Euskal piraguistak

Emankorra izan da kanala

Maila oso onean lehiatu dira euskal piraguistak La Seu D'Urgelleko Munduko Txapelketan. Ander Elosegi eta Maialen Chourraut Tokioko Olinpiar Jokoetan izango dira.

RFEP.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Sei domina eta Tokioko Olinpiar Jokoetarako bi sailkapen. Horixe da Euskal Herriko piraguistek lortu duten uzta La Seu d'Urgellen (Herrialde Katalanak)jokatu diren Munduko Txapelketetan. Ander Elosegik zilarra lortu du, bai taldeka, bai bakarka; Joan Crespok, urrea taldeka, eta brontzea bakarka: Klara Olazabalek, zilarra taldeka; eta Samuel Hernanzek, urrea taldeka. Elosegik ziurtatua du Tokioko Olinpiar Jokoetan egotea, baita Maialen Chourrautek ere; nahiz eta huts larri baten erruz finalean azken postuan amaitu, Lasarte-Oriako piraguistak aukera izango du urrezko domina lortzeko, Rio de Janeiron duela hiru urte lortu bezala. Laugarren Olinpiar Jokoak izango dira bientzat. Tokion egoteko aukerei eutsi diete, berriz, Crespok, Olazabalek eta Hernanzek.

Herenegun amaitu zen Munduko Txapelketa, eta bakarka lehiatzen azkenak izan ziren Crespo eta Olazabal. Brontzezko domina eskuratu zuen Crespok, K-1ean. Atzo, esnatzerakoan, «pozik» zen lortutakoarekin: «Ez nuen espero domina lortzea». 2010etik Munduko Txapelketa bateko final batean parte hartu gabe zegoen. «Nire asmoa zen Munduko Txapelketa hau amaitzean erretiroa hartzea. Urte asko neramatzan emaitza onik lortu gabe, eta sentitzen nuen egiten ari nintzen ahaleginak ez zuela ezertarako merezi». Gainera, aurreko egunetan nahiko sentipen txarrak izan zituen uretan. «Neure buruari eskatu nion gauzak ondo egitea eta disfrutatzea, besterik ez».

Bakarka lortutako dominak, ordea, haren asmoak aldatu ditu. «Beste urtebetez lehiatzen jarraituko dut. Hemendik aurrera etor daitekeena opari bat izango da niretzat». Munduko Kopako probetan lehiatzen segituko du, eta aukera txiki bat du oraindik Olinpiar Jokoetan egoteko. Espainiako Federazioak du azken hitza. Haren mailan leku bakarra dago jokoan, eta hiru piraguistek dute abagunea. Crespok berak, Hernanzek eta David Llorentek. «Irizpideak ez daude argi, eta ez dakigu zer pasatuko den. Ziurrenik aste honetan bertan esango digute zerbait». Llorente haren aurretik egon zen podiumean, zilarrezko domina lortu baitzuen. Hernanz, berriz, ez zen finalerako sailkatu.

Erabakiak ez dio loa kentzen, dena den. «Ez domina lortu aurretik, ez ondoren, ez dut horretan pentsatu. Uste nuen jada ez nuela aukerarik. Lasai nago. Izan ere, uste dut azkenean David joango dela. Koska bat gorago dago, eta, joaten bada, merezia izango da. Aukera txikiren bat badut, hala ere, borrokatuko naiz».

Nahiago du, dena den, orainean zentratu. Honela aztertu du Munduko Txapelketan egin duen lana. «Taldeka lortutako dominak poza eta konfiantza eman zizkidan bakarkakoari begira. Jaitsiera guztietan teknikoki ondo jardun dudala iruditzen zait. Bakarkako finalean aspaldian baino urduriago nengoen. Baina horrek balio izan zidan adiago egoteko».

Dena den, arantza txiki bat ere geratu zaio: «Saihesteko moduko pare bat akats egin nituen hamalaugarren eta hamabosgarren ateetan. Gure kirolean, gakoa, akatsean bainoago, konpontzeko duzun abilezian dago. Hor ez nuen asmatu oraingoan». Hori dela eta, nahiko urrun geratu zen podiumeko goreneko bi lekuetatik.

Zorte apur bat ere izan zuela uste du, halere. «Txapelketa guztian maila oso ona egon da. Jendeak asko estutu du, eta teknikoki maila izugarria ikusi da. Baina gure kategorian faboritoetako batzuek huts egin zuten».

Sasoi «biribila»

Podiumera igo ez arren, oraindik ere Olinpiar Jokoetan egoteko aukerekin da Olazabal, C-1 mailan. Bosgarren egin zuen igandean. Bigarren Munduko Txapelketa zuen, eta lehen finala. Hemezortzigarren atean zigorra jaso zuen arren, ez zuen arreta galdu, eta azken txanpa oso ona egin zuen. «Sasoi hau biribila izan da niretzat. Ezin dut askoz gehiago eskatu. Bosgarren amaitzea txundigarria izan da niretzat. Lan kontziente bat egin dugu akats txikiak findu eta nabigazioan eroso sentitzeko, eta emaitzak eman ditu».

«Borrokan» segituko du, Munduko Txapelketan lortutako emaitzari esker oraindik ere Olinpiar Jokoetan egoteko aukera baitu. Datorren urtean erabakiko da dena. «Zaila zirudien Tokion egoteko aukerekin segitzeak. Baina lortu dugu».

Lehia horretan Nuria Vilarrubla izango du aurkari. Sailkapenean Olazabalen gainetik dago Vilarrubla. Uztailean, adibidez, zilarrezko domina lortu zuen Europako Txapelketan, eta irail hasieran Munduko Kopako proba batean nagusitu zen, Markkleebergen (Alemania). Baina, oraingo honetan, zazpigarren amaitu zuen, haren ontzia irauli eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.