Inaxio Perurena. Harri-jasotzailea

«Emozio aldetik oso berezia ari da izaten ahalegin hau»

Entrenamendu saio on-onak eginda, 303 kiloko harria jasotzeko prest dagoela sinetsita dago. 300 kilokoarekin huts egin zuen plaza aukeratu du, Asteasuko pilotalekua, bihar, 12:30ean.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2015eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Orain urtebete, Inaxio Perurenari (Leitza, Nafarroa, 1984) burua bueltaka hasi zitzaion, entrenatzen ari zela harria hanka gainera erori eta lesio larria izan zuenean. «Beldurtu egin nintzen, baina ahaztuta daude kontu horiek. Burugogorra naiz izatez, gogor aritu naiz lanean, eta bete-betean nago berriz ere». 303 kiloko harriari helduko dio bihar, Asteasun (Gipuzkoa), Isaak Martinez Gesaltzako Tigrea laguntzaile duela.

303 kilo eta Asteasu. Dena prest egongo da, ezta, noski?

Bai, bai. Lanak eginda dauzkagu. Igandean egin nuen azken entrenamendua harriekin, eta pisuekin intentsitatea pixka bat jaitsita nabil orain. Ibilalditxo batzuk eta luzatze ariketak egin, gorputza bere onera ekarri... Lan horietan nabil plazara inolako gogortasunik gabe iristeko.

Kilo kopurua eta lekua norberak aukeratutakoa izan da?

Bai... Urrian hasi nintzen ahalegin honetarako entrenatzen. Nire aldetik egin beharreko guztia ondo eginda daukat, eta ondo sentitzen nintzen leku bat nahi nuen. Tolosako Beotibar pilotalekua neukan batetik, oso ondo berdindu nuelako han 280 kilokoa. Eta Asteasukoa bestetik. Askok gogorarazi didate 300 kilokoa han erori zitzaidala, eta egia da. Baina 290ekoa, 295ekoa... Ahalegin gehiago egin ditut pilotaleku horretan, eta oso oroitzapen onak dauzkat. Jendeak oso ondo erantzuten du, eta giro ona sortzen da.

Aitaren garai bateko marka ahaleginak gogoan, aukerarik ez da sortu Donostiako belodromoan bertan Anoetako Lau Orduetan eginahala egiteko?

Bai, bai. Elkartu ginen eta aritu ginen hizketan. Baina, hasiera batean, lehenago egin nahi nuen ahalegina, urtarrilean-edo. Ia urtero bezala, hoztu eta gaixotu egin nintzen gero baserrian, eta atzeratu egin behar izan genuen eguna. Dopin kontrola egiteko hamabost egun lehenago dago abisatu beharra, babesle bila ere ibili naiz, eta behin Asteasukoa lotuta, berandu iritsi zen deia.

Zenbat segundoko altxaldia daukazu buruan? Hogei segundoz azpitik bai hiru kolpe emanda?

Horixe daukagu pentsatuta: hiru kolpe ematea eta berdintzen saiatzea. Entrenamendu dezente nago eginda harri honekin, eta gerrira ekarri, hiru kolpe eman, berdindu... Hogei segundo behar ditu 303 kiloko harriak.

Kolpe lana, arnasa… Lanketa hori egin duzu bereziki?

Bai, bai. Kolpe bakoitzean izugarrizko garrantzia dauka arnasa kontrolatzeak. Neroni ere modernizatuta nabil azkenaldian, eta, Facebook eta horrelako bitartekoekin harremanetan jarrita, strongman horietako bat etorri zen gure etxera, gure jardunean interesa zeukala azalduta. Probatu egin nahi zuen harria, eta kolpetik kolperako kontrol horrekin geratu zen bereziki harrituta. Oso indartsuak dira den-denak, baina mugimendu motzekoak. Kanpotik begira jarrita, harriari heldu eta goran berdintzea beste lanik ez dagoela ematen du, baina xehetasun txiki asko eduki behar izaten dira kontuan.

Gehienetan bezala, arlo fisikoa adina landuko zenuen buruaren kontrola, ezta?

Zalantzarik gabe. «Inaxio urduri jartzen da», esaten dute askok, baina urrian hasi nintzen saio hau prestatzen, eta, hainbesteko lanaren ondoren, hogei bat segundoko kontua izango da dena. Perfekzioa behar da arlo guztietan, eta normala izaten da momentua iristean urduri jartzea. Ez dira izaten unerik gozoenak.

Eguraldia freskoa eta bustia izango da bihar. Txarra ez…

Beti esan izan dut ikusleentzat gustagarria ez izan arren harri handietarako hotza askoz hobea dela beroa baino. Beroketa lanarekin izerdia hautsita, gorputzak giro hotzarekin edukitzen du txisparik handiena. 20-30 gradurekin, txalekoa busti egiten da, norbera ez da egoten bete-betean... Beraz, primerako eguraldia izango dut ahalegina egiteko.

Zer litzateke 303 kiloko harria jasotzea?

Handia da marka ahalegin bat prestatu eta helburua lortzea, denbora askoko lana dagoelako atzean. Hirugarrena nintzateke 300 kilotik gora egiten, eta polita da hori. Lesioaren ondoren, emozio aldetik oso berezia ari da izaten ahalegin hau. Marka ahaleginak egiteko ekonomikoki oso garai zailak dira egungoak, eta, horrela jarraituz gero, harri handiei heltzeko onenean nagoenean gelditu egin beharko dut, ekonomikoki entrenamenduei ezin diedalako aurre egin. Horixe da egungo egoera, eta horregatik litzateke hain berezia 303 kiloko harria berdintzea. Jende arruntak uste du berezko gaitasuna daukagula 300 kiloko harria jasotzeko; egun batean jaiki eta «bihar egingo diat ahalegina» pentsatzen dugula. Baina izugarrizko lana dago atzean, oso lan gogorra. Niretzat ez dago ez Eguberririk, ez inauteririk eta ez ezer.

Futbolean, pilotan eta kirol askotan eskaintzak egiten dituzte horrelakoetan. Alaba txikia etorriko da burura 303 kiloko harria berdinduz gero, ezta?

[Barrez] Ez zait gustatzen eskaintzak aldez aurretik egitea, baina, bederatzi hilabete egin berritan, keinuka txalo egiten ikasita dago jada. Ea zein erreakzio izaten duen plazan; garrasika agian hasiko da! Baina emaztea, ama, etxekoak... ingurukoekin gogoratzen zara horrelakoetan, eta ea ba eurei eskaintzeko aukerarik badaukadan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.