Aitor Etxaburu. Bera Berako entrenatzailea

«Emakumezkoetan jokoa landuagoa da, aberatsagoa»

Lider da Bera Bera, jokatu dituen partida guztiak irabazita. Ez da harritzekoa, beraz, Aitor Etxaburu pozik egotea. Hala ere, zuhurra da, eta ohartarazi du hilabete gogorra datorrela.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2014ko urriaren 31
00:00
Entzun
Egun bete-betea du Aitor Etxaburuk (Eibar, Gipuzkoa, 1966). Familia eta lana uztartu behar ditu, eta bietan asko exijitzen dio bere buruari. «Familiarekin nagoenean, haiekin nago bete-betean. Beste horrenbeste egiten dut lanean ari naizenean», azaldu du. Harekin hizketan hasi eta berehala nabari zaio eskubaloiarekiko pasioa. Horrela bakarrik uler daiteke 30 urte eramatea baloi txikiari lotuta: hamazazpi urte jokalari gisa —Bartzelonan, Tekan, Granollersen eta Bidasoan jokatu zuen—, eta hamahiru urte entrenatzaile gisa —bederatzi Bidasoan eta lau Anaitasunan—. Bera Beran ari da udatik, lehen aldiz emakumezkoen talde bat entrenatzen. Ezin hobeto doakio, hura aulkian dagoenetik ez duelako galdu Donostiako taldeak, eta irabazia du titulu bat, aulkian eserita irabazi duen lehena: Espainiako Superkopa. Hala ere, harrokeria gutxi dago haren hitzetan. Zuhurra da oso, eta abisu argia eman du: «Liga hasi besterik ez da egin, eta orain arte egutegia alde izan dugu. Orain dator gogorrena».

Lehenak zarete ligan, eta jokatu dituzuen sei partidak irabazi dituzue. Orain arte egindakoaren balorazioak ona izan beharra du derrigorrean.

Lehen jardunaldietan gureak baino helburu apalagoak dituzten taldeen aurka jokatu dugu, eta egin beharrekoa egin dugu: hutsik ez egin. Egon nahi genuen bezala gaude. Orain hilabete gogorra dugu aurretik, aurkari zuzenen aurka jokatuko dugulako: Elx, Aula Cultural eta Atletico Guardes.

Ez dizue ihes egin puntu bakar batek ere. Aurkari zuzenek, ordea, utziak dituzte batzuk bidean: Ro'Casak bat, eta Aula Culturalek eta Atletico Guardesek bi.

Hala da, baina kontuan hartu behar da zein partidatan ihes egin dieten puntuak gure aurkariei: elkarren aurkako neurketetan izan da. Guk oraindik ez dugu haien aurka jokatu.

Azken jardunaldian etxera esku hutsik itzultzear izan zineten. 24-25, ederki sufrituta irabazi zenuten Valentzian (Herrialde Katalanak). Zuek ere ez zaudete zoritxarreko ezustekoetatik salbu.

Zehaztapen bat egin beharra dut Valentzian jokatutako partidaz. Sailkapenari begiratuta, inork pentsa dezake Valentzia aurkari samurra denik, sei partidetatik lau galdu baititu, baina oso kontuan hartu behar da Valentziak noren aurka jokatu duen: Aula Cultural, Atletico Guardes, Ro'Casa eta gure aurka jokatu du, hau da, lehen lau sailkatuen aurka. Puntu bakarra lortu du zortzitik, Ro'Casarekin berdinduta eskuratutakoa. Horregatik dago horren behean, baina Valentzia oso talde ona da, eta horregatik ere sufritu genuen, horregatik eta guk ez genuelako partida ona egin; ezinean aritu ginen ia neurketa osoan. Lasai-lasai gal genezakeen, baina, zorionez, suspertzeko gai izan ginen, eta pista oso zail batetik bi punturekin itzuli. Horrek konfiantza emango digu, ziur.

Taldea egiten ari den jokoa eta zuk nahi duzuna berbera da ala alde handia dago oraindik?

