Saskibaloia

Emirerrietatik dator mehatxua

Dubaiko saskibaloi taldea errealitatea da dagoeneko. Europako talde indartsuenei aurre egiteko osatu da taldea, eta Liga Adriatikoan jokatzen ari da. Hala ere, oraingoz ez du Euroligan edo Eurokopan jokatuko.

BC Dubai taldeko jokalariak, entrenatzailea eta presidentea. BC DUBAI
BC Dubai taldeko jokalariak, entrenatzailea eta presidentea. BC DUBAI
Beñat Mujika Telleria.
2024ko urriaren 16a
05:05
Entzun

Bada denbora dezente Dubaik Europako saskibaloiaren unibertsoan sartu nahi duena. Proiektua aurrera aterako balitz aurten Euroligan jokatuko zuela pentsatzen zuen askok eta askok. Hori zen haien helburua, noski; Europako talde onenekin jokatzea. Ez dute halakorik lortu, baina emirerrietako klubak lehen urratsa egin du Europako saskibaloiaren parte izateko. BC Dubai taldea ABA ligan ari da jokatzen, hau da, liga adriatikoan. Talde guztiek jokatu beharko dute Dubain, partida bat behintzat.

Webgunean dionaren arabera, Arabiar Emirerri Batuak «saskibaloiaren banderaren azpian batzeko» sortu da kluba: «Inklusioa sustatzea eta kirolaren aurrerapena bultzatzea da helburua, bai herri mailan zein nazioartean». Dejan Kamenjasevic Zuzendari Nagusia da proiektuaren bultzatzaileetako bat. Ezaguna da Gasteizen, Baskonian Zan Tabaken bigarren entrenatzaile izan baitzen 2012an. Proiektuaren bultzatzaileak hainbat elkarrizketetan errepikatu du proiektua ez dela unean unekoa asetzeko soilik, baizik eta etorkizunari begira sortu dutela.

(ID_17286460767495) DUBAI BC1
Dubai BC taldeko jokalariak lehen garaipena ospatzen, Dejan Kamenjasevic zuzendari nagusiarekin batera. DUBAI BC

Hasieran, Euroligaren parte izatea zen emirerrietako klubaren asmoa. Duela hiru urte inguru abiatu ziren Dubairen eta Euroligaren arteko hizketaldiak. Euroliga, ordea, liga pribatua da, eta barne arau batzuk ditu. Garrantzitsuena da Euroligan parte hartzen duten klub guztiek Europako ligaren batean jokatu behar dutela. Lehen arau hori betetzeko asmoz, BC Dubai taldea Liga Adriatikoaren parte izango da datozen hiru urteetan, behintzat. Hala onartu zuten liga horretako partaideek. Denek eman zuten emirerrietako taldeak bertan jokatzearen aldeko bozka, Buducnostek eta Partizanek izan ezik. Noski, bertan jokatzeko ordaindu egin behar izan du klubak. 2,5 milioi euro inguruko ekarpena egin dio BC Dubai taldeak ABA ligari. Diru sarrera horren zati bat ligarentzat izango da. Bestea gainerako taldeen artean banatuko da, Dubaiko hegaldiak eta ostatua ordaindu ahal izateko.

Baina, Liga Adriatikoan egin zen bezala, Euroligako klubek ere onartu egin behar zuten Dubaiko taldeak bertan lehiatzeko aukera izatea, eta ez zen hala izan. Apirilean egin zuten batzarra Euroligako eta FIBAko ordezkari batzuekin batera, eta sarbidea ukatu zioten. Talde batzuek, gainera, bozketan parte ez hartzeko mehatxua egin zuten. Dubaiko taldea prest zegoen lehiaketari sei urtean 150 milioi euroko ekarpena egiteko, eta lehiaketaren jabe diren 13 taldeetako bakoitzak milioi bat euro ere jasoko lituzke lehenengo bost urteetan. Diruak, ordea, ez ditu klubak itsutu. Edo ez oraindik, behintzat. Eta ezetz esan zioten BC Dubaik Euroliga jokatzeko aukerari.

Horren harira, El Correo egunkarian emandako elkarrizketa batean, Kamenjasevic Zuzendari Nagusiak aipatu zuen Euroligan ez jokatzea ez dela arazo bat proiektuarentzat, baina bai Euroligarentzat berarentzat: «Gaur egun daukaten egoera kontuan hartuta, esango nuke ezin dutela inor onartu etxea barrutik konpondu arte». Izan ere, Euroligako kluben ekonomiak asko egin du okerrera azkenaldian, batez ere COVID-19ak ekarri zuen krisiaz geroztik. Gainera, Europako krisi geopolitikoak ere izan du eragina Euroligan. Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra dela eta, CSKA Mosku –Euroligako akziodunetako bat da– zigortuta dago, Errusiako klub guztiak bezala, eta ezin du Euroligan parte hartu. Israelgo Maccabi Tel Aviv, ordea, lehiaketaren parte da. Ez ditu etxeko partidak Israelen jokatzen, Serbian baizik, baina ez dute ligatik kaleratu. Gainera, CSKA Mosku taldeak Maccabi kaleratzearen kontra bozkatu zuen Euroligak egindako batzarrean.

Davis Bertans NBAko jokalari ohia da taldearen fitxaketa nagusia. DUBAI BC
Davis Bertans NBAko jokalari ohia da taldearen fitxaketa nagusia. DUBAI BC

Gaur-gaurkoz, sarbidea ukatu diote Dubai BC taldeari. Hala ere, Europako talde indartsuenetakoa osatzea da emirerrietako klubaren asmoa, eta, horrela, Europako txapelketa garrantzitsuenetan parte hartzea; Eurokopan lehendabizi, eta Euroligan ondoren. 3.2 milioi euroko aurrekontua dauka klubak, eta lehen denboraldi honetan izen handiko jokalariak fitxatu ditu. Davis Bertans Baskoniako eta NBAko jokalari ohia da izar nagusia, baina Europako lehiaketa garrantzitsuenetan hainbat urtean jokatu duten jokalariak ere fitxatu ditu. Esaterako, Klemen Prepelic, Awudu Abass, Nate Mason, Danilo Andjusic edo Ahmet Duverioglu.

Proiektua abian da, eta lehen lau partidak jokatu ditu jada Dubaiko taldeak. Oraingoz, hiru partida irabazi dituzte, eta bakarra galdu. Hortaz, Liga Adriatikoan parte hartzen duten hamabost taldeek Coca Cola Arenan jokatu beharko dute aurten. Bertan jokatzen ditu etxeko partidak BC Dubai taldeak, Belgradetik 5.000 kilometro baino gehiagora. Etxeko lehen partidan Izar Gorria hartu zuten, eta sarrera guztiak saldu zituzten. Ikusiko da proiektuak nola eboluzionatzen duen. Baina Europako talde handienei mehatxua datorkie emirerrietatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.