatzen utzi nahi badiote, hori ez da modua. Taldeak berak proba bat jarri dio, eta presioa handitu. Orain arte, Perezek ongi erantzun izan du, baina inoiz ez da hain egoera arriskutsuan egon. Alonso eta Hamilton izan daitezke horren onuradun nagusiak.

TALDEAK
Hor dago saltsa



Dena inoiz baino kontrolatuagoa dagoen aro honetan, pentsaezina zen bat-batean Aston Martinek emandako aurrerapausoa gertatzea. Ia ezerezetik agertu ziren denboraldiaren hasieran, eta garaipena gertu izan zuen lasterketa batean baino gehiagotan. Ferrari eta Mercedes talde indartsuak izan ohi dira. Garairik onenean ez badaude ere, autoan baliabide asko jartzen dituzte, eta modu batera edo bestera ager daitezke onenen artean. Australian, Azerbaijanen, Austrian eta Belgikan, Ferrari izan zen bigarren autorik onena; Bartzelonan eta Hungarian, berriz, Mercedes izan zen Red Bullen aurkaririk sendoena.


Kanadan autoan aldaketa batzuk egin zituztenetik, ordea, Aston Martin ez da gai izan aurkarien hobekuntzaren pare egoteko, eta atzera egin du nabarmen. Ezustekorik handiena McLaren izan da. Austrian autoari pieza berri asko jarri ostean, errendimendua izugarri hobetu dute Erresuma Batutik aurrera. Kontuan hartu beharra dago McLarenena izan zela autorik mantsoena Miamiko Sari Nagusian. Aston Martinena handia izan bazen. McLarenek sasoia jokoan dela egin duena are ikusgarriagoa da. Baliteke horrek gauza bakarra erakustea, ordea: ezerk ez duela luzerako irauten. Haas taldeak berak ere aurkitu du kontsolamendua. McLarenek lortu izana akuilu da haientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.