Ia bi hilabete bete dira liga abiatu zenetik, eta hilabete bat fitxaketak egiteko garaia amaitu zenetik. Euskal taldeek hainbat fitxaketa egin dituzte, eta, oraingoz, argi gehiago izan dira itzalak baino. Talde bakoitzak bederatzi partida jokatu ditu —Realak eta Athleticek bi partida gehiago, Europa Kopa jokatzen dutelako—.
Reala
Taldea baino hobeto
Realak azken urteetako sasoi hasiera kaskarrena izan du. Bederatzi puntu besterik ez du bildu orain arte, eta ezinean ari da, etxean batez ere. Fitxatu berriak, ordea, sasoi hasiera honetako jokalari onenen artean daude. Txuri-urdinek bost aurpegi berri dituzte, eta gehienek hamaikakoan tokia egin dute jada. Sergio Gomez, Nayef Aguerd eta Javi Lopez dira orain arte gehien jokatu duten hiru jokalariak. Gomez hainbat postutan erabili du Imanolek; atzean, zelai erdian, hegaletan... hura da gehien baliatu dituen jokalarietako bat, eta dagoeneko hiru asistentzia banatu ditu. Aguerdek eta Javi Lopezek ere tokia egin dute hamaikakoan. Marokoarrak bikain bete du Robin Le Normanden tokia, eta Alaveseko atzelari ohia jokalari arriskutsua izaten ari da ezker hegalean. Atzealdean, berriz, nekezago ari da.
Luka Sucicekin eta Orri Oskarssonekin, berriz, pixkanaka ari da Orioko teknikaria. Sucicen inguruan «egokitzeko denbora gehiago» behar zuela nabarmendu zuen Imanolek, baina Real Madrilen aurka hamaikakoan sartu zuen, eta geroztik jokalari garrantzitsua izan da. Azken partidan, gainera, gol ikusgarria sartu zuen areaz kanpotik. Oskarsson, berriz, itzalean zegoen orain gutxi arte. Azken unean iritsi zen Donostiara, eta Realak hogei milioi euro ordaindu ditu haren eskubideengatik. Taldearen joko kaskarra dela medio, ez du aukera askorik izan golik egiteko. Baina Valentziaren aurka izan zituen bi gol aukerak baliatu egin zituen. Mikel Oiartzabalek eta Sadiq Umarrek ez dute ondo hasi denboraldia, eta horrek hamaikakoan egoteko ateak ireki dizkio.
Athletic
Uste baino gehiago kostata
Zuri-gorriek txukun hasi dute denboraldia. Aurreko denboraldi bikainaren ostean, ilusio handia piztu zen Bizkai aldean. Uda mugitua izan dute Lezaman, baina jokalari garrantzitsuak mantentzea izan zen klubak merkatuan egin zuen gauzarik onena. Dena den, bi fitxaketa ere egin zituen: Andoni Gorosabel eta Alvaro Djalo. Gorosabel Alavesekin kontratua amaitu ostean iritsi da; Djaloren eskubideengatik, berriz, hamabost milioi euro ordaindu ditu talde zuri-gorriak.
Biak ala biak kostata ari dira sartzen Ernesto Valverderen egitasmoetan. Djalok min hartuta abiatu zuen denboraldia, eta ez da nahi bezala itzuli. 242 minutu jokatu ditu orain arte, minutu guztien %26,9. Hala ere, gol bat sartu du, Celtaren aurka, ligan. Gorosabelek, berriz, ez du teknikariaren konfiantza bereganatu, oraindik behintzat. Urteak aurrera joan arren, Valverdek De Marcosen aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta haren ordezko lanetan ari da Gorosabel. Minutu guztien %33,3 jokatu ditu orain arte.
Osasuna
Taldearen bizkarrezur berria
Braulio Vazquezek ez du azken urteetan izan duen uda lasaia izan aurten. Entrenatzailearen fitxaketa zen kirol zuzendariaren buruhauste nagusia, eta Vicente Morenok hasiera ona izan du Iruñean. Hamabost puntu bildu ditu, eta Sadar gotorleku bihurtu du jada.
Udan fitxatutako hirurek ere hasiera bikaina izan dute, eta osasuntsu egon diren partida guztietan jokatu dute, hasieratik edo aulkitik abiatuta. Atzelariei dagokienez —Abel Bretones eta Flavien Boyomo—, ezinbestekoak izaten ari dira teknikariarentzat. Bretonesek bi gol sartu ditu jada, eta indar handia erakutsi du dueluetan eta hegaletik egindako lasterraldietan. Boyomo, berriz, azken unean iritsi zen Valadolidetik, eta partida guztietan hamaikakoan sartu du Morenok. Gola ere egin zuen debutean. Hala ere, badute zer hobetua atzeko lerroan; bost talderi bakarrik sartu dizkiete gorritxoei baino gol gehiago.
Hala ere, Bryan Zaragoza izan zen zaleen ilusioa piztu zuen jokalaria, eta berehala bereganatu ditu Sadarreko zaleak. Espainiarra da taldearen argia erasoan, eta haren oinetatik abiatzen dira gorritxoen jokaldietako asko. Oraingoz, gol bat eta hiru asistentzia lortu ditu, eta bere selekzioaren deialdian sartzeko balio izan dio.
Alaves
Aukerak denentzat
Azken hiru neurketak galdu arren, sendo hasi du sasoia Alavesek. Jakina da ligako aurrekontu baxuenetako bat daukatela arabarrek, baina Luis Garcia Plazak eta kirol zuzendaritzak egin duten lana goraipatzeko modukoa da. Aurreko denboraldia ona izan zenez, jokalari asko galdu zituzten, eta, taldea osatzeko, 11 fitxaketa egin behar izan ditu klubak.
Manu Sanchez eta Moussa Diarra atzelariak, eta Stoichkov eta Tomas Conechny aurrelariak dira orain arte gehien jokatu dutenak. Baina teknikari madrildarra iaioa da talde luze bat gobernatzen, eta denei eman die aukera lehen bederatzi partidetan. Datuei dagokienez, ia aurrelari guztiek sartu dute golen bat: Toni Martinezek bi egin ditu, eta Asier Villalibrek, Carlos Martinek eta Tomas Conechnyk, bat.