Gutxi gorabehera, taldea ari da egiten nik nahi dudan jokoa. Taldeak bere estiloari eusten dio. Gainera, jokalariei dagokienez, ez da izan aldaketa handirik, eta horrek erraztu egiten du lana. Lehen partida hauetan lortu dugu taldeko jokalari guztiek joka dezatela, denak senti daitezela taldea egiten ari denaren partaide. Hori eginez, gainera, taldea freskoago egongo da datorren hilabete gogorrari begira.

Bera Beraren zutabeak aski ezagunak dira: sendotasuna defentsan eta bizitasuna erasoan. Estilo horretara zein ekarpen egin nahi duzu?

Ñabardura txiki batzuk egin nahi ditut, besterik ez, gauza batzuei nire ukitua-edo eman. Talde honen jokoak oinarri sendoak ditu. Garrantzitsuena taldeak estiloari eta errendimenduari euts diezaiela da.

Lehen sasoia duzu Bera Beran, eta baita lehen esperientzia emakumezkoen eskubaloian ere. Zer moduz egokitu zara? Eta jokalariak, zer moduz egokitu dira zure metodoetara?

Ahal dudan guztia egin dut jokalarietara, klubera eta lehiaketara egokitzeko. Uste dut lortu dudala; ez dut arazorik izan. Gainera, erraztasun asko izan ditut. Denek lagundu didate asko, baita jokalariek ere. Jokalariak ere uste dut ondo egokitu direla nire izateko erara. Denok jarri dugu gure partetik hala izan dadin. Behin hori lortuta, lana gogor egitea tokatzen da. Horretarako daude entrenamenduak. Orain arte ez dut inolako kexurik; ondo ari dira lanean.

Emakumezkoen talde bat entrenatzen duzun lehenbiziko aldia izanik, zuri egokituko zitzaizun lan gehien egitea.

Entrenatzaileok nahiko arraroak gara, eta eskubaloiarekiko pasioa dugu: gure lehiaketa ez ezik, beste batzuk ere ikusten ditugu. Adibidez, Anaitasunarekin Asobal ligan entrenatzen nuenean Ohorezko B Mailari ere kasu egiten nion, eta ezagutza sakona nuen han gertatzen zenaz. Emakumezkoen eskubaloia ere ikusten nuen, baina nire ezagutza txikia zen, talde bateko zale batek izan zezakeena baino txikiagoa. Horregatik, makina bat ordu egin nuen udan bideoak ikusten eta ikusten. Horretarako oso baliagarria izan zitzaidan Imanolek eta Martinek osatutako bideoteka ederra [Imanol Alvarez eta Martin Larrañaga Bera Berako entrenatzaile eta bigarren entrenatzaile ohiak]. Horri esker izan nuen taldeko jokalarien berri zehatzagoa. Baina bideo horiek bazter batean geratu ziren denboraldi-aurrea hasterako, beti izan ohi direlako aldaketak. Guk, adibidez, gure hurrengo aurkariak jokatutako azken lau partidak aztertzen ditugu bideoarekin. Horrek lan asko eskatzen du, baina beharrezkoa da aurkariaren ezagutza zehatza izan ahal izateko.

Eta, makina bat partida ikusi eta gero, aldatu egin da emakumezkoen eskubaloiaz zenuen ikuspuntua? Oso ezberdina da gizonezkoen eskubaloiarekin alderatuta?

Jokoa ezberdina da, noski, jokalarien ahalmen fisikoak ezberdinak direlako. Bestelakoan ez dago alderik. Baliabide taktikoak, teknikoak, jokalarien irudimena, adimena... dena da berdina. Are gehiago, esango nuke emakumezkoen jokoa gizonezkoena baino landuagoa dela, prozeduretan aberatsagoa. Gizonezkoen eskubaloian ez, baina emakumezkoen eskubaloian oso ohikoa da talde bakoitzak berak bakarrik erabiltzen dituen bizpahiru jokaldi izatea.

