2023an jokatu zuten estreinakoz emakumezkoen Winter Series txapelketa. Orduan, Eraman Jai Alai zesta-punta enpresako arduradunek helburutzat jarri zuten txapelketa gehiago antolatzea. Bada, horretan beste urrats bat egingo dute aurten. Estreinakoz, Jai Alai liga jokatuko dute. Ligak hamar txapelketa izango ditu, eta gaur eman dute horren berri, Durangon (Bizkaia), Ezkurdi pilotalekuan. Jada jokatu dute ligako lehen txapelketa, Berriatuko Master Seriesa (Bizkaia). Txapelketa horretan, Ihart Arakistain eta Arai Lejardi gailendu ziren.
Winter Series da ligako txapelketa nagusia, eta, ohi bezala, Durangon jokatuko dute. Martxoaren 10ean hasiko da. Horrekin batera, beste bederatzi txapelketak osatuko dute liga: aipatutako Berriatukoak, Gasteizkoak, Durangokoak, Lekeitiokoak (Bizkaia), Zumaiakoak (Gipuzkoa), Bilbokoak, Mutrikukoak (Gipuzkoa), Donibane Lohizunekoak eta Miarritzekoak (Lapurdi). Denboraldiko zortzi pilotari onenak Lauko Finalerako sailkatuko dira.
Winter Series txapelketan lau bikote arituko dira: Maite Ortiz de Mendibil-Maialen Aldazabal, Helena Barrenetxea-Arai Lejardi, Ihart Arakistain-Frida Watkins eta Elaia Gogenola-Oaia Otaño. Lehen finalerdia martxoaren 10ean jokatuko dute, eta Maitek eta Maialenek Helenaren eta Arairen kontra neurtuko dituzte indarrak —kirol jardunean izena darabilte izendatzeko, eta ez abizena—. Martxoaren 17an, berriz, Ihartek eta Fridak Elaiaren eta Oaiaren kontra jokatuko dute. Finalerdietako bi bikote irabazleek martxoaren 24an jokatuko dute finala. Ez da ariko Erika Mugartegi, aurreko bi ekitaldietan txapeldun izandako aurrelaria.
Otañok debuta egingo du Winter Seriesen, eta txapelketa berezia izango da Barrenetxearentzat ere, Durangon jaiotakoa baita. Arakistain, berriz, Ezkurdira itzuliko da, iaz osasun arazoek txapelketatik kanpo utzi eta gero. Partidak 19:30ean jokatuko dituzte, eta ETB1en ikusi ahal izango dira, astelehenetan, 22:20an.
Gizonezkoen banakakoa
Gizonezkoen banakakoa ere aurkeztu dute, bi txapelketak batera jokatuko baitira. Hor ere badira berritasunak, bai ereduari dagokionez, baita parte hartzaileei dagokienez ere. Sei puntista arituko dira lehian: Jean Olharan, Ludovic Ladutxe, Xabi Barandika, Gorka Urreisti, Aritz Erkiaga eta Johan Sorozabal. Final-laurdenetan ekingo diote txapelketari.
Astelehenean hasiko da banakakoa, eta bi partida izango dira. Lehen neurketan, Olharanek Ladutxeren aurka neurtuko ditu indarrak; bigarrenean, aldiz, Barandikak eta Urreistik jokatuko dute. Partida horien irabazleek Johanekin eta Erkiagarekin neurtuko dituzte indarrak finalerdietan. Johan izan zen iazko txapelduna, eta, Erkiaga, txapeldunordea. Erkiagak martxoaren 10ean jokatuko du lehen finalerdia, Barandikaren edo Urreistiren kontra. Sorozabalek, berriz, martxoaren 17an jokatuko du bigarrena, Olharanen edo Ladutxeren aurka.
ETXEKOLONEA OMENDUKO DUTE PARTIDETAN
Oso bereziak izango dira bihar, etzi eta igandean Ados klubaren binakakoan jokatuko dituzten partidak, Naroa Elizalde Etxekolonea omenduko baitute. Atzo hil zen pilotari zubietarra, 27 urte zituela; Adosen sortzaileetako bat izan zen
. Bihar bi partida jokatuko dituzte Agoitzen (Nafarroa), 18:00etan. Crespo eta Ayesa Gomezen eta Sagarduiren aurka arituko dira, eta, Iturriaga eta Mendiburu, Oskoz eta Agirreren kontra. Etzi, berriz, beste bi jokatuko dituzte Tolosan (Gipuzkoa), 11:00etan: Iriarte eta Sotil Cresporen eta Perezen aurka, eta, Iturriaga eta Mendiburu Aranbururen eta Mujikaren kontra. Azkenik, igandean neurketa bakarra jokatuko dute, 12:00etan Zumarragan (Gipuzkoa): Barrokal eta Arrastia Iturriagaren eta Mendibururen kontra.