Gizonezkoen eta emakumezkoen eskubaloiaren arteko aldea, beraz, arlo fisikoan dago?

Jokalari bakoitzak duen ahalmen fisikoan dago aldea. Baina erne: alde hori ere badago gizonezkoen eskubaloian. Ez da gauza bera talde batean hamabost metrotik jaurti dezaketen bi metroko hiru jokalari puska izatea, edo bat bera ere ez izatea. Berriro diot: ahalmen fisikoan dago aldea. Lan egiteko ahalmenean, sufritzeko ahalmenean, konpromisorako ahalmenean, irudimenean, adimenean, motrizitatean... horietan guztietan ez dago inolako alderik gizonezkoen eta emakumezkoen artean.

Diru laguntzetan, azpiegituretan, harmailan egon ohi diren ikusle kopuruan, komunikabideek jartzen dioten arretan... Horretan badago aldea.

Denetarik dago, eta tokien artean aldeak badaude, baina, oro har, emakumezkoen kirolak ez ditu gizonezkoenak dituen diru laguntzak. Askoz txikiagoak dira, eta oso zaila da diru iturriak lortzea. Horretan, hala ere, salbuespenak daude. Guk, adibidez, babes handia jasotzen dugu erakundeetatik. Baina egoera zaila da, eta gu hor gabiltza nola edo hala eutsi nahian.

Erakundeetatik babes handia jasotzen duzuela diozu. Hala ere, Txapeldunen Liga jokatzeari uko egin behar izan diozue ezin diozuelako aurre egin lehiaketa horrek dakartzan gastuei. Ez da nahikoa.

Nire ustez, ez da drama bat Txapeldunen Liga ez jokatzea, eta uste dut klubak bete-betean asmatu duela lehiaketa horri uko eginez. Lehiaketa bat jokatzen duzunean, gutxieneko berme bat izan behar duzu lehiatzeko moduan egongo zarela, eta guk ez genuen halakorik. Zergatik? Gurea ez delako talde erabat profesionala: jokalari guztiek uztartzen dute eskubaloia lanarekin edo ikasketekin. Eta Txapeldunen Ligak asko exijitzen du, ez bakarrik ahalegin ekonomikoa. Herrialde bakoitzeko onenak lehiatzen dira han, baina ez guztiak: Bera Bera, Espainiako Ligako onena, adibidez, ez da lehiatuko. Ez du zertan drama bat izan han ez jokatzeak. EHF kopan, gu ariko garen lehiaketan, liga oso indartsuetako taldeak daude, eta ziur naiz lehiaketa polita izango dela. Gu ilusioz eta gogoz ariko gara, beti bezala.

Jomi Salerno Italiako txapelduna izango duzue zuek aurkari EHF kopako kanporaketan.

Oraindik haren inguruko informazio zehatz bila gabiltza, baina halako taldeek hainbat liga indartsutan aritu izan diren jokalari beteranoak izan ohi dituzte. Erne egon beharra dago haien aurka jokatzean.

Helburua ahal den urrutiena iristea da?

Gozatzea da helburua, eta gure jardunak jar gaitzala merezi dugun tokian. Borrokatuko gara, ziur, klub honek beti egin duelako borroka. Baina ezin dugu esan «lehiaketa hau irabaztera goaz»; ez dugu hori egiteko gaitasunik.

Liga da lehentasuna.

Inolako zalantzarik gabe. Hor jarriko dugu indar guztia. Espainiako Kopa ere hor dago, bigarren helburu gisa.

Liga irabazteko helburuan garrantzitsua izango da azaroan gertatzen dena. Aurkari zuzenen aurka jokatuko duzue, eta atsedenerako tarte gutxi izango duzue. Europako lehiaketa ere izango duzue tartean.

Hilabete garrantzitsua izango da azaroa. Baina guk larunbat honetan etxean Elxen aurka jokatuko dugun partida bakarrik dugu buruan. Gero etorriko dira besteak. Guk dakiguna da ondo iritsi behar dugula une honetara. Eta uste dut ondo iritsi garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.